Estilo jarraituaren alde

Jesus Maria Agirre Berezibar

Itzultzaile-oposizio bateko epaimahaian egotea tokatu zait. Oso delikatua eta desatsegina da inoren formulazioak epaitu beharra (erantzun beza bakoitzak bereez, eta kito), eta gainera azterketa-egoera ez da paradarik onena itzultzaile batek bere onena emateko. Hala ere, egokitu zaidan eginbeharra talaia moduko bat izan dut gaurko itzultzaile gazteen joera eta mania batzuk begiratzeko. Gaztelaniazko testu argumentatibo bat jarri zitzaien euskarara itzultzeko, txosten juridiko bat.

Erreparatu dudan lehen ezaugarria izan da itzultzaileek ia sistematikoki jo dutela gaztelaniazko esaldiak zatitzera, hari sintaktikoa etetera. Horretarako errekurtso bariatuak erabili dituzte: puntuazioa (ugariak izan dira puntuak, puntu eta komak, bi puntuak, parentesiak eta marra luzeak), koordinazioa (eta denen gainetik, hain zuzen eta holakoak ugari, hau da eta holakoak dexente, izan ere hainbat), eta anaforak (erakusleak, eta batez ere izen eta erakuslez osaturiko sintagma anaforiko astunak).

Har dezagun adibide modura esaldi hau: «Con fecha 12 de noviembre de 2008 y número de registro 14537, tuvo entrada en la Cámara el escrito de la Coordinadora de las Plataformas contra la Incineración de Gipuzkoa, constituida en comisión promotora, adjuntando la ‘proposición de ley de residuos’ en forma de iniciativa legislativa popular». Aurkeztutako 22 azterketarietatik, esaldi hori 2k bakarrik eman dute eten handirik eta anafora astunik gabe euskaraz.

Aurreko joera horrekin kontrastean, bigarren gauza erreparatu dudana izan da ezen itzulgaia oso testu formala zen arren oso gutxik erabili dituztela erlatibo postpositiboak.

Har dezagun adibide modura esaldi hau: «Este título competencial fue asimismo invocado por la Ley 3/1998, de 27 de febrero, General de Protección del Medio Ambiente del País Vasco, cuyo capítulo IV lleva por título ‘Residuos’». Esandako 22 azterketari horietatik, 4k bakarrik erabili dute zein erako erlatiboa esaldi horretan. Eta horren kontrastean, asko erabili dituzte erlatibo prepositiboak (-n…, -tako…).

Beste gauza batzuk ere nabarmendu daitezke, horien artean adibidez marka modalen erabilera urria (-ta, -ik, -z, -larik), jokoa ematen duten arren, nire ustez, lotura irekiak edo ez oso definituak egiteko, zirkunstantzia bat adierazten duten heinean.

Eta zein da nire inpresioa? Egia da testuak eta testuak daudela, egia da itzulgai bat modu batera baino gehiagotara itzuli daitekeela, baina jatorrizkoaren haria sistematikoki eteteko joera hori eta zein erlatiboaren autozentsurak erakusten duen jarraitutasun-falta hori sintoma arriskutsuak iruditzen zaizkit. Zerenak? Agian badabil gure artean kontsigna bat dioena ezen dena delakoagatik (egitura desberdinak, bi hizkuntzen egoera, gaztelaniaren gehiegikeriak) euskararako egokiena zatituta itzultzea dela, eta neurri batean nik neuk ere lagundu dut topiko hori zabaltzera Itzulpen-estrategiak liburuxkarekin. Eta agian badabil ere gure artean beste kontsigna bat dioena inporta duena ez dela estiloa, baizik eta edukia ondo ematea. Baina, kontsignak aparte, seguru nago gutako askok eten askorekin eta lotura gutxirekin itzultzen dugula euskararen baliabideak ez ditugulako behar adina menperatzen, itzultzeko orduan konfiantzarik ez daukagulako geure buruagan, euskaraz ez garelako konplexurik gabe lantzen eta finkatzen ari estilo formal bat, jarraitua baina aldi berean korritzen duena.

