Bando, bando! Meikuk esan do!

Lierni Garmendia Arratibel

Itzultzaileak bere ama-hizkuntzara itzuli behar du beti. Ondo barneratuta daukagu itzulpengintza-ikasleok lege hori, behin eta berriro entzuten baitugu irakasleen ahotik. Lege hori betetzeko, ordea, legea bera baino gehiago, nork bere ama-hizkuntza ezagutu behar du lehenik eta behin. Zentzuzkoa da. Bai eta beharrezkoa ere. Hanka eta buru ez ezik, zilborrik ere badu.

Zentzuzkoa delako aitzakian, ordea, ziurtzat jotzen da itzultzailea bere ama-hizkuntzara itzultzeko gai dela, eta horrekin batera, atzerriko hizkuntzak ikasteari eskaintzen zaizkion lau ikasturteek jan egiten dute ama-hizkuntza ezagutzeari eskaintzen zaion bakarra. Atzerriko hizkuntzen goseak itsutzen du ikaslea. Itzulpengintza profesionalaren munduak begiak zabaldu arte.

Horren harira, joan den astean gogoeta egitera behartu ninduen galdera bat egin zidan Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan hasi berri den ikasle euskaldun batek. Dei diezaiogun Ander. Ama-hizkuntza euskara du, baina prestakuntzan zehar alemanetik eta txineratik gaztelaniara itzuliko du, katalana tarteko. Ama-hizkuntza euskara izanda ere, etorkizunean euskarara itzultzeko gai izango da? Eta ingelesetik itzultzeko, ingeles-maila altua izanda ere? Anderrek berak erantzun zion galderari, nik emango niokeen erantzuna hori zela jakin gabe: «Prestaketarik gabe ez, ezta?».

Prestakuntza akademikoa, profesionala zein nork bere kabuzkoa izan, hori gabe ezin da hizkuntza batetik bestera itzultzeko gaitasuna garatu. Medikuak janaria irentsi aurretik ondo mastekatzea gomendatu, eta kasu egiten diogu. Ohiko 15 minutuak luzatu eta 30 eskaintzen dizkiogu otordu bakoitzari, pusketa bakoitza bost, hamar eta hogei aldiz ere mastekatzearren. Osasunaren onerako ei da. Orduan, zergatik ez luzatu ama-hizkuntza ezagutzeari eskaintzen zaion denbora? Gure itzulpenen onerako izango da. Egin kasu medikuari: hizkuntza bat irensteko, ondo mastekatu behar da estreina.

Hizkuntza bat ez da beste bat baino garrantzitsuagoa, baina atzerriko lanak etxera ekartzeaz ari bagara, etxekoak izan behar luke lehentasuna. Euskararen kasuan bereziki, gure etxea ez baita eraiki zaharra. Euskara batuaren bidean aurrerapen handia egin bada ere, arau, gomendio eta irizpideak ezagutu behar genituzke euskara lan-tresna dugunok, baita baliabideak ere.

Horregatik, itzultzaileak hasiera-hasieratik sailkatu behar lituzke lanerako erabili nahi dituen hizkuntzak eta konbinazioak. Hizkuntza-gaitasuna ez baita itzultzeko gaitasunaren berme. Baina hori beste auzi bat da.

Politikera ikasteko metodoa (1. maila)

Karlos del Olmo

Egunero-egunero jasotzen du penintsulako euskarak kazetari eta politikari euskaldunek gaztelaniatik inportaturiko maileguen eragina, zenbateraino eta, euskaraz gero eta entzunago izatearen ondorioz, etengabe «mahaigaineratzen» dizkiguten-eta hamaikatxo berba eta berba ondo nahiz esakune eta esakune ondo, bestela esaterik ez dagoela pentsatzeraino ere hel gaitezkeela.

Aspaldian, adibidez, nazio, estatu, erakunde, talde baten izena esan beharrean, «gure herri hau», «nazio hau», «estatu hau», «gure erakundea», «udal honetan», «gure hiriko bideak»… Gauza da «hau» eta «gure» izen arrunt bati eranstean, dagokion berezko izen berezia aipatu barik, lanbro linguistikoa besterik ez dugula sortzen. Esate baterako, «Gure hiria 2016rako prestatzen ari da…», «Estatu honek ez du onartuko…».

