Aldea eta xehetasunak

Igone Zabala Unzalu

Bereziak izaten dira beti hasierak eta bukaerak, eta ikasturte honetako azken ekarpenerako berezitasunaren bila inoiz burutik pasatu zaizkidan gaiekin bueltaka ari nintzenean, PPren karteletako ALDE leloak eragindako irri, trufa eta denetariko iritziak etorri zaizkit bila: hitzaren anbiguotasuna, horrelako leloak espainoletik itzultzeak halako emaitzak dakartzala, euskararekiko begirune eza, harridura-markaren gorabeherak… Baina, nago espainolezko leloan bertan datzala anbiguotasuna, hutsaren hurrengoa baita a favor leloak duen esangura. Bilatutako esanahirik eza dela ere esango nuke, gainera, oinarrizko sintaxiak a favor de quién edo de qué gauden nolabait adieraztea eskatzen baitu, eta begi-bistan baitago ez dutela nahi (edo ezin dutela) agerian utzi noren alde dauden, botoak galtzeko beldurraren beldurrez. Areago, subjektu bat ere behar du adierazpide horrek, espainolezko leloaren bitartez ere ez baitakigu hauteskundeetara aurkezten direnak norbaiten edo zerbaiten alde dauden, edo haien alde egitea eskatzen diguten.

Nolanahi ere, politikari eta sintaxiari buruzko gogoetak ez ezik, hizkuntza-politikari eta normalizazioari buruzkoak ere ekarri dizkit gogora pasadizoak. Izan ere, leloa irakurritakoan euskal hiztunek egin duten interpretazioa neutralizatu nahian edo, «autoritatearengana» jo dute PPkoek, Euskaltzaindiarengana, hizkuntzaren akademia batek erabilitako hizkuntza-sekuentzien interpretazioan atzeraeraginez eragiterik balu bezala. Hizkuntza erreala hiztunek erabiltzen dutena da, alegia, hiztunek ekoizten eta interpretatzen dituzten hizkuntza-sekuentziak, eta ez akademiek edo bestelako autoritateek gramatika eta hiztegietan kodifikatzen dutena. Euskararen normalizazioari buruzko zenbait mintzagai ere etorri zaizkit burura tropelean. Izan ere, euskararen normalizazioari lagunduko badiogu, hizkuntza normalizatzea ‘normal bihurtzea’ adieran ulertuta (eta ez ‘norma batera eramatea’ adieran), funtsezkoa da jomugan dugun «normaltasuna» zertan datzan jakitea. Eta gertatutakoak erakusten diguna da «hizkuntza normalek», zehaztasunez eta eraginkortasunez komunikatzeko ez ezik, nahita lausoak eta anbiguoak izateko ere balio dutela. Areago, komunikazio-ekintzen eraginkortasuna komunikazioaren xedea erdiesteko gaitasuna dela ulertuz gero, anbiguotasunez eta ase ezinezko aldagaiez betetako esaldiak ezin eraginkorragoak dira ahal den eta informazio gutxien ematea denean komunikazio-ekintzaren helburua.

Baina heldu diezaiogun berriro alde hitzari, post honen gaia izan behar zuenera salto egiteko, zehazkiago, alde izenaren konparazioen alorreko erabileretara joateko. Zer erabilerari buruz ari naizen erraz uler dadin, Euskaltzaindiaren Hiztegitik ateratako adibide batzuk emango ditut:

Alde handia dago batetik bestera.
Berrehun pezetako aldea dute salneurrian.
Lehen ziabogan bost segundoren aldea atera zion Arkotek Zierbenari.

Inolako aitzakiarik ez adibide horien aurrean, baina zalantza handiak sortzen dizkidate alde izena pluralean (edo mugagabean) daramaten beste erabilera batzuek. Adibidez, gogoratu oso antzekoak diren bi irudi erakusten dituzten denbora-pasak, diferentziak aurkitzeko gonbitea egiten digutenak. Honelako instrukzioak dakartzate batzuetan:

Aurkitu zazpi aldeak.

