Estilo jarraituaren alde

Jesus Maria Agirre Berezibar

Itzultzaile-oposizio bateko epaimahaian egotea tokatu zait. Oso delikatua eta desatsegina da inoren formulazioak epaitu beharra (erantzun beza bakoitzak bereez, eta kito), eta gainera azterketa-egoera ez da paradarik onena itzultzaile batek bere onena emateko. Hala ere, egokitu zaidan eginbeharra talaia moduko bat izan dut gaurko itzultzaile gazteen joera eta mania batzuk begiratzeko. Gaztelaniazko testu argumentatibo bat jarri zitzaien euskarara itzultzeko, txosten juridiko bat.

Erreparatu dudan lehen ezaugarria izan da itzultzaileek ia sistematikoki jo dutela gaztelaniazko esaldiak zatitzera, hari sintaktikoa etetera. Horretarako errekurtso bariatuak erabili dituzte: puntuazioa (ugariak izan dira puntuak, puntu eta komak, bi puntuak, parentesiak eta marra luzeak), koordinazioa (eta denen gainetik, hain zuzen eta holakoak ugari, hau da eta holakoak dexente, izan ere hainbat), eta anaforak (erakusleak, eta batez ere izen eta erakuslez osaturiko sintagma anaforiko astunak).

Har dezagun adibide modura esaldi hau: «Con fecha 12 de noviembre de 2008 y número de registro 14537, tuvo entrada en la Cámara el escrito de la Coordinadora de las Plataformas contra la Incineración de Gipuzkoa, constituida en comisión promotora, adjuntando la ‘proposición de ley de residuos’ en forma de iniciativa legislativa popular». Aurkeztutako 22 azterketarietatik, esaldi hori 2k bakarrik eman dute eten handirik eta anafora astunik gabe euskaraz.

Aurreko joera horrekin kontrastean, bigarren gauza erreparatu dudana izan da ezen itzulgaia oso testu formala zen arren oso gutxik erabili dituztela erlatibo postpositiboak.

Har dezagun adibide modura esaldi hau: «Este título competencial fue asimismo invocado por la Ley 3/1998, de 27 de febrero, General de Protección del Medio Ambiente del País Vasco, cuyo capítulo IV lleva por título ‘Residuos’». Esandako 22 azterketari horietatik, 4k bakarrik erabili dute zein erako erlatiboa esaldi horretan. Eta horren kontrastean, asko erabili dituzte erlatibo prepositiboak (-n…, -tako…).

Beste gauza batzuk ere nabarmendu daitezke, horien artean adibidez marka modalen erabilera urria (-ta, -ik, -z, -larik), jokoa ematen duten arren, nire ustez, lotura irekiak edo ez oso definituak egiteko, zirkunstantzia bat adierazten duten heinean.

Eta zein da nire inpresioa? Egia da testuak eta testuak daudela, egia da itzulgai bat modu batera baino gehiagotara itzuli daitekeela, baina jatorrizkoaren haria sistematikoki eteteko joera hori eta zein erlatiboaren autozentsurak erakusten duen jarraitutasun-falta hori sintoma arriskutsuak iruditzen zaizkit. Zerenak? Agian badabil gure artean kontsigna bat dioena ezen dena delakoagatik (egitura desberdinak, bi hizkuntzen egoera, gaztelaniaren gehiegikeriak) euskararako egokiena zatituta itzultzea dela, eta neurri batean nik neuk ere lagundu dut topiko hori zabaltzera Itzulpen-estrategiak liburuxkarekin. Eta agian badabil ere gure artean beste kontsigna bat dioena inporta duena ez dela estiloa, baizik eta edukia ondo ematea. Baina, kontsignak aparte, seguru nago gutako askok eten askorekin eta lotura gutxirekin itzultzen dugula euskararen baliabideak ez ditugulako behar adina menperatzen, itzultzeko orduan konfiantzarik ez daukagulako geure buruagan, euskaraz ez garelako konplexurik gabe lantzen eta finkatzen ari estilo formal bat, jarraitua baina aldi berean korritzen duena.

Behar dugu konturatu azala eta mamia batasun bat direla, behar dugu konturatu itzultzailea jatorrizkoari lotu behar zaiola azal eta mami. Hainbeste eten gordinekin eta anafora astunekin segituz, arriskua dugu euskara haurtzaro-estadioan mantentzeko, arriskua dugu itzultzaile-ofizioa debaluatzeko. Ez omen zuen ba Atxagak esan hizkera literarioa bat bera dela mundu guztian? Sentitu gaitezen libreago, jolastu dezagun hizkuntzarekin, praktikatu dezagun loturekin, kalkatu ditzagun behar adinean gure klasikoek bezala, euskaran estilo formal jarraitu hori lortze aldera.