«Bi begi keinu heldu zaizkigu berriki Lisboako Euskal Herriaren Lagunek (ASEH) bidalita bat eta diaspora konprometitutik bestea». «Ezkerrari keinu bat egin zion», «Jarrera hori begi keinu bat da…». Izurrite baten aurrean gaude ala imintzioka ibili ohi dira arduradun politikoak, kazetariak eta «eragile politiko eta sozialak»?

Ildo beretik, egun, zein baino zein «konplizeago» «sopikunago» «kideago» izaten gara: «Konplizitate handia ekipo guztiarekin, musikariekin…». «Konplizitate handia erakutsi dute…»… Erne beste guztiak, makurkeriaren bat dabil hegan!

Zerbait ontzat jo edo onestea ez da nahikoa: nor edo izateko, «balioan jarri» beharra dago, osterantzean, hutsaren hurrengo izango da dena delakoa.

Ez da atzo arratsaldeko kontua, ezta hurrik eman ere, baina edozer egiten dugularik ere, zergura jazoera, «historiko» da. Eta hainbesterainoko inflazioaren eta balio higaduraren ondorioz, historikoa baino «historikoago» den kalifikatzailea topatu beharrean gaude: prehistorikoak edo «posthistorikoak» nahikoa ez, eta «megahistorikoa» edo asmatu beharko, postmodernitatera helduko bagara. «Gogoangarri» hain da zapore bakoa!

«Agenda arazoak direla kausa». Nolako arazoak, baina? Kalitate txarreko agenda da? Ezin da irakurri, ez dute oharra behar bezala idatzi? Galdurik ote?

Negoziatzen amaitu dute, baina oraindik badira zertu beharreko zenbait «kontu, puntu, xehetasun, zertzelada» (azpildurak, alegia). Hortaz, negoziazioa ez da bukatu, baina hain da latza halaxe onartu beharra!

«Hori esanda / esan ondoren, beste gauza bat gaineratu zuen / jo dezagun beste gai batera». Prefosta, bi gauza batera-bateratsu esaterik ez dugu asmatu oraindik pertsonok!

«Ezin bestela gertatu», «ezin zitekeen bestela izan», «hala behar zuen eta»… Zer adierazi nahi dute, benetan, hori darabiltenek, patua aldaezina dela edo… gauza igarria zela hala izango edo gertatuko zela? Oso esangura ezberdinak baitira horiek biak…

Baina, beharbada, erramu galanta merezi duena, guztiz geure egin dugulako, «ibilbide orri» izatezko bikotea da (Mitxelenak zioenez, «geureganatuak eta etxerakotuak ditugunak»). Ezin ezer egin, gaur eta hemen, ibilbide orririk gabe, menturaz, «agertoki» berri honen atarian iparra galdurik, noraezean gabiltza nora ezean.

Neurri politikoak (zerbait izartzen dute, benetan?) gutxi izan, nonbait, eta orain sortaka, paketean edo fardelka onartzen dituzte: «nekazaritza ustiategien titularrak zahartzeak suposatzen duen arazoari modu integralean helduko dion neurri pakete egituratu bat abiaraztea». Egia esan, esaldi horretan dena da mamia (ala hezur gogor hutsa?). Neurrien sorta da ala pakete bete neurgailu?

«Larba-egoeran dago gure gizartean…». Gauza larregi gure gizartean dena delako egoera berezi horretan, duela gutxi arte larba urtar eta lehortarrak ezagutzen genituen. Orain, berriz, indarkeria, ustelkeria, egiturak… egoten dira hala, marisorgin edo ugaraxo noiz bihurtuko.

Zer da, bestalde, «sendotze fiskala»? Aurrekontu publikoen defizitak nahitaez mugatuta egon beharra, omen. Zer? Batzuek gerrikoa laxatzea, bestetzuek, berriz, areago estutzea. Zaharrak berri eta guztiak amorragarri.

