Hiritar hirigabeak

Iratxe Goikoetxea Langarika

Lehengoan, Melillako hesiari buruzko berri batean, hauxe entzun nuen gaztelaniazko albistegi batean: “unos cien ciudadanos han conseguido saltar la valla”.

Ziurrenik askok lekuz kanpo ikusiko duzue ciudadanos hori inongo eskubideen jabe ez direnak aipatzeko. Eta euskaraz? Ba euskaraz ere gertatzen dira antzeko lerradurak.

Gizataldeak orokorrean aipatzeko, hiru-lau berba erabiltzen dira nagusiki hedabideetan: herritar, hiritar, bizilagun eta biztanle. Baina ez dira zeharo sinonimoak; bakoitzak bere erabileremua eta ñabardurak ditu.

  • herritar: komunitate edo estatu bateko kidea, batez ere eremu soziopolitikoan (herritarren eskubideak, borondatea, iritzia…).

  • hiritar: hiriko biztanlea. [Zalantzazkoa estatu bateko kideak aipatzeko, alboko hizkuntzek citoyen, ciudadano badarabilte ere.]

  • biztanle: soziologiaren eremuan, biztanleriaren gorabeheretarako erabiltzen da, bai eta “bizi izate” kontzeptuari lotuta ere. [Zalantzazkoa eremu politikoan.]

  • bizilagun: herri, auzo, eskailera edo etxe berean bizi direnak.

Hitzok nongo kontzeptuari lotuta daude beti: nongo herritarrak, nongo biztanleak, etab.

Gentilizioetan, berriz, hitzak berak ematen du erreferente geografikoa: Parisko hiritarra = paristarra; Usurbilgo biztanlea = usurbildarra; Goierriko biztanlea = goierritarra. Baliabide “ekonomikoagoa” da, eta, batzuetan, egokiagoa.

Kontua ez da berbotako bata ere baztertzea, zein non erabili jakitea baino. Hona adibide batzuk, esandakoaren argigarri:

  • Milaka lagunek azken agurra eman diote Luciano Pavarottiri. Hil kapera ireki dutenetik etengabea izan da bizilagunen joan-etorria.

HOBETO: (…) etengabea izan da modenatarren joan-etorria.

  • 1.800.000 biztanlek dute boto eskubidea urriaren 21ean.

HOBETO: 1.800.000 herritarrek dute boto eskubidea urriaren 21ean.

  • Gaurtik aurrera, Boliviatik Europara datozen herritarrek bisa berezia beharko dute.

HOBETO: Gaurtik aurrera, Europara datozen boliviarrek (…)

  • Inkestaren arabera, biztanleen hirutik bi oso kezkatuta daude krisiagatik.

HOBETO: Inkestaren arabera, EAEko biztanleen hirutik bi oso kezkatuta daude krisiagatik.

  • Uholdeak izandako Erriberako herrietan, herritarrak etxeak garbitzen hasi dira.

NORMALAGOA: Jendea etxeak garbitzen hasi da.