Bat dira bi

Jesus Maria Agirre Berezibar

Inpresioa nuen Euskalterm arlo batzuetan halako saski-naski bat bihurtuta zegoela, dispertsio handiegia zeukala hainbat terminoren ordainetan. Pentsatua nuen, gainera, nonbait planteatzea ea komeni ez ote zen garbitu bat ematea (Terminologia Batzordeak edo), iritzirik termino batzuen kasuan ebatzi bat hartu beharra zegoela bi edo hiru ordainetatik bat hartzeko.

Eman nuen atzo begiratu arin bat Euskaltermen, eta nire barrutiari dagokionez ohartu naiz dispertsioa baino gehiago dualitatea dagoela, eta lasaitu txiki bat hartu nuen, egoera ez baitzait iruditu nik uste bezain grabea. Hona adibide batzuk:

interpelación: jabeldura, interpelazio

ponencia: txosten/talde txostengile [Legebiltzarrean lantalde]

comité: batzorde, lantalde, komite…

institución: erakunde, instituzio…

(consejo) rector: artezkaritza, errektore…

actividad: jarduera, aktibitate…

asistencia: laguntza, asistentzia

diversidad: aniztasun, dibertsitate

variedad: askotarikotasun, barietate

solidaridad: elkartasun, solidaritate

ejecutar: betearazi, egikaritu, burutu, gauzatu, exekutatu…

urgente: presako, berehalako, premiazko, urgente

Esan dudanez, uste nuen txarragoa zela egoera. Erreparatzen badugu, dualitatea gehienbat hitz propioz eta maileguz osatuta dago. Beste gauza bat ere hauteman daiteke: mailegua gehiago agertzen da arlo teknikoetan (informatika) eta oraintsueneko bildumetan (Administrazio sanitarioa), eta hitz propioa, ordea, gehiago arlo sozialetan (zuzenbidea, politika, hezkuntza…), non aspaldi finkatu baitziren terminoetako asko.

Hiru ondorio xume atera daitezke datuotatik. Bat, arlo zientifiko-teknikoetan agian bestetan baino aurreiritzi linguistiko edo karga ideologiko gutxiagoz jokatzen dute, edo agian unibokotasuna zorrotzago gorde behar dute. Bi, adibideetako hitz propioak askotan adiera orokorragokoak edo hizkera-maila arruntagokoak dira maileguak baino. Eta hiru, hitz propioz osaturiko hainbat terminorekin egina dugu dagoeneko 25-30 urteko tradizio bat, kolpean iraultzea komeni ez zaiguna.

Hona iritsita, gogora etorri zait Xabier Amurizaren hura: «Ez dago gaia konfrontazio bihurtu beharrik. Hitz komuna eta ustezko euskal ordaina sinonimotzat utz litezke, elkarren lagun. Duda kasuan, biak jasotzea da gutxien kostatzen dena, bataren ala bestearen errotzea (edo biena) erabileraren esku utziz» (Zazpi ebidentzia birjaiotzarako, 247).

Ez zait okurritzen beste biderik.

Hitzak

Jesus Maria Agirre Berezibar

ETC corpusaren berriak hitzen kontua ekarri dit gogora. Gogoratu dit, batetik, oraintsu Itzul zerrendan iraunkor, jasangarri, sostengagarri dela-eta izan dugun eztabaida luzea, eta bestetik, duela bi urte Xabier Amurizak gure gaur eguneko hiztegiez egiten zuen salaketa. Hitzen auzia, beraz.

Uste dut bide gorabeheratsua egin dugula arlo honetan batasunaren hasieratik, edo agian hobe dut esatea denborak bere bidea egin digula hitzen errealitatea inposatuz. Nondik gatozen ikusteko, gogora dezagun Euskaintzadiak 1959an, garbizaletasunari galga jarri nahirik, egindako adierazpena: «Euskal hitzak dira euskara bizian sustraituak daudenak». Gero, batasuna abiatuta, beste ertzetik, galga maileguen uholdeari ezarri nahi izan zitzaion (Ibon Sarasola, Euskal hitzez, 1989): «Gurea bezalako hizkuntza txiki eta menderatuek garbizaleak izan behar dute. Hori da munduan zehar legea. (…) Txikiak, indargabeak ezin du eskuzabalki jokatu. (…) Gaztelaniaren adigai-egitura gure hizkuntzara aldatzen ari gara, besterik gabe. (…) Euskararen erdalduntzea euskararen galtzearen prozesuaren beste aldea besterik ez da».