Behar dugu konturatu azala eta mamia batasun bat direla, behar dugu konturatu itzultzailea jatorrizkoari lotu behar zaiola azal eta mami. Hainbeste eten gordinekin eta anafora astunekin segituz, arriskua dugu euskara haurtzaro-estadioan mantentzeko, arriskua dugu itzultzaile-ofizioa debaluatzeko. Ez omen zuen ba Atxagak esan hizkera literarioa bat bera dela mundu guztian? Sentitu gaitezen libreago, jolastu dezagun hizkuntzarekin, praktikatu dezagun loturekin, kalkatu ditzagun behar adinean gure klasikoek bezala, euskaran estilo formal jarraitu hori lortze aldera.

8 Replies to “Estilo jarraituaren alde”

  1. Esango nuke sintaxi konplexuak oso ospe txarra duela gurean: esaten duzu zein gutxik erabili dituzten ZEIN erlatiboak, baina ikustekoa da non erabiltzen diren horiek gaur egun: euskal idazleen artean oso gutxik eta oso gutxi; egunkari-adizkarietan, edo irrati eta telebistako saioetan, ia hutsaren pare. Gaur egungo euskara idatziaren kanonak sintaxi errazaren aldeko apustua egin du, bihozbera izanda diot. Eta ikastola, institutu eta unibertsitateetan ere horixe topatzen dugu. Euskara jatorra halakoxea nahi baita: erraza. Eta askok eta askok eman diote beren bultzadatxoa kanon horri. Onerako ala txarrerako? That’s the question!
    Gure artean bada esan duenik ZEIN erlatiboak ere erabili beharko liratekeela… BAINA BATEZ ERE itzulpenetarako. Alegia, kanon sintaktiko bat “euskal testu jatorretarako”, eta beste bat itzulietarako. Ni, behintzat, ez nago horrekin ados, ez baita hori gertatzen hizkuntza normaletan. Goazen orain bilatzera oraingo testugile modernoen artean sintaxi konplexuko euskararen adibideak gure ikasleentzat, ea zenbat aurkitzen ditugun!

  2. Bada hemen, nire ustean, gaizki ulertu bat sano kaltegarria; alegia, argumentazio jaso orok perpaus luzeak behar dituela eitez eta izanez, ahal dela lotura ugariz eta erlatibo postpositiboez gatzpipertuak. Gogo jardunak ez balu bezala hats luzeko perpausik beste zubi-lagunik, paperera bidean, sakona izango bada sakona. Baita alderantziz ere: idatzi zuzena, hats laburrekoa eta ahozko jariotik gertukoa, sakontasun eskasekotzat jo, “Auspoa”-ko testuentzat eta balekoa, baina gisakoa ez eritzi, nonbait, bestelako langintza landuetarako (unibertsitateko testuak, idatzi teknikoak, goi literatura…).

    Nago ni funtsik gabeko aurrejuzkua ez ote den sinestea giza gogoaren produktu konplexuak joskera konplexuan eman behar direla, zehar bidean ez-dakit-zer elementu ontologikoki antzemanezin galduko ez bada. Akaso dira gauza bera genero gramatikala eta sexua? Hezur-muinetaraino gaude auzo hizkuntzek lerrarazirik. Txinera bagenu auzo hizkuntza, beste kuku batek joko liguke seguruenik. Frantsesak eta gaztelaniak gogoko dituzte, hartarakoa izanik haien joskera, eten gutxiko idazmoldeak, berba-solas kateatuak, plegu askoko esaldi luzeak… “Barrokoagoak” dira, nolabait esan, euskara baino. Haiek atzerakargarik ez, noski, eta erlatiboa ere, txitean pitean gustora asko. Euskarak ere jite edo estilo bera ote? Edo jite berekoa izatera hartaratu behar genuke guk? Ezetz uste nik.

    Bestetik, zer da “errazkeria”, Jesus Mariak gorago ekarri itzulkizunean, adibidez? “Zein”-ka, “ezen”-ka eta “-larik”-eka hasi, ala parrafoa goitik behera berregin, saltxitxak zatitzeko darabilgun aiztoa eskuan hartuta, beharrezkoa bada? Ez naiz luzatuko “sinplea” eta “erraza” gauza oso bestelakoak direla gogorarazten: sinpletasunaren bideak malkarrak dira usu, naturaltasunarenak diren bezala; eta oso nekezak, ofizio haundia eskatzen dutenak, alegia.