Nik neuk saihestu egiten ditut horrelako erabilerak, eta zazpi diferentziak edo zazpi desberdintasunak erabiliko nuke horrelako testuinguruan. Baina zer egin ikasle baten testuan horrelako erabilera aurkituz gero? Zuzendu? Iruzkinen bat egin? Dagoen-dagoenean utzi? Izan ere, Interneteko bilatzailean «aldeak aurkitu» jarrita agertu zaidan lehen emaitza Elhuyar aldizkariko artikulu bat izan da, nire ikasleren baten testua izan balitz iruzkinez beteta itzuliko niokeena, agian erabat okerrak liratekeen iruzkinez beteta, bide batez. Hona hemen artikuluaren hasiera:

Giza garunaren garapenean aldeak aurkitu dituzte

Batzuetan eta besteetan ez dira gene berdinak espresatzen aldi berean.

Giza enbrioiaren garuna garatzean, ar edo eme izan geneen espresio-patroia aldatzen ote den ikertu du Erresuma Batuko ikertzaile-talde batek, eta aldeak detektatu dituzte: emaitzen arabera, % 7 ingurukoa da desberdintasuna.

Alde batera utzita «geneen espresio-patroia», blog honetarako idatzi nuen lehen artikuluan sobera eztabaidatu nuena, eta «gene berdinak», eztabaida sutsuren bat pizteko arriskua saihestearren, esan gabe doa alde izenaren konparazioen alorreko adiera, zati batean behintzat, gainezartzen dela desberdintasun, ezberdintasun, diferentzia eta desberdintza izenen esanahiekin, eta ohartu bezain laster, gaia alde batera uzteko tentazioa izan dut. Zenbat post, txosten eta iruzkin eman dituzten blog honetan bertan alor horretako izenek eta adjektiboek! Gogoratu, besteak beste, Maite Imazen Desberdintasunak eta diferentziak, Bego Montorioren Bereizkeria eta Xabier Aristegietaren KalkoManiak (eta II): ‘desberdintasun’ kontzeptuaren euskarazko desagerrarazpena. Baina oraingoan ez dut gaia tratatuko ez itzulpengintzaren, ez kalkoen, ez eta terminologiaren ikuspuntutik ere, baizik eta semantika lexikoaren eta sintaxiaren elkargunetik.

Nire iritziz, izen horien semantika lexikoan funtsezko bi ezaugarri sartzen dira jokoan: abstraktutasuna eta zenbakarritasuna. Abstraktutasunaren muturrean, berdintasun ez(a) dago. Desberdintasun / ezberdintasun izenek ere kontzeptu abstraktuak adierazten dituzte berdintasun izenaren antonimo modura jokatzen dutenean, baina beherago daude, nire intuizioaren arabera, abstraktutasun-eskalan. Izan ere, bigarrenak, lehenengoa ez bezala, pluralean joan daitezke eta, horrela, erreferentzia egin batera hainbat motatako desberdintasunei:

(1)

a) Berdintasun eza onartezina da herrialde aberatsetan.
b) Desberdintasuna onartezina da herrialde aberatsetan.

(2)

a) Mota guztietako gizarte-desberdintasunak areagotu dira azken lau urtean.
b) #Mota guztietako gizarte-berdintasun ezak areagotu dira azken lau urtean.

Diferentzia, desberdintasun eta ezberdintasun izenek izaki bi edo gehiago desberdintzat hartzera eramaten gaituzten ezaugarriak (ere) adieraz ditzakete. Adiera horietan [-abstraktu] eta [+zenbakarri] direla esan dezakegu, eta zenbatzaileak edota plurala onartzen dituzte. Nire intuizioaren arabera, alde ez da egokia adiera horretan, [-zenbakarria] baita:

(3)

a) Aurkitu bi irudien arteko 7 diferentzia(k).
b) Aurkitu bi irudien arteko 7 desberdintasun(ak).
c) #Aurkitu bi irudien arteko 7 alde(ak).