Hamarkadak pasa dira, eta orain Xabier Amuriza datorkigu salatzera garbizaletasunak gure artean bizirik dirauela eta gure egungo hiztegietan «sinonimoen eta antzekoen ugalmenak, argitasuna baino areago, kontzeptua zorabiatzea dakarrela» (Zazpi ebidentzia birjaiotzarako, 2011), eta datorkigu aldarritzera geurenagatu behar dugula eskrupulorik gabe mendebaldeko ondare komuna (gaztelania, frantses eta ingelesak erkide dutena), hitzak «argiak eta bereiziak» izan daitezen. Eta gure egoeraren diagnostiko moduko bat ere utzi digu: «Jakina da euskararen garapena estrangulaturik gelditu zela, garbizaletasun fundamentalista zela bide. Euskal hizkuntzalaritzan autoritate sakratu bat bilatu behar balitz, askok Mitxelena aipatuko lukete. Sarritan entzun dut Mitxelenak erdibidetik jo zuela. Hori egia bada, erdibidea ez ote zen leundu nahi zen mutur-bidea baino okerragoa? (…) Oraindik erdibide suizidatik irten ezinik gabiltza» (Euskara batuaren bigarren jaiotza, 2010).

Hitzena da euskaran nire ahalegintxoetan gutxien landu dudan arloa. Beste atal batzuetan bezala, lanean eta urteetan aurrera egin ahala, hemen ere ibilbide intuitibo bat egin dut, jarrera itxi edo garbizaleagoetatik jarrera ireki edo maileguzaleagoetara. Bestalde, iruditzen zait beti egongo direla garbizaleak eta ez hain garbizaleak, hizkuntzak berea baitu dialektika hori.

Nolanahi ere, inpresioa dut ikuspegi-aldaketa handi bat gertatu dela gure artean lehendik orainera: lehen erdigunea hizkuntza genuen batez ere, eta orain, ordea, hiztuna edo hizkuntza-erabiltzailea dugu gehiago. Alegia, ondorioztatu dugu hizkuntzak tresna hutsak direla, eta komunikazio-beharrizanak, ordea, hiztunek dauzkatela eta hizkuntzak beharrizanok asetzeko balio behar diela. Ikuspuntu honetatik, uste dut gaur hizkuntza-erabiltzaile asko lehen baino maileguzaleago dela ez utzikeriagatik edo setakeriagatik gehienbat, baizik eta agian helduago, jakintsuago, konformagaitzago edo libreago delako. Nik behintzat, hiztegiek ematen didatenak asetzen ez banau, mailegura jotzen dut lasai asko.

Igone Zabalak Corpusak eta hiztegiak artikuluan dio «hiztegien eta corpusen arteko harremana gurpil zoro baten modukoa dela», corpusek erabilera jasotzen dutelako, bai, baina hiztegiek baldintzatutako erabilera. Euskal hiztegiak, gaurko egoeran, oro har nahiko garbizaleak dira, euskararen argazki partziala ematen digute, baina hizkuntza-erabiltzaileok ezetsi ere egin genitzake hiztegien proposamenak. Corpusek emango digute, Igone Zabalaren hitzetan, «euskaldun asko eta askoren erabilera partekatu errealaren berri», eta horietan elikatuta osatuko dira hiztegi berriak. Eta dialektika horretan egingo dugu aurrera, beste arlo batzuetan bezala, hitzen kontuan ere, gero eta argazki osoagoa lortuz. Ongietorria, beraz, ETC corpusari.

Forma edukiaren lagungarri

Jesus Maria Agirre Berezibar

Batzuetan gogo gutxi izaten da lanerako eta, gainera, ezer gutxi aportatzeko, eta gaur dut horietako egun bat. Hala ere, konpromisoak bete egin behar baitira, itxuraz munta txikikoa baina aldi berean oinarrizkoa den puntu batez arituko naiz gaurko entregan: azalak nola lagundu dezakeen mamia hobeto adierazten, edo forma-jokoek nola argitu dezaketen edukia.

Alde batetik daukagu batasunaren jokoa. Adibidez, multzo kontzeptualetan hobe da seriearen azkenean marka bakarra jartzea, batasun semantikoa baliabide sintaktikoz berresteko (marken ekonomia). Hona hemen testu juridiko bateko enumerazio bat eta bikote batzuk, Nekazaritza eta Elikadura Politikako Legearen aldaketa-legetik hartuta:

La comercialización de productos o materias y elementos para la producción y comercialización agroalimentarias sin el etiquetado, rotulación, presentación, embalajes, envases o recipientes que sean preceptivos.

Elikagaigintzako produktuak edo elikagaiak produzitzeko materiak eta elementuak komertzializatzea aginduzkoak diren etiketarik, errotulaziorik, aurkezpenik, bilgarririk edo ontzirik gabe.

Aginduzkoak diren etiketa, errotulazio, aurkezpen, bilgarri edo ontzirik gabe komertzializatzea nekazaritza eta elikadurako produktuak, edo nekazaritza eta elikadurako produkzio eta komertzializaziorako materia eta elementuak.