    Denok konforme “itzultzailea jatorrizkoari lotu behar zaiola azal eta mami”. Eta ados ere bai, nik uste, jatorrizko testu baten antzera irakurri behar dela itzulpen bat: hau da, itzultzailearen eskuak ikustezina behar du. Eta mamia ere egokitzen den bezala (eremu lexikoak ezberdinak dira hizkuntza batetik bestera), azala ere egokitu behar: joskera molde beretsuek, esaldi luze-laburren banaketak, perpausen arteko lotura eta antolaketa kalkatuek ez dute zertan inpresio bera eraginik hizkuntza batean edo bestean. Oso ariketa argigarria izan daiteke “zein”, “ezen” eta antzekoen maiztasun estadistikoa aztertzea egile eredugarrien korpus batean (ba al du inork halakorik egin?). Baina nik beste aldagai bat sartuko nuke: maiztasunak oro har konparatu, testua itzulia edo jatorrizkoa den, eta baita egile beraren idatzietan ere, egile horrek itzultzaile edo idazle jardun duen kasu bakoitzean. Ba al du inork dudarik emaitzei buruz? Galdera da: zergatik?

    1. Koldo Bigurik dioenaz aparte (hala ote dira gauzak gure artean?), nire inpresioa da ezen itzulpenaren planteamenduan agian gehiegi lehenetsi dugula aspaldion xede-hizkuntza (jatortasuna, naturaltasuna…), eta beharbada berriro itzuli beharra daukagula jatorri-hizkuntzari kasu gehiago egitera, besteak beste hartatik jasotzen ari garelako jakintza, kontzeptualizazioa… eta baita gauzak adierazteko modu bat ere, eta jatorrizkoaren estiloaren oihartzuna komeni da ahal den neurrian itzulpenean ere erreproduzitzea (nola ikasiko dugu, kopiatuz ez bada?). Beste alde batetik, formulazioak desmuntatzeak baditu bere arriskuak (kontzeptualizazioa, hierarkia tematikoa, estiloa…), eta ez dakit beti konstziente garen horretaz. Estiloak eta estiloak daude, jakina, baina zergatik estilo jarraitu bat estilo zatitu bihurtu besterik gabe, “euskal senaren izenean”? Uste dut mugatzen ari garela geure horizonteak, estilo jakin bat eremu guztietan nagusituz.

  3. Euskararako egokiena zatituta itzultzea delako kontsigna hori nik orain dela ia 20 urte neureganatu nuen, IVAPek “Hizkera argiaren bidetik” liburua argitaratu zuenean. Liburu horrek zioen administrazio-testuek komunikagarriak izan behar zutela, eta euskaraz testu komunikagarriak sortzeko eta itzultzeko gomendioak ematen zituen. Gomendio horien artean zeuden esaldi laburrak egitea eta, itzulpenaren kasuan, jatorrizkoari azal eta mami lotzea baino garrantzitsuagoa zela edukia ondo ematea. Gerora argitaratu dituen estilo-liburuetan ere IVAPek kontsigna horri eutsi dio; 2005az geroztik, baita gaztelaniarako ere. “Libro de estilo del IVAP” liburuan garbi esaten da: “construye frases cortas”.

    IVAPek “Plain Language” izeneko joeraren aldeko apustua egin zuen duela 20 urte inguru eta esango nuke joera horrek eragin handia izan duela Euskal Herriko administrazioetako itzultzaileengan. Baina Plain Language ez zuen IVAPek asmatu; Plain Language ez da euskarari lotzen zaion zerbait, munduan hainbat tokitan zabalduta dagoen mugimendu bat baizik.

    Plain Language ezagutzeko aukera izan genuen IVAPek 1995eko azaroan Donostian antolatu zituen “Administrazioaren eta herritarren arteko komunikazioa hobetu nahian: hizkera errazteari buruzko” jardunaldietan; eta gogora ekartzeko aukera izan dugu joan den astean Bilbon antolatutako honetan: “e-Komunikazioa eta Plain Language Europan: Komunikazio instituzionalaren erronkak mundu digitalizatuan.”