Txingila mingila kurruskario, abre las puertas del armario

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Orain dela zortzi bat urte, urri hondarrean ginela eta franko sutzen hasiak Halloween ohitura sasiko, arrotz eta inbaditzaileari buruzko marmar suharrean, Asun Agarak –amatxi Asunek– ez bat eta ez bi bota zigun Lesakan garai batean beeeeeeeeeeeeti egiten zutela hola, umeek kalabazak hustu, begi-zuloak, ahoa eta hortzak labanarekin moztu, kandela barnean sartu eta landazelaietara joaten zirela txoko ilunen batera paratzera, gauez ingurutik pasatzen zirenak-eta izutzearren. Harridurak mututu gintuen; ezjakinak lotsatu.

Nik banuen Nafarroako hainbat tokitan Omiasaindu egunaren inguruan haurrek egiten zituzten puska-biltzeen berri, baina kalabazak husteko ohitura itsasoaz bertzaldeko inperiotik erasoan zetorkigun hamaikagarren amerikarkeria zelakoan nengoen. Eta ez zen, antza, guztiz hola, zeren hor baikenituen, geure ohitura berriki galduetan erroturik, Halloweeneko bi ezaugarri behinenak: haur eta gaxteen puska-biltzeak eta aurpegi itxurako kalabaza hustu kandeladunak!?!

Biharamunean, online ikerketa axaleko batek argi erakutsi zidan ohitura aski zabaldua zela oraintsu arte, hala bazter hauetan nola inguruetako eskualdeetan: Biarnon, Asturiasen… Festaren aztarnak eta testigantzak ugarituz[i] joan dira hazten urteotan. Jon Etxegaraik, 63 urteko lesakarrak, gogoan du bera txikitan kalabazak husten-eta ibiltzen zela. Beldur ikaragarria pasatzen zuela dio.

Horien berri izan nuenetik, urtero, urri hondarrera gerturatu ahala, beldur emateko moduko sermoiak jasanarazten dizkiet hurbilekoei uler dezaten Halloween –plastiko eta kartoizko kuia eta disfrazen geruza gezatuen azpian dauden ezaugarri oinarrizkoak behintzat– geurea ere badela, hilen alde errezatu beharrean, hilei erregutzen zitzaien garaietatik datorrena segur aski. Eta pozik eta jakin-min biziz ikusi dut nola hasi diren leku batzuetan bertzelako ospakizun-moduak proposatzen eta antolatzen, dela erresistentzia moduan, dela hemengo festa moldea(k) berreskuratu eta berriztatu nahian. Edo arroztzat jotako kultur adierazpen jakin baten difusio geldiezinari aurre egin eta ohitura zaharberrituak eskaintzeko gazte eta umeei.

Eta izena duena baden bezala, badenak izena behar. Hasia da, hortaz, izenen dantza: Gaba Beltza erraten diote jada eta aspalditik guztiz erroturiko ospakizunari Mutrikun; Euskalween deitu diote Ibaialde Ikastolakoek Lodosan; Halloween bere hola nahiago bertze tokietan. Eta hor ditugu eskura eta aukeran izendapen tradizionalagoak ere: Animen eguna, Arimen gaua, Omiasaindu, Domusaindu, Hilen eguna… Geroak erranen zer izendapen nagusituko den/diren.

Bertzetik, puska-biltzeetan umeek eskean aritzeko erabil ditzaketen euskal formulen kontua ere hor dago. Zeren ingelesezko ipuin eta filmetako Trick or treat itzultzeko oso ordain egokia iruditzen baitzait EITBn darabilten «ziria edo saria». Udazkeneko lehen eske hori Hollywoodetik etorri bezalaxe kopiatu nahi dutenendako ere oso esapide egokia izan daiteke goxoki eskean euskaraz ibiltzeko. Nahiz eta bertzelako itzulpenak ere zabaltzen ari diren: zenbait tokitan, kasurako, «gozoa edo sustoa» errateko gomendatzen omen diete etxez etxe dabiltzanei. «Trukoa ala tratua» ere erraten dela jakin dut (trick or treaten gaztelaniazko itzulpen eskasaren bidetik, agidanez).