Beste alde batetik daukagu berdintasunaren jokoa, hau da, paralelismoa. Alegia, adierazi biren berdintasuna markatzeko errepikatu egin daiteke adierazle bat, gauzak argiago uzteko, berdintasun semantikoa berdintasun sintaktikoz berretsiz (marka berdinak). Joko honetan, errepika daitezke deklina-markak, posposizioak, preposizioak, hitz-elkarketako osagaietako bat, erreferentzia anaforikoak, aditzaren jokoa… Hona adibide bat aurreko lege beretik hartuta:

Sectores de actividad de la industria agraria y alimentaria y comercialización de productos agrarios y alimentarios que deberán contemplarse en el Registro de Industrias Agrarias y Alimentarias de la Comunidad Autónoma del País Vasco:

Hauek dira Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintza Industrien Erregistroan jaso beharko diren nekazaritzako eta elikagaigintzako industrien eta nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuak komertzializatzearen jarduera sektoreak:

Honako hauek dira Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikadura Industrien Erregistroan jaso beharko diren nekazaritza eta elikadurako industrien jarduerako sektoreak eta nekazaritza eta elikadurako produktuen komertzializazioaren jarduerako sektoreak:

Eta beste alde batetik daukagu ezberdintasunaren jokoa, hots, kontrastea. Hau da, adierazi biren ezberdintasuna markatzeko, adierazle ezberdinak erabiltzea da onena, ezberdintasun semantikoa ezberdintasun sintaktikoaren bidez berretsiz (marka ezberdinak). Kontraste-jokoa egin daiteke elementu hauek baliatuta: aditz jokatua eta jokatugabea, izenlaguna eta izenondoa, genitiboz lotutako hitza eta hitz-elkarketa, bi genitiboak, adierazi bereko postposizio, juntagailu eta menderagailu ezberdinak… Hona hemen adibide bat Euskadiko Ondareari buruzko Legetik hartuta:

Cuando fuera declarado desierto un previo procedimiento de concurrencia, siempre que no se modifiquen las condiciones originales y no haya transcurrido más de un año desde la fecha de celebración de dicho procedimiento.

Aurretiaz, lehia-prozeduraren bat esleitu gabe utzi bada, baldin eta jatorrizko baldintzak ez badira aldatu eta prozedura hori egin zenetik ez bada urtebete baino gehiago pasa.

Aurretiaz lehia-prozeduraren bat esleilu gabe utzi denean, baldin eta jatorrizko baldintzak aldatu ez badira eta prozedura hori egin zenetik urtebete baino gehiago pasa ez bada.

Beraz, hiru forma-joko (marken ekonomia, paralelismoa eta kontrastea) edukiaren lagungarri (batasuna, berdintasuna eta ezberdintasuna nabarmentzeko). Hau ez da gramatika-kontu bat, baizik eta zerbait oinarrizkoagoa, estilo-kontu bat, komunikazio-senak aktibatu dezakeena.

Aparteki sintaktikoak

Jesus Maria Agirre Berezibar

Aparteki sintaktikoak, hitzak dioenez, aparte batzuk dira, idatzizko jardunaren bereizgarriak, parentesiz edo marraz adierazi ohi direnak. Eten egiten dute hari sintaktikoa, gutxiago aurreko adieraziarekin konkordantzian doazenean, gehiago konkordantziarik gabe azaltzen direnean. Apartekien bidez adierazi sekundario batzuk eman ohi dira, informazio edo balorazio osagarriak. Eten horiek traba ez bihurtzeko, esan daiteke ezen, eraketari dagokionez, komeni dela laburrak izatea, ahal dela konkordantzia edukitzea eta beti ere ez kokatzea kate sintaktikoaren toki sensibleetan (genitiboen ondoren, galdegaiaren ondoren), eta testu-motei dagokienez, agian ez liratekeela erabili behar testu formal batzuetan, adibidez testu dispositiboetan. Apartekien erabileran, beraz, sen ona eta gutxieneko trebetasun bat behar dira.

Badira nire gustuko idazle batzuk apartekietara erruz jotzen dutenak testu argumentatibo, esplikatibo eta baloratiboetan. Normalean, zehaztapen eta ñabardura ugariko idazkera trinko bihurria izan ohi dute, eta estilo hori nekosoa den arren, barkagarri egiten zait, beren idazkiek, mami eta azal, izan ohi duten zorroztasunagatik. Horietako bat Carlos Arribas El Paiseko kirol-artikulugilea da (adibide guztietan azpimarren bidez nabarmendu ditut apartekiak):

No era su primer prólogo una carrera especial porque siempre la victoria lleva aparejado el maillot amarillo—, ni el segundo, ni el tercero de Cancellara, un verdadero especialista, un hombre habituado a ese tipo de orgasmo, sino el quinto (en el Tour solamente: también ha dejado su sello en Luxemburgo, en Suiza, en California, en la isla de Rodas), lo que convierte su alegría en algo más que sorprendente, extraordinario.

