Iribas, zuretzat (II)

Asier Larrinaga Larrazabal

Laster datoz hauteskundeak EAEn eta Nafarroan, eta hainbat alderdik euskararen gaia atera dute giroa asaldatu eta hedabideetan lerroburuak irabazteko asmoz. Gordinki jotzen dute euskararen sustapenaren aurka, betiko argudio sinple eta sinesten errazak erabiliz, baina euskaltzaleak hasi dira behar bezala erantzuten. Zoragarria iruditu zitzaidan Estitxu Garaik orain egun batzuk esandakoa. Nik neuk, serie bat hasi nuen aurrekoan, sinplekeriak gezurtatzeko eta kontrargudioak eskaintzeko.

Lehengoan, Iribasek botatako hitzekin hasi nintzen. Handik egun batzuetara, Idoia Mendiarenak entzun genituen eta, geroago, De Andres eta Oyarzabalenak. Gaurko post hau, dena dela, Joseba Arregiri zuzendu behar nioke, berea baita azken hiruron ideien gurasotasuna.

Arregik «Consideraciones sobre las bases de la política lingüística» atera zuen 2008an La política lingüística vasca a debate tituluko liburuan. Euskarazko bertsioa ere badago Interneten. Ez nuke inor aspertu nahi, baina uste dut interesgarria dela Arregiren artikulua laburbiltzea. Sei puntuko eskema bat baino ez da izango.

1. Ardanzaren koalizio-gobernuaren garaian, eskola eta administrazioa euskalduntzeko adostasuna lortu zen Euskal Autonomia Erkidegoan.

2. Adostasun horretan, erdaldun elebakarrek oso eskuzabal jokatu zuten, euskaren aldeko keinuak gizartearen integrazio politikorako eta biolentziaren arazoaren konponketarako balioko zuelakoan.

3. Ibarretxeren garaian, elebakarrekiko adostasuna hautsita, ezker abertzalearen gogoko jarrerak bultzatu ziren; funtsean, euskara hizkuntza nagusi modura ezartzea administrazioan eta hezkuntzan.

4. Politika hori guztiz bidegabea da, erdaldun elebakarrak administrazioko lanposturik onenetatik kanpo uzten baititu.

5. Bidezkoagoa litzateke EAEko administrazio publikoa gaztelaniaz bakarrik mintzatuko balitz. Hala ez lirateke erdaldun elebakarren eskubideak urratuko, ezta euskaldun elebidunonak ere, gaztelaniaz jarduteko gaitasuna ere badugu eta.

6. Azken batean, ameskeria hutsa —«postmodernismoaren ezaugarria»— da arazo guztiak konpon daitezkeela sinestea. Hizkuntza-eskubideen gatazka konponezina da, % 100 baino handiagoa baita euskaldun elebidunon eskubideak eta erdaldun elebakarren eskubideak gehitzeak ematen duen batura.

Oso erraz erantzun dakioke argudiaketa horri.

Eraso-argudioa: Eskubide-gatazka dagoenean, ez da bidezkoa euskaldun elebidunen  eskubideak erdaldun elebakarrenen gainetik ezartzea.
Kontrargudioa: Ez dago inongo gatazkarik. Legeak zehazten du zein diren eskubideak,  eta eskubideak denontzat dira.

Oso garbi dago kontua. Administrazioarekin euskaraz aritzea eskubide bat da EAEko herritar guztientzat, Euskararen Normalizaziorako Legean jasoa. Funtzionario izatea ez da eskubidea inorentzat, ez EAEn, ez Chinchonen. Funtzionario izan nahi duenak gizartea ondo zerbitzatzeko gaitasunak eta ezagutzak badituela frogatu beharko du.

Konforme ez dagoena parlamentuan ahalegin daiteke gauzak aldatzen. PSOEk eta PPk 43 hiletan izan zuten gehiengoa Eusko Legebiltzarrean eta, hala eta guzti, ez zuten debate linguistikoa sustatu. Pentsa liteke, agian, errentagarriago zaiela euskararen gaia hauteskunde-kanpaina guztietan ateratzea betiko konpontzea baino. Nik nahiago dut pentsatu Nafarroako kasuak ikaskizuna eman digula denoi: herritarren nahia eta borondatea euskarari heltzea bada, alferrik da legebiltzar bateko zenbakiekin jokatzea edo gobernu baten jarrera pasibo-agresiboarekin boikotatzea.

Lehenik Manhattan hartuko dugu

Juan Luis Zabala

(Leonard Cohenen beste kantu baten hitzak)

Lehenik Manhattan hartuko dugu

Hogei urte asperdura ezarri zidaten zigorra
Sistema barrutik aldatzen saiatzeagatik.
Banator orain, banator orain ordainaren bila.
Lehenik Manhattan hartuko dugu, gero Berlin.