Azkenik, alde izen zenbakaitza da baina graduazioa onartzen duenez, eta graduazioa era kualitatiboan zein kuantitatiboan egin daitekeenez, nolakotasunezko adjektiboekin (4) edo neurri-sintagmekin (5) joan daiteke. Beste hitz batzuetan esanda, alde [-zenbakarria] eta [+/- neurgarria] dateke. Adiera horietan desberdintasun, ezberdintasun eta diferentzia izenak ere aurki ditzakegu:

(4)

a) Alde handia dago marka batetik bestera.
b) Desberdintasun handia dago marka batetik bestera.
c) Diferentzia handia dago marka batetik bestera.

(5)

a) Ehun euroko aldea dago marka batetik bestera.
b) Ehun euroko desberdintasuna dago marka batetik bestera.
c) Ehun euroko diferentzia dago marka batetik bestera.

Nire argudio-ildoari helduta, honela berridatziko nituzke goian aipatutako Elhuyar aldizkariko pasarteko konparazio-izenak:

Giza garunaren garapenean desberdintasunak (/diferentziak) aurkitu  dituzte

Batzuetan eta besteetan ez dira gene berdinak espresatzen aldi berean.

Giza enbrioiaren garuna garatzean, ar edo eme izan geneen espresio-patroia aldatzen ote den ikertu du Erresuma Batuko ikertzaile-talde batek, eta desberdintasunak (/diferentziak) detektatu dituzte: emaitzen arabera, % 7 ingurukoa da aldea.

Erabilerak erabilera, eta Euskaltzaindiaren Hiztegiak zehaztasun sarreran bigarren adiera modura xehetasun izenaren sinonimoarena jasotzen badu ere, ausartuko naiz esaten antzeko analisia egin daitekeela zehaztasun eta xehetasun izenak bereiztekotan. Zehaztasun [+abstraktua] eta [-zenbakarria] dateke eta, xehetasun, aldiz, [-abstraktua] eta [+zenbakarria].

(6)

a) Hamaika xehetasun eman ditu erakundearen kudeaketari buruz.
b) #Hamaika zehaztasun eman ditu erakundearen kudeaketari buruz.

(7)

a) Zehaztasuna funtsezkoa da dokumentu zientifikoetan.
b) # Xehetasuna funtsezkoa da dokumentu zientifikoetan.

8 Replies to “Aldea eta xehetasunak”

  1. (Ohartxo bat ALDEren aferaz.) Nik uste dut bi gauza direla letrak “irakurtzea” eta “ikustea”, eta hortxe dagoela asunto honen giltza. Irakurtzea letrak hots bihurtzea da, nork bere gogoan eta ixilka, nolazpait esan. Nik iragarki politiko hori “álde” moduan irakurri nuen (Hualdek hobeki markatuko luke), eta orduan ez nuen ulertu politiko horiek adierazi nahi zutena besterik; ez nion beste inongo irakurketari eta ulermoduri aukerarik ikusi, nonbait. Bestela esanda: nere gogoan edo gogapean ez nion lekurik eman “aldé!” irakurketari. Asko harritu nintzen batzuk hasi zirenean esaten hori gaizki zegoela, hanka sartu zutela politiko horiek, berez adierazi nahi zutenaren kontrakoa esaten zutela, euskararentzat begirunerik ez zeukatela, eta abar. Ikuste hutsezko irudipen bat zegoen hor, nere iritzirako: “alde” hitza, aldarrikapen politikoetan, gehienbat “alde (hemendik)!” eran ikusi du askok eta hortik sortu zaie nonbait ikuste hutsezko irudipen edo begitazioa. Gero, gauzak ikusten hasita, edozer ikusten du jende gorrak, eta ikusten du zein ari diren ongi eta zein gaizki, zein diren onak eta zein gaiztoak, eta edozer gauza. Baina honek ez dauka zer ikusirik irakurtzearekin. Begitazioak hotsaren gainetik jartzea da hizkuntzarentzat begirunerik ez edukitzea.