Euskaraz ere badira apartekien erabiltzaile abantailatu batzuk, nire iritziz adierazpenean eranskin zukutsuak sartzen dituztenak, nahiz eta adibide batzuetan hari sintaktikoa dexente trabatzen duten. Hona hemen Juan Garziaren bi pasarte, Joskera lantegi liburutik hartuta:

Zorionez edo zoritxarrez (halako balorazioak ez dagozkit niri), euskarak badu (eta hori gabe ez da euskara) bere egitura diogunez aski berezi eta alde batzuetatik guztiz auzo-erdaren antipodikoa. (…) Txikiak gara, gutxi, eta inguruko auzoko eta bertoko hizkuntzen aldean beste planeta batekoa izateko itxura edo du gureak: edo ondo antipodetakoa, bederen (euskaraz egiten zeneko Paradisu galdu hura han ote?).

Hurrengo hau Iñaki Segurolarena da, Arrazoia ez dago edukitzerik liburutik hartuta:

Hemengo nahasmendu eta kale-giro politizatuak bukatu zirenean (Gataxka betikotzea bere odol, malko, biktimismo eta martirologioarekin ez nuen politikatzat jotzen), toki okupatuak eta autogestionatuak sortu ziren han-hemenka (ederki), eta jende bal azaldu zen bere burua zerekin okupatu eta autogestionatu ez zekiena (zatarki) eta, besterik ezean, espezie eta sexu desberdinen inguruko babokeriak banderatzat hartu zituena.

Esan bezala, autore batzuen estilo-ezaugarritzat jo daiteke apartekien baliatze ugaria. Nire arlo profesionalera pasatuz (itzulpen juridikoa), iristen zaizkidan euskarako itzulpenetan (lege-proiektuak) iruditzen zait aski indiskriminatuki erabiltzen direla apartekiak, baliabide unibertsal balira bezala, pixkat bereizi gabe testu-motak, estiloak eta testuinguruak. Baliteke Amurizak aipatzen duen “artazien erabilera”ren emaitzetako bat izatea, Administrazioari dagokionez hartan euskara argi-erraza erabiltzearen aldarriarekin zabaldu dena. Hona hemen adibide bat, legealdi berriko lehenengo lege-proiektukoa (aparteko ordainsariak), zioen azalpenetik hartuta:

Ikuspegi materialetik begiratuta eta aurrekontu izaera alde batera utzi gabe, ekimen hori guztiz legitimoa da, Autonomia Erkidegoak funtzionario publikoen erregimenean duen eskumenaz Autonomia Estatutuaren 10.4 artikuluan aitortzen da eta sektore publikoko langileen erregimen juridikoan esku hartzeko aukera ere ematen dio nahiz Euskadiko sektore publikoaren arloan duen eskumenaz Estatutuaren 10.24 artikuluan aitortutako eskumen esklusiboa baliatuta gauzatu baita.

Legeak testu formalak dira eta legeen estiloan printzipioz desegokia litzateke halako etenak egitea; hala ere, apartekiak kasu honetan legearen alde argumentatiboan kokatuta daudenez, salbuespentzat har daitezke. Ordea, testuinguru sintaktikoari dagokionez galdegai-posizioan kokatuta daude besteak beste, eta estiloari dagokionez eten luzeak, komunztadura gabeak eta segidan doazenak dira; ondorioz, hari-puntada desegokiak dira nire ustez, josi baino gehiago urratu egiten dutenak. Nire iritzian, testu-mota inpertsonal eta formal horri hobeto doakio estilo kateatu bat, holakoa adibidez:

Inplikatutako gaiaren ikuspegitik begiratuta, eta eman nahi zaion aurrekontu-izaeraz haratago, argi dago ekimen hau Autonomia Erkidegoaren eskumenen erabilera legitimo bat dela, Erkidegoak eskumena daukalako funtzionario publikoen erregimen juridikoaren arloan, Autonomia Estatutuaren 10.4 artikuluak aitortuta, horrek aukera ematen diolarik gainera sektore publikoko langileen erregimen juridikoari buruz jarduteko, eta eskumen esklusiboa orobat euskal sektore publikoaren arloan, Estatutuaren 10.24 artikuluak deklaratuta.

Bestetan bezala, apartekiak baliabide bat gehiago ditugu, bai, baina ez da komeni nonahi eta indiskriminatuki erabiltzea. Hari sintaktikoa eten egiten dutenez gero, uste dut, besteak beste, ez dela egokia apartekiak testu-mota batzuetan erabiltzea eta desegokia dela testuinguru sintaktiko batzuetan kokatzea.