Zeruetako zeinu batek gidatzen nau.
Larruan dudan jaiotzetiko markak gidatzen nau.
Gure armen edertasunak gidatzen nau.
Lehenik Manhattan hartuko dugu, gero Berlin.

Benetan maite dut zure ondoan bizitzea, laztana.
Maite dut zure gorputza, eta zure espiritua, eta zure arropa.
Baina ikusten al duzu geltokian zehar mugitzen den ilara hori?
Esan nizun, esan nizun, esan nizun ni horietako bat naizela.

Galtzaile gisa maitatu ninduzun.
Baina orain kezkatuta zaude irabaz dezakedalako.
Badakizu ni nola geldiarazi.
Baina ez duzu hori egiteko behar den diziplinarik.
Zenbat gautan egin nuen otoitz horren alde:
nire lana has zedin utzi.
Lehenik Manhattan hartuko dugu, gero Berlin.

Ez ditut maite zure moda negozioak, jauna.
Eta ez ditut maite horren argal eusten dizueten droga horiek.
Ez dut maite nire arrebari gertatu zaiona.
Lehenik Manhattan hartuko dugu, gero Berlin.

Eta eskerrik asko bidali dizkidazun gauza horiengatik.
Tximinoa eta zur kontraxaflatuzko biolina.
Gauero aritu naiz praktikatzen, eta prest nago.
Lehenik Manhattan hartuko dugu, gero Berlin.

Oroit zaitez nitaz, musikarentzat bizi ohi nintzen.
Oroit zaitez nitaz, nik eskuratu nizun janaria.
Aitaren eguna da, eta mundu guztia dago zaurituta.
Lehenik Manhattan hartuko dugu, gero Berlin.

First we take Manhattan

They sentenced me to twenty years of boredom
For trying to change the system from within.
I’m coming now, I’m coming to reward them.
First we take Manhattan, then we take Berlin.

I’m guided by a signal in the heavens.
I’m guided by this birthmark on my skin.
I’m guided by the beauty of our weapons.
First we take Manhattan, then we take Berlin

I’d really like to live beside you, baby.
I love your body and your spirit and your clothes.
But you see that line there moving through the station?
I told you, I told you, I told you I was one of those.

You loved me as a loser.
But now you’re worried that I just might win.
You know the way to stop me But you don’t have the discipline.
How many nights I prayed for this: to let my work begin.
First we take Manhattan, then we take Berlin.

I don’t like your fashion business, mister.
And I don’t like these drugs that keep you thin.
I don’t like what happened to my sister.
First we take Manhattan, then we take Berlin.

And thank you for those items that you sent me.
The monkey and the plywood violin.
I practiced every night and now I’m ready.
First we take Manhattan, then we take Berlin

Remember me, I used to live for music.
Remember me, I brought your groceries in.
It’s Father’s Day and everybody’s wounded.
First we take Manhattan, then we take Berlin

Pidgin bat

Maite Urkia

Azken egunotan Islandian ibilitako euskal baleazaleen berri agertu da egunkarietan (Berria, Diario Vasco…). Nonbait, orain 400 urte, 1615ean, 32 euskal baleazale hil zituzten Islandian. Ekaitz baten eta izotz puska handien ondorioz hiru itsasontzi hondoratuta edo hondatuta geratu omen ziren, eta arrantzaleak bi taldetan banatu. Iparraldera jo zutenek gorabeherak izan omen zituzten, eta toki hartako gobernadoreak haiek hiltzeko agindua eman omen zuen. Jón Gudmunssonek gertakizun haien berri jaso zuen urte hartan bertan. Orain, Gipuzkoako Aldundiak eta Islandiako Gobernuak adiskidetze ekitaldi sinboliko bat egin dute, eta Biltzar bat ere antolatu da hainbat erakunderen artean, Reykjaviken.

Baina albistea irakurtzen ari nintzela begiak beste nonbait pausatu zitzaizkidan. Ternuan ibilitako arrantzaleen kontuak gehiago zabaldu diren arren, esango nuke Islandiakoak adituen munduan egon direla batik bat. XVII. mendean ez omen ziren gutxi iparraldeko uharte horretara joaten ziren euskal arrantzaleak eta, noski, komunikazio beharren batzuk izango ziren. Halaxe sortu zen, bada, euskara-islandiera pidgina.

XVII. mendearen amaierako eta XVIII. mendearen hasierako eskuizkribuen artean bi hiztegi txiki agertu ziren Islandian bertan, eta 745 hitz inguru dituzte bien artean. Henrike Knörr zenari M.A. Elustondok Argian egin zion elkarrizketan (2006) Glossaria Gallica eta Glossaria Biscaica izenez aipatzen dira. Knörr euskaltzainaren ustez, arrantzale asko Donibane Lohizune aldekoak izateak ematen dio izena lehenengo bildumari.