    1. Ados esaten duzunarekin, Iñaki. Baina hizkuntza-ekoizpenak interpretatzen ditugunean, gure ikuspuntutik interpretatzen ditugu beti, eta zenbat eta anbiguoagoak izan orduan eta interpretazio (subjektibo) gehiagotarako aukera ematen digute.

      1. Ez dut uste esana aditzerakoan GURE IKUSPUNTU bat dagoenik BETI. Hizkuntza askoz gauza sistematiko eta, nolabait esan, murriztaileagoa da. Ahotan darabilgun kasuan ez dut uste “aldé!” irakurtzeko (hotsetaratzeko) modurik edo biderik zegoenik (besterik zatekeen harridura marka eraman balu); “álde” zen irakurtzeko beste aukera, eta hori euskaraz gauza bat bakarra izan daiteke: iragarkiaren egileek adierazi zuten huraxe, hain zuzen ere.

  2. Ni ere “ALDE” nago, pentsatu dut hasieran. Baietz pentsatu dut, arrazoi duela Igonek, eta “aldeak” ez eta “desberdintasunak/diferentziak” egokiagoa dela. Eta, tradizioaren bermearen bila jo dut OEHra, eta ez dut ikusi pluralean“aldeak” testuinguru horretan, salbuespen batekin. Eta salbuespen hori esamolde bat da:
    – ALDEAK ALDE. Salvadas las diferencias. Ta Unamunok Loiolakoagatik ziñona geuk itandu Unamuno beragatik, aldeak alde: ez al da euskal gogakuna beragan gallurtzen? SMitx Unam 49. Diogun ere orduantxe errotu zela egundaino ezagutu dugun erlijiokera (dogma, morala, elizkizunak eta arauak) elizgizonetako zati handi batek herriarekin zituen harremanak, aldeak alde, zirela bide. In MEIG VI 32.

    Beraz, printzipioz, ados. Dena dela, Igonek berak bere artikuluan dioen bezala, “Hizkuntza erreala hiztunek erabiltzen dutena da”. Eta gaur egungo erabileraren bila jo dut; eta, ondorioz, jada ez nago hain “ALDE”. Lehenik, atentzioa eman dit Euskaltzaindiaren gramatikak berak (EGLU), maiz erabiltzen baitu, hala aspaldiko liburukietan nola berrienetan; hau da, 25 urteko epean:
    EGLU I
    – “Aldeak” ere badira, ordea, partikularen esangurak berak eragindakoak hain zuzen.
    – Berehala ikusten dira, ordea, “aldeak”, perpausak ezezkora pasatzen ditugun bezain laster:
    – Zemahi gisa, gauzak patxadan aztertuz gero, “aldeak” ikusten dira hemen ere:

    EGLU III
    – Hasiera hasieran, tartean -kontraste jakin baten zerbitzuan- 000 amaieran joan daitezke gehienak, lokailutik lokailura “aldeak” badira ere:

    EGLU IV
    – baita aditza bera ere batzuetan, aldiari nahiz pertsonari dagozkien “aldeak” gorabehera:

    EGLU V
    – Moduen kontu hau dela-eta, honako hauek dira perpaus jokatuen artean dauden “aldeak”:

    EGLU VI
    – BAIT—en eta ETA enklitikoaren arteko antzekotasunak eta “aldeak”
    – Maiz “aldeak” ikustea erraza ez bada ere, badirudi joera batzuk, eta debekuak ere bai, badirela

    EGLU VII
    – eta horrez gain, aditz nagusiak hartzen duen aspektu-markaren arabera ere “aldeak” badira baldintzazkoen adieran, hizkera batetik besterako desberdintasunekin.
    – Gramatika tradizionalek, askotan, ez dituzte bereizi halako perpausak helburuzkoetatik, baina, ongi begiratuz gero, bistakoak dira “aldeak”. Bi nagusiki:

    Eta Ereduzko Prosan begiratuta, ugariak dira era horretakoak:

    Euskararen sendabelarrak, Koldo Zuazo (Alberdania, 2000)
    1. Orr.: 197
    Mendebal barruan, baina, aldeak daude hizkera batzuetatik besteetara.
    Irudia, Jacques Aumont / Josu Zabaleta (EHU, 2004)
    1. Orr.: 103
    Irudiaren eremuan geratuz (irudia zentzurik estuenean hartuta), sekulako aldeak daude denboran zehar emanez joaten den irudiaren (filma, bideoa) eta denbora iragankorrik ez duen irudiaren (margolana, grabatua, argazkia) artean: lehenengoak baizik ezin eman dezake denborazko ilusio sinesgarririk.
    Uda betiko balitz, Xabier Mendiguren Elizegi (Elkar, 2003)
    1. Orr.: 131
    Sukaldarien begietan denak bat izan arren, tximoso ezkertiarren artean ere badira aldeak eta badira tirabirak, politika kontu horiek direla eta ez direla.
    Historiaren azterketa II, A.J. Toynbee / Iñaki Mendiguren (Klasikoak, 2000)
    1. Orr.: 65
    Lege zibilarekiko ardurari dagokionez, bestalde, gobernuek beren mendekoen onurarako jokatzen dute beren onerako baino gehiago, eta ez da harritzekoa estatu unibertsalen gobernuak arlo honetan legeaz arduratzeko neurrian alde handiak egotea.
    2. Orr.: 80
    Estatu unibertsalen artean alde handiak izan dira armada iraunkorrak zenbateraino behar izan dituzten kontuan hartzen bada.
    3. Orr.: 84
    Estatu unibertsalen artean alde handiak daude beren herri-administrazioaren garapen-mailari dagokionez.
    Txanponaren bi aldeak, Iñaki Heras (Alberdania, 2003)
    1. Orr.: 199
    Alde sozial handiak daude herrialdeen artean.
    2. Orr.: 276
    Halaber, tartaren banaketan alde handiak jasotzen dira, baina herrialde aberatsenak dira igualitarioenak, alegia, aberastasuna hobeto banatzen dutenak:
    Ekonomiaren globalizazioa, Jacques Adda / Koro Navarro (EHU, 2004)
    1. Orr.: 42
    Industria da, beraz, botere ekonomikoaren euskarria, eta industriaren hazkundeak, garapen-alde handiak ezaugarri dituen mundu batean, estatuaren parte hartzea behar du.
    2. Orr.: 136
    Batez besteko horiek, nolanahi ere, eskualdeen arteko alde handiak estaltzen dituzte.
    Antropologo bat Marten, Oliver Sacks / Xabier Olarra (EHU, 2003)
    1. Orr.: 42
    Sagar batek islatzen dituen uhin-luzera benetakoek, adibidez, alde handiak izan ditzakete argiaren arabera, baina guk, hala ere, beti gorri ikusten ditugu.
    2. Orr.: 58
    Eta gorreria goiztiarrak eta keinu-hizkera erabiltzeak, berriz, berrantolaketa erabatekoak ekar ditzakeela garunean, ikusmena lantzera birmoldatzen baitira entzumen-kortexeko alde handiak.
    Unibertsitatea eta euskal gizartea gaur, Juan Ignacio Pérez / Pello Salaburu (Pamiela, 2003)
    1. Orr.: 114
    Horretaz gain, aipatzekoa da zatidura eta proportzio hau ez dela homogeneoa, alde handiak baitaude unibertsitatearen barneko arloen artean.
    2. Orr.: 193
    Alde handiak daude, beraz, arloen artean eta unibertsitateen artean ere.
    Euskararen etxea, Pello Salaburu (Alberdania, 2002)
    1. Orr.: 72