EZENen beste erabilera bat

 Jesus Maria Agirre Berezibar

Batzuek pentsatuko dute Xabier Amurizaren propagandista bihurtu naizela. Niri, ordea, harrigarria egiten zait zer eztabaida gutxi piztu duen, itxura batean, itzultzaile-jendearen artean bere Zazpi ebidentzia birjaiotzarako liburuak, nahiz eta euskara estandarraren muineko arazo batzuk plazaratu dituen, alternatiba ausartak, horietako batzuk diskutigarriak, eginez. Ni oraingoan ere sintaxiako puntu bati lotuko natzaio, pentsaturik ekarpen funtzional eta onargarri bat egiten duela Amurizak euskararen koxka baten inguruan.

Ezer baino lehen komeni da aztergaia ondo kokatzea dagokion ingurumarian. Amurizaren hitzez baliatuz, batetik daukagu «gure atzekoz aurrerako sintaxi zorioneko hori»; bestetik, batzuetan sintaxia hori inberbitu nahia sortzen da, «behar delako, komeni delako, edo, soilki, halaxe egiteko kapritxo literarioa dugulako»; azkenik dio «hizkuntza garatu baten sintaxiak ezin du sinplea izan, konplexua baizik», eta euskararentzat erreklamatzen du «sintaxi adultu bat», «artazien metodo primario»tik haragokoa.

Nik neurez gogoeta merke batzuk erantsiko ditut. Lehenik, beharrizanak sortzen du organoa, beraz beharrizan komunikatiboak sortzen ditu baliabide linguistikoak, eta ondorioz, sintaxian behar dugu askatasuna bai baina batez ere automatismoak eta baliabide funtzionalak. Bigarren, komeni da progresio linguistikoa eta tematikoa eskutik joatea, direkzio berean, eta ez elkarren kontrakoan, bestela gure adierazpena ez da funtzionala izango. Azkenik, hizkuntza baten hizkera jasoan esamolde berriak probatu eta plazaratu daitezke, eta horiek baliteke hasiera batean behartu-kutsu bat edukitzea, baina erabiliaren poderioz onarpena lortu dezakete.

Eta noan orain hizpide neukan kontura: EZEN, izen baten menpeko perpausen iragarle. Amurizak dio: «Ez nuke esango erlatiboa bezain garrantzitsua, baina izen baten menpeko perpausen egitura hau neurtezina da bere maiztasun eta aplikazioan. Azalpen akdemikoetan ez dakit zenbateraino, baina literaturan etengabe topo egiten da beragaz. Itzulpenetan ere, bera dateke, seguruenik, itzultzaileen buruhauste nagusietako bat. Soluzio oso zehatz, erraz eta praktikotzat EZEN partikula proposatzen nuen, eta horretan darrait. Izen baten menpeko funtziodun partikula honek ondoren etor daitekeen konplexutasun guztiaren jakitun jartzen zaitu. (…) Konplexutasuna errazteaz gainera, beste esprezio modu bat eskaintzen du, esaldi laburrago eta errazagoetan ere, elementuen kateatze diferenteak posibletuz».

Eta adibide batzuk ematen ditu, erreferentziako izen hori agertzen delarik nominatiboan edo beste kasu batzuetan, soilik edo izenondoekin edo izenlagunekin, bera bakarrik edo esaldi batean sartuta:

  • Nire gogoan, mirariaren kontzientzia irrefutable bazen, haren fedean ez zen txikiago konbikzioa ezen inspirazio zerutar batek bultzatu zuela nigana.
  • Arrisku alua bestea zen, infernuaren beldurragaz batera, zeruaren fedea galtzea, mendeak igaro ondoren kontsignaz ezen ez zela komeni zeruaren poza gehiegi zabaltzerik, sinestunen euforia sumisioen gainera igo ez zedin.
  • Denbora, denbora dirdaikorra, seminariotik etxerako bezpera eta gau delirante haietan bezalatsu nabari dugu, zoramen erantsiagaz ezen, oraingoan, geuk ez bestek ez dakiela, ez duela imaginatzen ere, bihar etxera goazenik.
  • Batzuentzat mirariz, beste batzuentzat paradoxaz, izaera moraletik at bizi den arte-senak (artista humanoki ankerrenak ere berdin hunki zaitzake) ilusio orokorra sentiarazi zuen ezen musikaren eragin zirraragarri hura diktadorearen emanazio bat zela.
  • Separazioa sakondu egingo da, ondoriozko arriskuz ezen eliz autoritatean defentsa-erreakzio estremo bat eragingo duela, botere zibilean babestuz.

Erabilera horri buelta eta errebuelta eman ondoren, onargarria iruditzen zait (erabilera minoritario eta literario gisa, noski), mekanismoa sinplea eta oso funtzionala delako. Badakit adierazi horiek emateko egitura kanonikoa «atzekoz aurrerako sintaxi zorioneko hori» dela («zuelako konbikzioa»), baina horixe da ba koxka, batzuetan ez dela funtzionala. Eta, hizkera jasoan gutxienez, zilegi da egitura zurrun batzuen ordez alternatiba linguistikoak plazaratzea eta probatzea, geroaren esanaren zain. Eskerrik asko Amurizari bere ekarpenagatik.