Adibide batzuk:

Ungetorre
(Ongi etorri)

Eskora
(Aizkora)

Schularua
(Eskularrua)

Christ Maria presenta for mi balia, for mi presenta for ju bustana
(Kristok eta Mariak bale bat emango balidate isatsa emango nizuke nik)

For ju mala gissuna
(Gizon gaiztoa zara)

Zer travala for ju?
(Zertan egiten duzu lan?)

Sumbatt galsardia for?
(Zenbat galtzerdigatik?)

Eta pidginaren ahaide urrunekoa, koinea. Administrazioko testuen itzulpena da nire lekua eta egia da testuak errepikatzen direla eta Trados programak asko erraztu duela gure lana, baina neuronak lantzeko tartea ere izaten da; izan ere, departamentu guztietako dokumentuak iristen zaizkigu, baita herrietakoak eta justizia arlokoak ere. Bizitzan gertatu ohi den bezala, gauzei nola begiratzen diegun, huraxe ikusten dugu. Administrazioko itzulpena aspergarria dela eta irudimenerako lekurik ez duela uzten pentsa daiteke baina, ikuspegia zabalduz gero, ahalegin handiz sortu zuten koineari, euskara batuari, ekarpentxoa egiten diogula esan dezakegu.

Eta, bidenabar, pago eder baten antzekoa iruditzen zait blog hau ere ahalbidetzen duen koinea. Enborrak eta adarrek egitura osatuko lukete (morfologia, ortografia…), eta hostoak hizkuntzaren hitz guzti-guztiak genituzke, lur orotakoak. Hori hala, esan beharrik ez, ongarria geure kontu.

HONDAR alea euskararen IBIAN

Irantzu Epelde Zendoia

Auzoko bat etorri zitzaidan lehengoan, gonbidapen batekin: euskara elkarte bat sortzeko asmotan dabiltzala Hondarribian, eta ahal bezainbat zabaldu nahi dutela mezua: hiru ostiral arratsaldetan elkartu, eta eztabaida sortu nahiko lukete, ekimena hemendik lasterrera abian jartzeko asmoz. Topagunea-k parte hartuko omen du bilkuretan, dinamizatzaile lanetan, beste herri batzuetako esperientziak-eta ekarriz.

Ostiral arratsalde horietako saioen berri zabaltzeko, afixa bat egin dute, eta Facebooken bitartez ere hasi dira deia egiten.

«Hondarribian euskara gutxixko entzuten dela iruditzen zaizu?

Euskara eta hondarbitar [sic] hizkera gehiago entzutea gustatuko litzaizuke?

Horren guztiaren inguruko iritzia edo kezka baduzu: Ongi etorri!»

Gaurko sarrerarako hizpidea kartelak berak emango digu, edo hartan azaltzen den adibide sortak, “hondarbitar hizkeraren” perla sortak.

Erdi parean, ezkerretara, buruz behera-bezala dagoen harea ordulari bat ikus dezakezue, dariola, bertako hiztegikotzat jotzen diren aldaera eta esamolde batzuk isurtzen dituela: kapen egin ‘(uretan) murgildu, pulunpatu’, kaxota ‘etxola’, blagan ‘berriketan, ele-meleka’, itxeki ‘eutsi, heldu’, atzaman ‘harrapatu’, bakotxa eta abar. Gehienak ez dira Hondarribian bakarrik erabiltzen, baina orain inporta duena da afixa egiteko bilduman ibili direnentzat hemen-hemengoak direla, eta nolabait bertako hizkeraren marka[1].

Hizkuntza gutxituen testuinguruan, ez da batere arraroa hiztun batzuek –ez denek– identitatea nabarmentzeko hautu jakin batzuen alde egitea. Esan nahi dut –ez kondenatuz, baieztapen hutsa da– badirela goikoak bezalako hitzak nahitara maizago erabiltzen dituzten hondarribiarrak, hondarbitar hizkera areagotuz, jakitun direlako horietako asko galbidean direla, batetik, eta nolabait norberaren identitatea (hondarribiar petoa) markatzeko bide ematen dutelako, bestetik.

Gogoan dut nola, adibidez, Iparraldeko hiztun batzuek areagotu egiten duten hasperenaren ebakera, bereziki solaskidea Hegoaldekoa dutenean, edo bokal sudurkarien ahoskera. Hots, Hegoaldeko fonologian ez dauden ebakerak, betiere. Estilo jakin baten aldeko hautuak zeresan handia du identitatea markatze kontu honetan. Guztiz gomendagarria, honen harira (eskerrik asko, Agur), Peter Auer-en lan hau: Style and Social Identities. Alternative Approaches to Linguistic Heterogeneity (Mouton de Gruyter, 2007). Aipatzen ari naizen hau bezalako hainbat kasu biltzen ditu.

Gertatzen al da zuen herrian honelakorik? Eskertuko nizueke informazioa.