    Ikasketa batzuetatik besteetara alde handiak egon daitezke.
    Arima hilak, Nikolai Gogol / Jose Morales (Ibaizabal, 1998)
    1. Orr.: 34
    Nozdriovek hika egiten zien poliziaburuari eta prokuradoreari ere, eta adiskidetsuki mintzatzen zitzaien, baina, jokoan diru-alde handiak jartzen hasi orduko, hala poliziaburuak nola prokuradoreak adi-adi begiratzen zieten haren jokaldiei, eta erne zelatatzen zuten, zein karta botako.
    Ahardikeriak, Marie Darrieussecq / Joxan Elosegi (Alberdania, 2004)
    1. Orr.: 35
    Barre algara handiak egiten zituen marabutak gure koloreen arteko alde handiak, bera horren beltza eta ni orduan horren arrosa, haragia pizten baitzion honek.
    Arima enkoniatuak, Xabier Mendiguren Elizegi (Elkar, 2006)
    1. Orr.: 39
    Adinak, eta barkatu berriz honetara jotzea, alde handiak markatzen dituela esango nuke: milaka ziren munduan, oraindik ikusi ez eta ikusi nahi nituen bazterrak, egin nahi nituzkeenak, irakurri, probatu, bizi!
    Naturaren mintzoa, Pello Zabala (Alberdania, 2000)
    1. Orr.: 156
    Baso-oihana izan, aintzira, barruti eta soro, buztingune edo gune lehorra izan, edo basamortugunea… alde oso markatuak ditugu toki bakoitzean.
    Anne Franken egunkaria, Anne Frank / Josu Zabaleta (Erein, 2004)
    1. Orr.: 317
    Alde hori, alde handi horiek, nabarmen geratzen dira beti: egun batean barre egiten dugu ezkutatuta egon behar honen egoera barregarria dela-eta, hurrengo egunean, egun askotan, beldurra dugu, eta aurpegian ikusten zaigu izua, estutasuna eta etsimena.
    Ekonomiaren globalizazioa, Jacques Adda / Koro Navarro (EHU, 2004)
    1. Orr.: 143
    Hiru eragile nagusiren bidez uler daitezke alde horiek.
    Antropologo bat Marten, Oliver Sacks / Xabier Olarra (EHU, 2003)
    1. Orr.: 49
    Alde horiek oso txikiak dira, baita gizakiarengan ere; hala ere, kolorea pertzibitzeko, irudikatu edo gogoratzeko dugun gaitasun guztia, koloretako mundu batean bizitzeaz dugun sentsazioa, haien osotasunaren haritik zintzilik daude.
    Euskara batua, Koldo Zuazo (Elkar, 2005)
    1. Orr.: 62
    Azken batean, XIX. mende hasierako Bizkaiko idazleek XVIII. mendeko Kardaberazen eta Mendibururen bideari jarraitu zioten: euskalkien arteko aldeak txikiak zirela esanez, eta zeuden aldeok txikiagotzen ahaleginduz.
    Pedro Páramo, Juan Rulfo / Juan Garzia (Ibaizabal, 2001)
    1. Orr.: 12
    Bistan da, estetikaren mailakoak dira aldeok, zeren giro moralaren aldetik, epai espliziturik ageri ez bada ere (horra beste kidetasun funtsezko bat, eta ez apika estetika soilari dagokiona), ia gai-zerrenda bera osa baikenezake obra bien hustuketa eginez gero.
    Sistema periodikoa, Primo Levi / Juan Garzia (Alberdania, 1998)
    1. Orr.: 89
    Aldeak txikiak izan daitezke, baina guztiz ere bestelako ondorioetara eraman, trenbide-orratzen aldaketarekin gertatzen denez: kimikariaren lanbidea, zati handi batean, horren aurrean zuhur egotean datza, aldeok hurbiletik ezagutu eta haien eragin-ondorioak iragartzean.