Holako ordainak, ordea, horretarako aproposak iruditzen zaizkidan hein berean, erabat desegokiak iruditzen zaizkit festa geuretu eta bertzelako moldeetan antolatu nahi denerako (erraterako, disfraz erosien ordez trapu zaharrak hartuz, aurpegia estali eta mozorrotzeko; txutxeen ordez –edo haiez gain–, gaztaina, hur eta intxaurrak ere bilduz etxez etxe ibiltzeko; kalabaza benetakoak hustuz jendea izutzeko…). Horretarako, nik uste, ez dugu inongo itzulpenik behar, baizik eta Oier Araolaza dantzari eta antropologo eibartarrak[ii] proposatzen duen bidea erabili, hots, hemengo eskeetako formulak baliatu. Izan ere, Iñigo Ibarrak Aulkipeko sekretuak liburuan dioenez: «Lepoa gehiegi irangitu gabeko lehendabiziko axal begiratuan, Iruñetik ez oso urruneko herri mordoxka batean, inauteri giroko, puska biltze modukoak ikusiko ditugu han-hemenka, Saindu Guztien egunera moldatuxeak».

Araolazak, bada, Joxemiel Bidadorrek Ollaranen jasotako Xanduli Manduli, Kikirriki… echeme usted nueces por aquí! oinarri hartu du seme-alabei Xanduli, manduli, kikirriki… eman goxokiak guri! proposatzeko. Bidadorrek bertze hainbat lelo jaso zituen, hala nola Etxaurikoa: Tirriti-tarrata mandulon, domine domine sandulon, en esta casa no hay turrón; eta Baternaingoa Txinurrie, mandurrie, alakatan, txinurrie.

Badira bertze anitz: Mikel Goñi lankideak erranda jakin dugu Utergan Dominé-dominé castañé, y si no zikiñé diotela umeek arrebutxean. Jimeno Juriori irakurri diogu Chinurrie, mandurrie, aratako castañere, ¡Si nos echas, pa tu tía! oihu egiten zutela haurrek euskara «ustel» batean Muru-Asterainen (Txinurri erraten zaio Iruñerriko herri batzuetan haurrek etxez etxe egiten duten intxaur eta gaztaina bilketari).

Baztan-Bidasoan, bertzeak bertze, Maraittu, maraittu eta Berentxi, berentxi formulak ditugu. Eta Mikel Tabernak idatzita eta kontatuta dakigu «Santu guzien egunean, haurrek estanpa bat hartu eta Marautxe bat, marautxe bat erranez xoxa eskatzen ziotela jendeari». (Bide batez, ttikia zelarik Alkaiagako dendako erakusleihoan kuia aurpegiduna jarri izanaz oroitzen da Taberna).

Bada eske-formula bat niri anitz gustatzen zaidana, Mikel Aranburuk 1989ko artikulu batean jasotakoa, Zaraguetakoa: Txingila mingila kurruskario, abre las puertas del armario. Alabari ere pila bat gustatu zaio. Aranburuk aipaturiko honako aldaera hau ere proposatu diot, Zingila mingila kurruskario, sagarrak merke ta udareak kario. Baina ez zaio gustatu, goxokiak, intxaurrak eta gaztainak eskatzeko hobe dela armairua zabaltzeko eskatzea. Nire baitan beti erne dabilen sen garbizaleak aginduta, bertze aukera hau eman diot: Txingila mingila kurruskairua, ireki ezazu armairua. Alaba heldu den larunbatean Arrotxapeko baratzeetara joateko irrikaz dago. Trapu zahar bat hartu nahi omen du bere mamu mozorrotako, eta kalabaza irri-gaizto kandeladun bat eraman aldean, jendea izutzeko, «aitak eta amatxik txikitan bezala».

Duela zortzi urte Halloween hollywoodtartuaren bidez ziri galanta sartzen ari zitzaizkigula uste nuen. Orain, aldiz, saria ekar diezagukeela uste dut, gurea zen ohitura bat berreskuratzeko eta eraberritzeko aukera ekartzen ahal digula opari.