[1] Hiztegiari, jakina, ezaugarri fonologiko batzuen zerrenda gehitu beharko litzaioke, eta era berean morfologiari eta joskerari dagozkion beste ezaugarri batzuk.

Ez da beranduegi

Estitxu Garai Artetxe

Partida aurkariaren pilotekin jokatzea. Kontrako haizea duen itsasbidea aukeratzea. Doinu arrotzarekin bertsotan aritzea. Argudioak aurkariaren erreferentzia markotik sortzea. Euskara zigorrekin lotzeko komenentziari buruz eztabaidan aritzea.

Pozik egongo dira hizkuntza-politikan aurrera egitea galarazi nahi duten horiek, ustezko askatasun faltsuaren katamalopean euskararen betiereko morrontza nahi dutenak.

Ez gaitezen engaina. Gaztelaniak badu merkataritza-jardueren hizkuntza arautzen duen lege-bilbadura. Ez dago hizkuntzari dagokion lege jakin bat, bai, ordea gaztelaniaren derrigortasuna de facto dakarten zenbait lege-xedapen. Begiratu, esaterako, Espainiako Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Babeserako Lege Orokorrak 18 artikuluan etiketen hizkuntzari buruz espreski dioena. Gaztelania ez erabiltzea kontsumitzaileen eskubideen aurkako beste edozein arau-hausteren parekoa da. Arau-hausteak, eta ondorioz ezarritako zigorrak, hiru multzotan sailkatzen dira: arinak (3.005,06 eurora arte); larriak (3.005,07 eta 15.025,30 euro artekoak) eta oso larriak (15.025,31 eta 601.012,10 euro artekoak). Muturreko kasuetan lokalak ixtea ere aurreikusten du lege horrek.

Zer esan frantziar estatuari buruz. Toubon legeak frantses hizkuntzaren erabilera arautzen du, eta komunikazio komertzial guztietan frantsesa erabiltzera derrigortzen ditu enpresa eta erakundeak, eremu publikokoak eta pribatukoak. Lege horren karietara, 2006 urtean 500.000 euroko isuna jaso zuen General Electric Medical Systems enpresa amerikarraren filial frantsesak, saldutako software-aren eskuliburua frantsesez ez egoteagatik. Gainera, jakinarazpena jaso eta frantsesera egokitu gabe pasatako egun bakoitzeko beste 20.000 euro gehitu zizkioten kopuru mardul horri.

Inork entzun al du inoiz eztabaidarik gaztelania zigorrekin lotu behar ote den ala ez? Eta frantsesari dagokionez? Sekula inork ez ditu zalantzan jarriko gaztelania babesteko neurriak, estatu-hizkuntza delako, aitortza duelako. Gauza bera gertatzen da frantsesarekin, egon badaude lege horren kontra daudenak, baina ez hizkuntzari ekar diezaiokeen aurkako jarrerarengatik hain zuzen ere.

Baina gu, euskaldunok, gure txikitasunetik, konplexuz beteta gaude. Ez dira alferrik igaro zapalkuntza eta gutxiespen urteak, oraindik ere direnak eta ez direnak entzun behar izaten ditugu, badirudi eskerrak eman behar ditugula euskaraz hitz egiteko parada izateagatik, non eta euskararen lurraldean bertan.

Eta barkatuko didazue orain baliatuko dudan CAVernismoa edo EAE-zentrismoa, baina beste erremediorik ez zait geratzen, zatiketa-administratiboak bere lana egin baitu, baita ondo egin ere, kasik bereizketa berezkotzat hartu dugun arte. EAEn euskara hizkuntza ofiziala da gaztelaniarekin batera. Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren 2003ko Legeak honako eskubide hau aitortzen die kontsumitzaileei: “Bi hizkuntza ofizialak erabiltzea lege honek eta ordenamendu juridikoaren gainerako legeek ezartzen dutenari jarraiki”. Lege guztiek dituzte betearazteko mekanismoak, bestela ez bailirateke lege, aldarrikapen soila baizik. Hartara, 2008an etorri zen Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei buruzko Dekretua, gradualki enpresa eta merkatal gune handienak  zerbitzua euskaraz ere eskaintzera bultzatzeko. Isunak ez ezik (oso xumeak, 6000 eurora artekoak) dekretuak ezarritako betebeharrak bideratzeko diru-laguntza deialdi berezia ere kaleratu zuen Eusko Jaurlaritzak. Geroko istorioa guztientzat izango da ezagun, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako aulkia berotzera iristearekin batera, neurri-betearazleak deuseztatzen zituen dekretu berria onartu zuen.

