Nola esaten da euskaraz…?

Koldo Biguri Otxoa de Eribe

Euskararen corpus lexikoaren normalizazioan aurrerapauso nabarmenak egin ditugu aspaldi honetan, idatzizkotik abiatuz, noski, baina ahozko hizketara ere iritsiz; gaur egun ez da batere harrigarria hainbat euskaldunen ahozko jardun bat-batekoan ere entzutea jasangarri, zehar-lerro, baldintzagabe, irisgarritasun, su-eten, garapen, langabezia… hitzak, duela (harrigarriro) urte gutxi euskaldun (baita) eskolatu askorentzat ere ezezagun peto-petoak zirenak.

Urte gutxian, izan ere, euskararen corpus lexikoak nahiko normalizazio maila aipagarria irabazi du hizkuntzaren esparrurik formalenetan, erregistro landuan; nire gaurko ikasleen adina neukanean, adibidez, garatu aditza ez zegoen hain zabaldua, eta, nire ikasle horien harridurarako, desarroilatu esan-idazten genuen trankil asko. Honen antzeko ehunka adibide bururatuko zaizkie blog honetako irakurleei, norbere esperientziaren eta bizi-ibilbidearen arabera. Urtez urte, itzulpena bitarteko, aise samar joan gara aurkitzen gure hizkuntzaren puzzle lexikoari falta (edo) zitzaikion hainbat pieza, gehienetan lehenagoko erdarakada edo mailegu ezinbestekoen ordez.

Aldiz, erregistro landutik eta esparru formaletatik aldendu eta geure bizitzaren eguneroko eta hurbileneko behar eta ohitura pragmatikoagoetara jaisten bagara, argi dago normalizazio horretarako arazo gehiago topatzen ditugula, gehiago kostatzen zaigula hiztegietan jada jasota dauden baliokideak erabiltzea, ahozkoan bereziki. Esate baterako, gutako zenbatek etxeko ate aurrera iritsi eta esaten die seme-alabei zapata-azpiak lanpasean garbitzeko eta zenbatek felpudoan? Edo, etxera iritsi ondoren, izerditzeko jertsea (sudadera erabili beharrean) kendu eta garbitzeko makinan (ala ikuzgailuan?) sartzeko? Zenbat aldiz esaten dugu, geure etxean gaudenean, mikro-uhin labea, edo txapinak, edo platerikuzgailua, tapiza, lanbasa edo tiradera, ahozko euskararen paradisutik urrun egotzita mikroondasa, etxeko zapatilak, labaplatosa, alfonbra, fregona eta kajoi hitz tematiak? Kanpoan uso, etxean otso, lexikoan ere? Badirudi resilientziarik handieneko erdarakada edo maileguak direla gertueneko horiek, eta kontraesan handian erortzen gara idatzizkoan erabili beharrekoak iruditzen zaizkigun hitz horiek etxeko goxoan euskaldun formalaren soinetik kendu eta besteak (erosoagoak?) janzten ditugunean, arazorik batere gabe, itxuraz.

Kontraesan horren akuiluagatik erortzen dira nire itzulpen ikasleak klaseen hasieran egiten diedan galdera-tranpan, galdetzen diedanean «Nola esaten da euskaraz… felpudo?». Gehienek ez dakite erantzuten… esan, felpudo esaten dela, haiek horixe esaten dutela, behintzat. Hori bai, gero, txintxo-txintxo, ikasketak bukatu eta lanari ekitean, hiztegietan bilatu eta euren (eta gure) testuak lanpasez eta tiraderaz betetzen zaizkigu, baina, hala ere, susmoa dut dexente gehiago kostatuko zaigula hiztegietako hitz horiek mihiratzea.

Magisteritzako tituludunentzako oposaketen datak ikusi ditut Delegaritzan

Alfontso Mujika Etxeberria

Inon ahalegina egin bada euskara normalizatzeko, euskara lan-hizkuntza izateko, irakaskuntzan egin da. Duela 25-30 urteko egoerari erreparatzea besterik ez dago: makina bat irakasle erdaldun euskaldundu dira, eta makina bat irakasle euskaldun (zahar eta berri) euskaraz irakasteko trebatu dira maila guztietan, eskolaurretik unibertsitateraino. Ikasmaterialen arloan ere, beste hainbeste. Erreparatu, bestela, orain 25 bat urteko eskola-liburuei: argi dago hizkuntzaren estandarizazioak bide oparoa egin duela bitarte horretan.

Eta Hezkuntza Administrazioa bera ere, beste arlo batzuetako administrazioen aldean, euskaldunena dugu, batez ere EAEn. Badira 20 bat urte —Etxenike hezkuntza-sailburua zela— hasi zirela agertzen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian honelako oharrak Hezkuntza Sailaren agindu, ebazpen eta gisakoetan: “Agindu honetako euskal eta erdal idazkien artean interpretazio-auzirik sortuz gero, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik euskarazkoa hartuko da korapiloa askatzeko gidari”.