Erlatibo murrizgarriak erresuntiboen bidez

Jesus Maria Agirre Berezibar

Xabier Amuriza jo eta ke ari zaigu aspaldion euskara batua osaberritzeko lanean, helburu duelarik euskara inguruko hizkuntza garatuen parean jartzea baliabide estrukturalei dagokienez (ikus Zazpi ebidentzia birjaiotzarako, 2012). Konkretuki, erlatibo murrizgarrien kasuan, izen sintagma erlatibizatua kasu markarekin errekuperatze aldera, sistematikoki erresuntiboetara jotzea proposatzen du. Berria egin zait erresuntibo hitza, eta gauza berriak, berandu bada ere, ikasteko prest izaki, jo dut gramatika batzuetara eta ikusi dut haietaz hitz egiten dutela, besteak beste, Xabier Alberdik (Euskal estilo-libururantz) eta Carlos Cid Abasolok (Sareko euskal gramatika, «Perpaus erlatiboak»).

Ni bezain ezjakinak gogoan hartuz, zer da erresuntibo izeneko baliabide hori? Cid-en hitzetan da «izen sintagma erlatibatua ordezkatzen duen izenordain edo adberbioa, kasu erlatibatua bere gain duena». Beraz, anafora bat dugu, erlatiboarekin konbinazioan erabilia. Hona bi adibide Cid-ek berak aipatzen dituenak: «Berari buruz ezer egiaztatzerik ez dagoen izaki horietakoa zen Bartleby» (Juan Garzia), «Ez dakit nork esan zuen memoria dela bertatik bota ezin gaituzten paradisu bakarra» (Anjel Lertxundi).

Nire lanean konturatu nahiz ezen gaztelaniazko ahozko interbentzio parlamentarioetan ere erabiltzen dela jokabide hori, QUE markarik gabe emanez eta QUEri legokiokeen marka, geroago, erakusle bidez adieraziz: «Un ejemplo de una persona que hemos tramitado su expediente», «Una cifra que llevamos muchos años con la misma». Euskaraz ere badakar Cid-ek ahozko adibide bat: «Amets zoragarri bat izan zalako neretzako egi bihurtu dena baina prezio haundia ordaindu behar izan dana honengatikan».

Kontua da Amurizaren adibideetako hainbat gordin eta ilun samarrak egin zaizkidala, testua ondo jarraitze aldera bi aldiz irakurri eta gogoeta egin beharrekoak. Oro har, ez zait iruditzen oso funtzionala euskal erlatibo murrizgarriek daukaten egiturazko defizita sistematikoki erresuntiboen bidez konpontzea. Arrazoiak hauek izango lirateke:

  1. Erlatibo arrunta euskararen mendeko egiturarik zurrunena da (izenlaguna, izen bati aditzaren bidez lotua), eta halako egituran izenarekiko erreferentzia aditzaren bidez barik erakusle baten bidez egitea maniobra bihurri eta behartu samarra egiten zait. Cid-ek dakarren adibide bat nahasgarria litzateke: «Zein da harekin bizitzera behartu nahi nauen neska?».

  2. Anafora erreferentzia bat atzetik errekuperatzeko erabiltzen da normalean, eta erlatibo arruntean erresuntiboak aurretik errekuperatzen du normalean, deskodetzen zailago dena. Cid-ek aipatzen duen Harkaitz Canoren adibide bat: «Haien falta hainbeste sumatzen duen eguzki izpiekin gogoratzeko modu bat izan da, tarte batez». Amurizaren adibide batk: «Hartaz akusatua den bere sermoia entzun al zenuen?». Horregatik, erresuntiboa hobeto dekodetzen da erreferentziarekin lotura zuzena duen hitz bat aurretik daukanean. Amurizaren adibidea: «Hemen duzue sekula beragatik txarrik esango ez nukeen laguna».

  3. Beharrezkoa da semantikak edo testuinguruak laguntzea erresuntiboa natural samar gelditzeko. Amurizaren adibidea: «Gero beragaz ezkonduko nintzen neska honi lehen komunioa neuk emana nion».

Ikusi dut jokabide hau beste hizkuntza batzuetan ere erabiltzen dela, ikusi dut iparraldeko euskal tradizioan ere erabili dela (baina erlatibo ez-murrizgarriekin), ikusi dut hegoaldean Altubek eta Etxaidek baliatu dutela. Hala ere, oro har, egitura behartu samarra eta deskodetzeko zaila iruditzen zait erlatibo murriztaileen kasuan, nahiz eta erabilera solte batzuk onargarriak izan daitezkeen. Azken finean, baliabide hori erabiltzea litzateke euskararen eraketa prepositiboari anafora bihurri bat eranstea, horrek komunikaziorako dakartzan oztopoekin (aurrekarga, erreferentzien iluntasuna).