Aldaketa horren ondorio agerikoena kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak aldarrikapen sinbolikora kondenatzea izan da, eta halaxe erakutsi du lehenengo diagnostikoak: saltoki handien %22k baino ez du betetzen dekretuan ezarritakoa. Baina, agidanez, beste albo-kalte bat ekarri du, askoz kezkagarriagoa: diskurtsoren nondik norakoa ezarri du, eztabaidaren muina desbideratu du. Hor dago koska, eta amuari kosk egin diogu.

Hor gabiltza, gaur eta hemen, euskara zigorrekin lotu behar den edo ez eztabaidatzen, euskarari mesede baino kalte egin diezaiokeelakoan. Eta galdera hori bada, erantzuna garbi dago: ez ahalbidetu asoziazio hori, arren! Bestalde, sesioan gabiltza zein izan daitekeen modurik onena euskaraz ez dakitenek edo bereziki euskaltzaleak ez diren herritarrek euskaldunon eskubideak errespetatzeko, behartzea edo limurtzea zer ote den komenigarriena. Horrek “gu” eta “haiek” zehatza ezartzen du. “Gu = euskaldunok / euskararekiko sentsibilitatea dugunok”, “haiek = erdaldunak / euskararekiko sentsibilitaterik ez dutenak”. Eta, nire uste apalean, bada garaia binomio hori hausteko eta “gu” eta “haiek” berria ezartzeko: “gu = euskara beste hizkuntzen maila berean nahi dugunok, euskararen ofizialtasunaren eta normalizazioaren alde gaudenok” eta “haiek = euskararen ofizialtasun eta normalizazioari trabak jartzen dizkiotenak”. Diskurtso horrekin errazagoa da hizkuntza-politikan neurri ausartak hartzea. Ez da beranduegi.

Higuina akuilu III

Borja Ariztimuño López

 

Haik(u)a I

Doinuak zatitzen zituelakoan
ebaki nahi izan zituzten
ez zutenen belarriak

 

Haik(u)a II

Ahairearen itolarria
arintze aldera
zintzurmotz otzan
egon hadi

Eta noizean behin… hara, poxa!

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Urtero bezala, Donostiako lagunak Iruñera etorri zitzaizkigun Pazko astean. Iñaki hagitz gizon xelebrea da eta jaidura bitxi samarrak erakusten ditu arlo askotan. Esate baterako, gure aldizkari ofizialetara jo behar duenean, nahiago izaten du lehenik euskal bertsioa irakurri, iruditzen zaiolako gaur egun, sarritan, hagitzez argiagoak direla erdal jatorrizko testu bihurriak baino. “Profesional txukunek egindakoak, noski”, erran ohi du gaiaz ari denean.

Iñakik oso gogoko du bere tesi hori hauspotzera datozen adibideak jendaurrean karrez eta indarrez defendatzea, eta nik, berriz, oso gogoko dut, haren tesia ez ezik, euskal itzutzaileon (h)egoak ere hauspotzera datozen adibideak kontatzea hari, etsenpluen zakua ongi hornitua eta aldian behin egoki berritua izan dezan.

Aurreko astean, beraz, larrialdietan izan nintzen azken aldian ikusi eta entzundakoak kontatu nizkion. Izan ere, Nafarroako Ospitaleguneko larrialdien eraikin berrian eriak bereizteko prozedura berria ezarri dute bakoitzaren osasun beharrak eta hango baliabideak hobeki kudeatzeko. Orain hara sartu, harrera-lekura joan, eta zenbaki bat ematen dizute, “debe esperar ahí, para el triaje” erraten dizutelarik. Aldamenean dauden aulki batzuetan egon behar duzu zain, aitzinean bi ate dituzula. Ateen gainean, letra handiz, TRIAJE dago idatzita, eta, ez hain handiz, SAILKAPENA. Euskarari esker ulertu nuen zertarako balio zuen lehen urrats hark. Ez nintzen bakarra izan:

Ño, zeinen ongi, aizu, beharrik euskaraz paratu duten, “triaje” hori entenditzeko ere.

Eta handik gutxira:

Triaje, triaje… Ni idea qué será, oye.

Pues creo que será pa’clasificar el daño o algo así, “sailkatu” es clasificar, creo.

Adiskideari gertatua kontatu eta gero, arrangura pitin batez aipatu nion itzultzaileon deformazio profesionala kezkatzeko modukoa iruditzen zitzaidala, aitortu beharra nuelako are une latz samar horretan ere poxa sumatu nuela bihotzean, pentsatuz ezen itzultzaileak, erdarazko idazkunaren arduradunak ez bezala, ongi asmatu zuela hartzaileak kontuan hartuz eta ulertzeko moduko hitz bat jarriz. Iñakik esan zidan nik sumaturiko pox hura ez zela itzultzaileon deformazio profesionalak eragindakoa, euskaldunon mendeku-goseak baizik. Ase-errazak, nonbait, gu.