    1. Eskerrik asko, Alfontso, zure iruzkinagatik. Erabateko arrazoia duzu: aipatzen dituzun erabilera horiek agerian uzten dute nik aipatu ditudan “alde”ren erabilerak ez direla agramatikalak, euskaldun batzuek, ereduzko idazleek gainera, erabiltzen baitituzte. (Ikusi nik # ikurri jarri dizkiedala horiei eta ez agramatikaltasuna markatzeko erabiltzen den *).

      Nik ere begiratu nituen OEH eta EPG, eta horrelako erabilerak aurkitu nituen. Zalantza ere izan nuen gaia aipatu ala ez, baina azkenean erabaki nuen idaztea, besteak beste, Euskaltzaindiaren Hiztegian jasotako adierak eta adibideak neurri handian nire intuizioarekin bat zetozela pentsatu nuelako. Nire iritziz, erregistro kontu bat ere badago tartean.

      Pluraleko erabilerei dagokienez, horietako batzuk, nire iritziz, nik [-zenbakarri] [+/- neurgarri] horietakoak dira, baina hainbat gertakariri dagozkionak. Adibidez, “Gauza handirik egin gabe Joventutek aldeak zabaldu zituen markagailuan, atsedenera heldu aurretik 11 puntuko aldea izateraino”
      Beste askotan “alde handiak” ageri da eta, beraz, nire analisian sartuko lirateke. Adibidez, “Adinak, eta barkatu berriz honetara jotzea, alde handiak markatzen dituela esango nuke: milaka ziren munduan, oraindik ikusi ez eta ikusi nahi nituen bazterrak, egin nahi nituzkeenak, irakurri, probatu, bizi! Naturaren mintzoa, Pello Zabala (Alberdania, 2000)”
      Beste batzuk “alde” izenaren beste adiera batekoak dira (alde = eskualde), adibidez, ” …gorreria goiztiarrak eta keinu-hizkera erabiltzeak, berriz, berrantolaketa erabatekoak ekar ditzakeela garunean, ikusmena lantzera birmoldatzen baitira entzumen-kortexeko alde handiak.”
      Unibertsitatea eta euskal gizartea gaur, Juan Ignacio Pérez / Pello Salaburu (Pamiela, 2003)

      Eta egia da baita badirela nire analisian sartzen ez diren erabilerak. Nik baino askoz ere hobeto idazten duten ereduzko idazleen erabilerak ez ditut zalantzan jarriko. Horiek askotariko lizentziak eta baliabide erretorikoak erabiltzeko baimena eta gaitasuna dute. Erabilera orokor, arrunt eta distira erretorikorik gabekoetarako, behintzat, adibidez, testu akademiko arruntetarako, uste dut hobe dela “alde” bere alor semantiko esklusiborako uztea, eta ez erabiltzea “diferentzia”/”desberdintasun” izenek hobeto adieraz ditzaketen harreman semantikoetarako. Oker egongo naiz agian. Nolanahi ere, uste dut karakterizazio semantikoak gehiago laguntzen digula adierak bereizten itzulpenaren ikuspegiak baino, hizkuntza bakoitzean elementu lexikoek desberdin banatzen direlako eta horrek iluntzen digulako analisiak.

    1. Eskerrik anitz Segurola jauna, irakurtzen ez dakigun euskaldun guztiak ilustratzeko eginahalagatik. Jakinminez nago aldé eta álde herri orotan bereizten direnetz.

  3. Gaitik apur bat urruntzea ere baden arren, hiztun huts moduan, nik esango nuke gure inguruan behintzat aldé ez baizik álde (=ospa) esango genukeela eta álde ez baizik áldè (hitza bakarrik esatean, “Alde edo aurka?” galderaren erantzun moduan adibidez). Baina “álde nagó” esango genukeela. Dena den, nire kasuan behintzat, etorri zitzaidan lehen esanahia hau izan zen.

Utzi iruzkina