    Plain Language mugimenduak dioenez, administrazio-testuak herritar guztientzat dira eta herritar guztiek ulertzeko moduan idatzi behar dira, bereziki komunikazio elektronikoaren garai honetan herritarrak gero eta izapìde gehiago egin behar izaten baititugu ordenagailu bidez, bitartekaririk gabe, zerbait ulertzen ez dugunean nori galdetu ez daukagula.

    http://www.plainlanguage.gov/whatisPL/definitions/balmford.cfm

    Beharbada iritsi da azken 20 urteotan administrazio-itzulpengintzan ezarri den joera horri buruzko hausnarketa egiteko garaia. Aztertu beharko da esaldiak etenda testua arindu beharrean astundu egiten ote den, euskararen baliabideak ez ditugulako behar adina menperatzen egiten ote dugun edo eteteak mesede baino kalte gehiago dakarren; aztertu beharko da, baita ere, Plain Language mugimenduak zergatik ez duen eragin handirik izan itzultzeko etortzen zaizkigun testuak gaztelaniaz idazten dituztenenengan. Baina esaldiak etetearen kontu hori ez da euskararena bakarrik; ez da soilik euskararen senaren izenean egiten den zerbait.

  4. Esaldi laburrak egiteko kontsigna hori ez da bakarrik aplikatzen testuak itzultzeko orduan. Izan era, unibertsitateko irakasleek idatzitako testuak argitaratzeko baimena emateko zuzentzen direnean ere aplikatzen da, nik uste, nahiko sistematikoki. Zenbait gogoeta egin nahi nituzke kontu honen inguruan:

    1) Plain Language horren azpian dagoen filosofia komunikazio-egoera jakin batzuekin lotuta dago. Arrazoizkoa da aldarrikatzea administrazio-testuak herritar guztiek ulertzeko moduan idatzi behar direla. Nolanahi ere, esango nuke administrazioak sortzen dituen testuak ulergaitzak izan ohi direla eta halako erregistroa garatu dutela ulergaitz izateko komunikazio-helburua dagoelako atzean. Pentsa dezagun, adibidez, zenbat profesional bizi diren hiritarrei administrazioarekiko harremanetan laguntzetik.

    2) Komunikazio-egoera mota ugari daude eta komunikazio-egoera horiek testu mota desberdinak behar dituzte. Testu akademikoei gehienetan transmititzen dituzten ideia eta kontzeptuen konplexutasun eta abastrakziotik datorkie konplexutasuna. Eta konplexutasun horrek badu isla zuzena adierazpideen luzeran, trinkotasunean eta sistematikotasunean. Plain Language mugimenduaren kontsignek ez dute leku askorik horrelako testuetan.

    3) Egia da diskurtsoaren jarraitutasuna eta testuinguru diskurtsibo jakin batean mendeko esaldien periodo bat moztu behar den unea hizkuntza batetik bestera aldatzen direla maiz, eta lotura uzena dutela hizkuntza bakoitzaren sintaxiarekin. Nolanahi ere, esan beharra daukat mendeko esaldiak (bereziki erlatiboak) mozteko zuzenketa ugari ikusi ditudala (erakutsi dizkidatela irakasleek), sekuentziaren ulergarritasunari inola ere laguntzen ez diotenak. Ulertarrazagoa al da anafora baten bitartez lotutako edozein esaldi, erlatibozko edozein esaldi baino? Nire iritziz, inola ere ez. Esaldiaren interpretazioa egiteko, kasu bietan uztartu behar ditugu erreferentziakide diren bi hizkuntza-elementu, eta, sekuentzia egokiro antolatuta egonez gero, interpretazio azkarragoa eta zuzenagoa dute askotan erlatiboek.

  5. Plain Language hori nonahi sartzen badugu, espezialitate-hizkerak ukatzen ari gara, eta espezialitate-hizkerak, definizioz, espezialistentzat, adituentzat dira, ez herritarrentzat oro har. Zeren espezialitate-hizkerak ez baitira, nire ustez, terminologia bakarrik, baizik eta baita fraseologia ere, eta hor espezialite batean erabili ohi diren salmoldeak eta sekuentziak sartzen dira. Kontua da, nire ustez, hizkera bakar bat nagusitu nahirik gabiltzala alderoka, batzuetan hizkera zaila, b este batzuetan errqaza. Arazoa ez da hori, baizik eta hizkerak eta hizkerak lantzea, eta dagokionean dagokiona erabiltzea. Eta askeago sentitzea beti hizkuntzarekin jokatzeko eta jolasteko.

  6. Jesus Marirekin kontaktuan jarri nahi nuke. Haren/zure helbide elektroniko bat uzten ahal didazue? Eskerrik asko.
    Julian

Utzi iruzkina