Ama-hizkuntza, itzulpengintza eta Hong Kongeko aniztasuna

Maialen Marin Lacarta

Itzultzaileok, normalean, atzerriko hizkuntza batetik gure ama-hizkuntzara itzultzen dugu. Eta betidanik erakutsi digute ama-hizkuntzara itzuli behar dela eta atzerriko hizkuntza batera itzultzea ez dela komeni. Bestalde, hizkuntza eta itzulpengintza irakasle gisa aritzeko lan-iragarki askotan zehazten da irakaslearen ama-hizkuntzak zein izan behar duen. Ingelesez “native speaker” edo “near native” zehaztu ohi dute. Baina zer da “near native” hori? Jaiotzatikoa da, ala ez da.

Harluxet hiztegi entziklopedikoak ama-hizkuntza “haurtzaroan ikasitako lehen hizkuntza” dela dio. Testuinguru askotan, haurtzaroan ikasitako lehen hizkuntza ez da, ordea, ondoen menderatzen duguna. Batzuetan, hezkuntza formalean erabiltzen den hizkuntzak haurtzaroan ikasitako hori ordezkatzen du. Adibidez, gaztelaniak euskara ordezka dezake; ikasketak gaztelaniaz soilik egiteko aukera izan zuten batzuei gertatu zitzaien bezala. Baliteke gaztetan kanpora bizitzera joan eta hizkuntza berriak ama-hizkuntza ordeztea; edo bi hizkuntza horiek arlo ezberdinetan garatzea, bata etxean eta bestea lanean, adibidez. Beraz, ingelesez dioten “native” eta “non native” sailkapen horrek ez du beti balio. Gure ama-hizkuntza ez den hizkuntza bat izan daiteke ondoen menderatzen duguna.

Beste nahasketa komun bat, ama-hizkuntza nazionalitatearekin nahastea izaten da. “Ze ondo hitz egiten duzun frantsesez, frantsesa zinela uste nuen!”. Sarritan askoz korapilatsuagoa izaten da kontua. Eta zer esango nioke Hong Kongeko bati? Hong Kongeko kasua berezia denez, hemen konpartitu nahiko nuke.

Hong Kongera etorri baino lehen banekien hemen kantonera hitz egiten zela. Eta, beraz, ez nuela nire mandarinerarekin nahikoa izango. Kantonera dialekto bat dela esan ohi da, baina, egia esanda, txinera estandarraren (mandarinera deitzen zaionaren) oso bestelakoa da. Mandarineraz eta kantoneraz idazteko erabiltzen diren karaktereak berberak dira, nahiz eta ezberdin irakurri. Beno, Hong Kongen bertsio tradizionala erabiltzen da, Taiwanen bezala, eta Txina kontinentalean, berriz, karaktere sinplifikatuak. Baina bi idazkera horien arteko ezberdintasun bakarra, sinple azaltzeko, karaktereen trazu kopurua da. Halere, kantoneraz esaten diren gauza asko ez dira idazten. Kantonera ahozko hizkuntza dela esan genezake. Hau da, kantonerako esaerak eta esaldiaren egitura ez dira errespetatzen idatziz ematen direnean; mandarineraz idazten da azken finean. Mandarineraz idatzitako testu bat kantonerazko ahoskera erabilita irakurriz gero, oso formala eta hotza irudituko zaio entzuleari. Kantoneraz hitz egiten den moduan idazteko, karaktere berriak asmatu dira. Baina idazkera hori egon baden arren, ez dago estandarizatuta. Kantonerako opera libretoetan erabiltzen da, adibidez.

Hong Kongeko bigarren hizkuntza ofiziala ingelesa da. Populazioaren erdiak daki ingelesez, eta kantonera % 96k. Ez ahaztu 1842-1941 artean eta 1945-97 artean Hong Kong kolonia britainiarra izan zela. 1997an Txinako administrazio-eskualde berezi izatera pasatu zen. Beraz, gaur egun jende askok badaki mandarineraz ere Hong Kongen. Lehen eta bigarren hezkuntza publikoak kantoneraz izaten dira, unibertsitatea, berriz, ingelesez. Baina unibertsitatera sartzea ez da batere erraza izaten, plaza gutxi daude eta. 2011n lan egiten duen populazioaren % 20k soilik zeukan unibertsitate-titulu bat Hong Kongen[1].

Klase ematen dudan unibertsitatean, lizentziaturaren tituluak “Translation and Bilingual Communication” izena du. Horregatik, ikasle elebidunak espero nituen, baina ez da hala izan: haien ingeles maila espero nuena baino kaskarragoa da. Ingelesa bigarren hizkuntzatzat duten arren, ikasketak kantoneraz egin dituzte gehienek. Halere, lizentziaturan bai txineratik ingelesera, bai ingelesetik txinerara itzultzea eskatzen zaie. Hong Kongekoa den lankide batek, hemen ikasi eta bizi izan denak, ingelesez txineraz baino hobeto idazten duela esan zidan kurtso hasieran. Eta literatura txineratik ingelesera itzultzen du. Haren etxeko hizkuntza (eta ama-hizkuntza) kantonera da, ordea.