Hezkuntza-administrazioa euskaldunena izanik, maisu-maistra gehienak euskaldunak izanik eta ohiko lan-hizkuntza euskara izanik, maisu-maistren kolektiboak egina du bere jargoia, bere “teknolektotxoa”: irakasle gehienek magisteritza-eskola (eta ez  irakasle-eskola —edo magisterio-eskola behintzat—), oposaketa (eta ez oposizioa) eta delegaritza (Hezkuntza Sailaren lurralde-ordezkaritza adierazteko) hitzak erabiltzen dituzte. Begiratu, bestela, Google lagun hartuta: sindikatuen testuetan ageri dira hitz horiek behin eta berriro, hau da, benetako hizkuntza da, arlo horretako profesionalen artean erabiltzen diren benetako hitzak dira.

Hitz horiek baliatzen dituen maisu edo maistrari azaltzen badiozu magisteritza eta delegaritza hibrido gaiztoak direla (magisteri eta delegari ez baitira existitzen), testu ofizialetan ez direla erabiltzen eta Hiztegi Batuak berariaz baztertzen dituela, eta oposaketa hitza ere ez dugula behar (Hiztegi Batuak oposizio dakar, eta oposatu ez da sarrera), gehienetan ez dizute kontra egiten, ulertu egiten dute, baina…

Azkenik, EHUren webgune ofizialean eta Euskaltzaindiaren Plazaberri aldizkarian ere Magisteritza irakurtzen duzunean, zalantza pizten zaizu barren-barrenean —nekeza baita, oso, lasterrari atergabe kontra egitea—, eta erlaxatzeko gogo goxo batek biltzen zaitu, belarrira xuxurlaka: “Eta zer? Gaitz erdi hori balitz maisu-maistren —eta gainerakoon— hizkuntza-gaitz bakarra, ezta?”.

Egiteke daukagun debatea

Asier Larrinaga Larrazabal

Euskararen normalizazioak urrats handiak egin ditu 1970eko hamarkadatik hona. Uste dut denok onartuko duzuela baieztapena argibide eta azalpen gehiagoren beharrik gabe, eta ni ere, neurri batean, bat nator. Hala eta ere, uste dut badirela urte batzuk normalizazio-prozesua geldi edo oso-oso moteldurik dagoela, eta esango nuke euskal gizartean oraindino egin ez dugun debate bat dela zergatia.

Soziolinguista batzuek «hizkuntza-komunitatea» eta «hizketa-komunitatea» bereizten dituzte. Hizkuntza bera erabiltzen duten hiztunek hizkuntza-komunitate bat osatzen dute, hau da, euskaraz mintzo garenok euskaldun-komunitatea osatzen dugu. Interesgarriagoa da bigarren kontzeptua. Hizketa-komunitatea komunikazio-sare bat da, eta bertan hizkuntza-aldaera sorta bat eta erabilpen-praktika batzuk partekatzen dituzten hiztunek hartzen dute parte. Euskaldunok hain gutxi izanda, gezurra dirudi gure artean hizketa-komunitate bat baino gehiago bereiz daitekeela, baina badira bi gutxienez: kontinentekoa eta penintsulakoa. Esan gabe doa, horrez gainera, dialekto bat edo azpidialekto bat dagoen tokian hizketa-komunitate bat bereiz daitekeela.

Estatu banatan bizi izate hutsak asko aldentzen ditu kontinenteko eta penintsulako komunitateak. Zer ez dakarren batean eta bestean gizarteko bigarren hizkuntza ezberdina izateak! Nire iritziz, baina, bada faktore bat, askoz ere gehiago banantzen eta aldaratzen dituena euskal hizketa-komunitateak: hiztun batzuen mikronizazio-borondatea. Beharbada, gehiegi da «borondate» esatea, baina hiztunok euren jokabidearen bidez erakusten dute ez zaiela interesatzen ezkaratzetik haragoko komunitaterik. Adibide bat ematearren, azken hogei urteko pastoraletan, Junes Casenavek eta Jean Louis Davantek zuberera oso eder eta jatorra erabilita ere, euren testuak euskara estandarretik jauzi txiki batera baino ez daude. Beste pastoralgile batzuek ez dute ardura hori jartzen, edo, beste barik, beste helburu edo interes bat dute.

Haor euskaldunok egin barik daukagun debatea. Hizketa-komunitate bat osatu nahi dugu guztiok? Komunikazio-sare bereko kide izan nahi dugu? Ala euskara ezkaratzerako baino ez dugu nahi? Askok, bai; konforme antzean daude euren euskara-mundua hizketa-komunitatetxo batera mugatuta, eta ez die batere ardura euren hizkuntza-ariketetan gainerako euskaldunak arrotz egiten bagaituzte. Horien artean ez dira gutxi hedabideetan lan egiten dutenak! Tamalgarria da, baina euskara gero eta gehiago da euskaldunok elkarrekin inkomunikatzeko tresna. Espero dut blog honen bidez egiteke daukagun debatea sustatzea, eta egoera hori gainditzeko bidea aurkitzea.