Hizkera juridiko-administratiboan esamolde prepositibo berriak hedatu beharra

Jesus Maria Agirre Berezibar

Elite profesionalek espezialitate-hizkerak garatu ohi dituzte, beren adierazpen-beharrei erantzuteko. Espezialitate-hizkerak, nonahi, hizkuntzaren erabilera arruntaz bestelakoak izan ohi dira hainbat puntutan, funtzionalak eta aldi berean sektore jakin baten bereizgarri modukoak. Normalean estilo kultu, trabatu eta hedatu bat bilatu ohi da espezialitateko hizkeran.

Gurean, hizkera administratibo-juridikoari dagokionez, alderoka ibili gara trantsizioa abiatu zenetik. Hasiera batean gaztelaniako eredu espezializatua imitatu genuen nahiko zurrun, molde purista baten edo molde maileguzale baten eskutik. Jokabide hori gehiegizkoa iruditurik, salto egin genuen euskara arruntera, eta esan genezake gaur egun oinarrizko euskara hori dugula abiapuntu, dela erabilera sinpleago dela konplexuago batean, gure espezialitateko hizkeran.

Alabaina, elite profesionalek (gure kasu honetan eragile juridikoak) espezialitate-hizkera (gure kasu honetan euskara juridiko-administratiboa) eratzeko duten eginkizun hori, neurri batean, motz, burutu gabe daukagu oraindik, agian batez ere praktika profesional errealaren faltagatik (hots, inposturagatik, itzultzaileak ari baitira hizkera hori finkatzen, eta ez gehienbat profesionalak).

Ausartzen naiz esatera ezen garabideko hizkuntzek, nola eta, hizkuntza hegemonikoak imitatuz, haiek kopiatuz (mailegatuz edo kalkatuz) garatu dituztela beren espezialitate-hizkerak. Gurean, ordea, oinarrizko hizkeraren ingurumarian gabiltza aspaldion bueltaka, benetan ausartu gabe (anbizio faltagatik, kastizismo eta purismoagatik…) espezialitate-hizkeraren eraketan aurreratzen.

Kontu hau garbi ikus dezakegu lokarri prepositiboen kasuan. Gure tradizio literarioan sistema preopositibo nahiko hedatua eratu zen, hizkuntza erromanikoak kalkatuz. Hor daukagu ETAren saila: “harik eta”, “zeren eta”, “baldin eta”, “baizik eta”, “nahiz eta”, “bai eta”, “ustez eta”, “noiz eta”…. Hor daukagu orobat HALAren saila: “hala nola”, “halatan non”, “halako moldez non”… Hor dugu ere EZEN konjuntiboa. Hor da orobat erlatibo erromanikoa: “zeina”, “non”… Hor dugu bestalde erakuslea, lokarri prepositibo gisa ere erabiltzeko: “era horretara”, “hartarako”…

Tradizio literarioan hasitako bidea, ez eten, baizik eta osatu eta aberastu egin beharko genuke, hizkera juridiko kultu eta funtzional bat sortzeko. Ildo horretan, helburuzko esapide prepositibo bat falta zaigularik, ETAren sailean “amorez eta” proposatuko nuke, “amoreagatik” zaharretik abiatuta. Erlatibo erromanikoa onartu beharko genuke erabilgarria ez ezik bultzatu beharrekoa dugula, erlatibo esplikatiboetatik agian espezifikatiboetara ere inoiz pasatuz.

Gaztelaniaz “cuyo”, “con el que”, “entre los cuales”, “con el fin de”, “bajo la condición de”, “con el argumento de que”, “bajo el pretexto de que” eta holakoak ez dira erabiltzen hizkera arruntean, baizik eta maila kultu batean. Guk ere esapide prepositibo kultuak eratu eta finkatu beharko genituzke, prosa juridikorako egokiak. Halako esamoldeak nominalizazio batean oinarritu ohi dira, eta nik proposatzen dut batez ere IZAN aditzaren gerundioaren inguruan eratzea: “asmoa izanik”, “helburua izanik”, “baldintza delarik”, “arrazoia delarik”, “aitzakiatzat hartuz”… Alegia, “kontuan izanik”, “aintzat harturik” eta holakoen bidetik.

Euskara juridiko-administratiboari dagokienez, korritzen duen hizkera bat behar dugu, euskara “korrientea” (haria argi jarraitzekoa), baina beste alde batetik espezialitatekoa, hots, kultoa eta trabatua, eta horretarako beharrezkoa dugu ez bakarrik orain arteko lokarri prepositiboak erabiltzea, baizik eta gainera esapide prepositibo berriak finkatzea.