Unibertsitatetik kanpo egoera ezberdina izan daiteke bakoitzaren bizi-istorioaren arabera. Dantza garaikidea egiten dut eta klaseak kantoneraz dira. Irakasleek mandarineraz edo ingelesez egiten didate, eta ikaskide gehienek ere ingelesez egiten didate eta mandarineraz gutxi batzuek. Nik kantoneraz ez dakidalako gertatzen da hori, noski. Gehiengoaren ama-hizkuntza kantonera dela esango nuke, baina hori pixkanaka aldatzen joaten da unibertsitatean eta, urteek aurrera egin ahala, idazteko garaian ingelesa txinera baino hobeto menderatzen amaitzen dute unibertsitate-ikasketa luzeak egiten dituzten askok.

Gai honen inguruan, zera dio David Bellosek:

The passport you hold doesn’t have anything to do with your competence as a a translator, nor does the language that you learned in your infant environment. What matters is whether you are or feel you are at home in the language into which you are translating. (…) The paths by which speakers come to feel at home in a language are far too varied for the range of their abilities to be forced into merely two slots (“native” and “non-native”), however broad or flexible the definitions of those slots may be.[2]

Hong Kongera iristean izan nuen krisia pixkanaka desagertzen joan da. “Ez ingelesa eta ez txinera ez dira nire ama-hizkuntza eta nola erakutsiko dut nik itzulpengintza? Edo txinatar literatura?” pentsatu nuen iristean. Baina ingelesez “I feel I am at home”, beraz, horrekin nahikoa. Zalantzak ditudala? Noski! Baina idazten dudan hizkuntza guztietan sortzen zaizkit zalantzak. Horrekin ez dut esan nahi Shen Congwen txineratik ingelesera itzultzera animatuko nintzatekeenik. Uf, ez horixe. Baina nire ikasleei itzulpen teknika ezberdinak erakusteko gai sentitzen naizela esaten diot neure buruari. Pixkanaka Europa mendebaldean ama-hizkuntzarekin dugun obsesio hori burutik kendu eta Hong Kongeko aniztasunetik ikasten saiatzen naiz. Hurrengo pausoa kantonera ikastea izango da, oraingoz denda batera sartzen naizen bakoitzean bi hizkuntza inperialisten artean aukeratzea tokatzen baitzait.

[1] Hon-Kwong Lui, Widening Income Distribution in Post-Handover Hong Kong. New York: Routledge, 2013, 122. orr.

[2] David Bellos, Is That a Fish in your Ear? Translation and the Meaning of Everything, New York, Faber and Faber, 2011, 66. orr.

Hegazkina, mendiaren kontra dart-dart

Karlos del Olmo

Oraindik ondo josita dugu denok gomutan duela gutxi Alpeetan izandako gertaera lazgarria, eta izan dituen mota guztietako ondorenak, besteak beste, hizkuntzazkoak, gure hizkuntzari (baina ez geureari bakarrik) dagokionez. Lantokian berehala hasi ginen gogoeta egiten alderdi semantikoaz, besteak beste, honen moduko esaldiak irakurri ondoren:  ”Kopilotuak propio erorarazi zuen A320 hegazkina, bakarrik geratu zenean”; “Lubitzek hegazkina nahita amildu zuela berretsi du bigarren kutxak”, “Hegazkina arinago erortzeko agindua eman zuen hainbatetan Germanwingseko kopilotuak”, “Hegazkinak behera egiteko maniobra abiatu zuen ‘nahita’ kopilotuak”…

Azal dezadan sortu ziren zalantzetako batzuk: “Norbera barruan dela, erorarazi ala amildu esan ote daiteke?”, “Arinago erortzeko agindu ote diezaioke pilotuak motorrak piztuta dituelarik?”, “Motorrak piztuta egonik, zeru goietatik amildu ote daiteke aireplanoa, erabat kontrolatuta doala?”.

Orotariko Hiztegian oso soka luzea duen tradiziozko erabilera bat agertzen da: “Ekusi zituala animak infernura amiltzen, elurra ugari ari danean elur-maloak lurrera erori oi diran eran” (ikus zelako joko polita amilduren eta eroriren artean). “Jesu-Kristok denbora danean utziko du [Ante-Kristoa] ill otza; eta amilduko da infernura sufre erazekizko ainzira edo osin batera”. “Aberatsa ere il zan; eta infernura amildu zan”. Tamalez, arimak ez dira hegazkinak, eta ez dute hegan egiten ere hilotzik daudela. “Aingeru gaixtoak bezala, zerutik ifernura anbiltzen gaitu” adibidetik hurbilago dago aipatu hegazkinarena? Lizentzia poetiko halako bat hartuta, baliteke. Amilduz eraturiko adibide ugariak ere ugariak agertzen dira, gutxi, berriz, auzi honetan argi egingo digunik… ez bada sarrera hau: “AMILDU ERAGIN. Hacer caer, precipitar. v. ~amilerazi.~ |*| “Ogasunetan amildu eragin eta neskatxaren matrail leunetan atustan kokatzen aizen maitasun ori!”, Zaitegirena. Beharbada, euskaldun askoren buruan, amildegiei fisikoki lotuegi dago amildu aditza, eta, hegazkina, berez, ez zen amildegian behera joan, ezta halako batetik inork bota ere (iruditeria poetikoaren aldetik oso litekeen kontua izan arren).

Eroraraztearena antzeko kontua dateke; Orotarikoan, esaterako, ondokoa ikusten dugu: ERORI ERAGIN. Hacer caer. v. ~erorarazi.~: “Pekatuan erori eragiteko”. “Zure arrotasun andiak eta humiltasunik ezak estropezatu eta erorieragiten zaituztela”. Argitasun handirik ez dugu eskuratzen horretatik, ez, bederen, bizidunak barruan daramatzala  pertsona batek gobernatuta hegan doan tramankulu motordunaren ekintza zedarritzeari dagokionez.

Guztiarekin ere, beste hizkuntzek ere lantegi izan dute gertaera behar bezala azaltzea: “deliberately crashed the plane”, “ hizo estrellar el avión”, “Volontairement avion de passagers se est écrasé Germanwings, que la boîte noire (…) a été volontairement détruit par son copilote”. Hortaz, abia gaitezen gu ere bide horretatik:

Esparru horretatik hurbilago, Elhuyar hiztegiak, adibidez, hau dakar: “el motorista se ha estrellado contra una pared”: “motoristak horma jo du”. Hegazkinen gaineko adibiderik ez du, baina zabalkuntza halako bat eginda,  “Kopilotuak mendia jo zuen” idatz genezake; dena dela, nahikoa litzateke gertaera zehazki esplikatzeko? “Borondatez, nahita…” erantsiz gero, beharbada.

5000 hiztegiak “ha estrellado el coche contra la pared”: “automobila hormaren kontra jaurti du” adibideaz gidariaren borondatea, nahitasuna, agerian jartzen digu (filmetan bezala, azken unean jauzi egin duen ala ez elipsian utzita) jaurti aditzaren baranora igarorik.

Itsasontziak ere, tradizioan, “bazterraren kontra”, “haitza jota” desegiten dira, baina adiera horri, hegazkin triskantzari gagozkiola, eragilea edo arazlea atxiki behar genioke. Autoek ere bazterra jo ohi izaten dute, istripua arina edo guztiz txikitzerainokoa izan daitekeelarik.  

Ezbairik gabe, adibide hurbilena dugu Zehazkin jasoa: “se ha estrellado un avión en Colombia”: “hegazkin batek lur jo du Kolonbian”. Honako honetan ere ez dakigu ziertotik pilotuak gurata jokatu zuen ala ez; hortaz, berriro ere zehazkiago esan edo idatzi beharrean geundeke eragiletza edo borondatea aipatuta.

Mokoroak jasotako erakusburu bat ezinago egoki da hau dena finitzeko: “Aize ta olatuak eroèn lekurantz joian ontzia, zuzenbide-baga; ta goizeko iruretan, dart-dart jo ebazan atxak”.

If I am buying…

Maialen Berasategi Catalán

Beharrak eta komenentziak eramaten omen du jende gehiena hizkuntza bat ikastera eta erabiltzera. Bada hizkuntzazale soil denik, jakina, eta badira maitasunagatik eta bestelako motibo erromantikoengatik hasten direnak, baita modagatik ere akaso, baina, oro har, badirudi titulu, egiaztagiri eta halako paper-puskak eskatzen direlako ematen duela jendeak izena hizkuntza-eskoletan eta akademietan.

Dena saleros daitekeen garai honetan, gizakiak etekina jaso nahi izaten du hizkuntza bat hautatzen duenean: adibide ezin argiagoak dira kartelak eta bestelakoak ingelesez eta beste erdara batzuetan jartzen dituzten denda eta jatetxeak.

«If I am selling to you, I speak your language. If I am buying, dann müssen Sie Deutsch sprechen», esan omen zuen W. Brandtek.

Zoritxarrez, merkatu-lege itxuraz unibertsal hori ez da hain unibertsala. Gure herri diglosikoan –beste zenbaitetan bezalaxe, ziur–, esaldiaren aldaera hau izaten da nagusi maizegi: «If I am selling to you, I speak your language o tu idioma. Si soy yo quien compra, entonces no te agobies, que seguiré hablando en el tuyo».