Gaiari buruz jakin-min handiagoa duzuenondako:

AHOTSAK. Halloween, euskal festa?
ARANA MURILLO, Anuntxi (2004). «Jaietako eskeen erredundantziaren zentzua», Zainak, 26. Baiona: Eusko Ikaskuntza.
ARANBURU URTASUN, Mikel (1989). «Folklore festivo del valle de Arce», Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 54. Iruñea: Principe de Viana, Nafarroako Gobernua.
ARAOLAZA, Oier. Halloween euska festa bat da (iv).
ARAOLAZA, Oier. Xanduli, manduli, kikirriki… eman goxokiak guri.
BIDADOR, Joxemiel (2010). «Cuestaciones infantiles por Todos los Santos en la cuenca de Pamplona: Los Txinurris», Jentilbaratz, Cuadernos de Folklore, 12. zk. Donostia: Eusko Ikaskuntza.
IMBULUZQUETA ALCASENA, Gabriel (1993). «Cuestaciones infantiles en Todos los Santos y día de Difuntos en Baztan-Bidasoa», Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 61. zk. Iruñea: Principe de Viana, Nafarroako Gobernua.
IBARRA, Iñigo (2014). Aulkipeko sekretuak. Iruña: Denonartean.
JIMENO JURÍO, José María (2006). Obras Completas 51. «Calendario festivo. I. Celebraciones de las cuatro estaciones. Primavera-Verano». Iruñea: Pamiela, Udalbide eta EKE.
LEVI-STRAUSS, Claude (1952). «Le Père Noël justicié», Les Temps Modernes, 77. zk. Paris: Les Éditions Gallimard.
TABERNA, Mikel (2010). «Kalabazak bidebazterrean», Ttipi-ttapa, 530. zk.

[i] Orain bi aste eskas Iruñeko emakume adineko batek, Tere Chacon Goñik, okindegiko kalabaza tankerako pasta marmeladezkoei kopeta zimur begira zegoela, xalo-xalo erran zidan bera ere ibilia zela txikitan domusaindu egunean Arrotxapean kalabazak husten eta aurpegiko zuloak egiten, gero gauez haiekin irteteko, dibertigarria eta beldurgarria zela. Baina orduko festa hark ez zuela oraingoaren kutsu kontsumista. Ez orduko festak, ezta orduko aroak ere, pentsatu nuen nire kolko harritu bezain bozkarioz beterako jakinik ohitura hark hiri aldirietan bertan XX. mendearen iatsun erdialdera arte iraun zuela.

[ii] Oier Araolazak dibulgazio-lan ikaragarria egin du azken urteotan kasualitatez eta ustekabez ohituraren berri izan zuenetik, aitari adituta.

 

Oportuno = egoki?

Xabier Aristegieta Okiñena

Esango nuke gaztelaniazko oportuno adjektiboa askotan ez dela behar adinako zehaztasunez euskaratzen.

DRAEren arabera, honakoa esan nahi du adjektibo horrek:

oportuno, na
Del lat. opportūnus.
1. adj. Que se hace o sucede en tiempo a propósito y cuando conviene.
2. adj. Ocurrente y pronto en la conversación.

Alegia: Espainiako Akademiaren arabera –eta ematen dion bigarren adiera alde batera utzirik–, oportunok ez du nolanahiko egokitasun bat adierazten, baizik eta komeni den unean egiten edo gertatzen denaren egokitasuna.

María Molinerren hiztegiak ere adiera hori ematen dio aurrena:

Se dice de lo que, por la ocasión en que se hace u ocurre, produce buen efecto: ‘Una llegada [Una lluvia] oportuna’

Baina DRAEk baino esanahi zabalagoa aitortzen zion oportunori Moliner andreak; hots, adjektibo horrek bestelako motiboengatiko egokitasunari ere erreferentzia egin ahal diola jasotzen du –adiera arras zabaldua, esan gabe doanez–:

«Adecuado. Conveniente». En perfecta correspondencia con cierta cosa: ‘Una respuesta oportuna’.

Artikulu honetan jorratu nahi nukeena da DRAEk oportunori ematen dion lehenengo adiera hori («que se hace o sucede en tiempo a propósito y cuando conviene») euskaraz nola eman. Esate baterako, honako adibidekoa:

Una oportuna lluvia salvó la cosecha.

Zehazki hiztegiak hauxe dakar:

oportuno adj egoki: la oferta llegó en el momento oportuno, eskaintza une egokian heldu zen; para tomar las medidas oportunas, dagozkion neurriak hartzeko.

Elhuyar hiztegiak, honakoa:

oportuno, -a
1  adj. egoki, apropos, beharrezko, bidezko
– has llegado en el momento más oportuno: unerik egokienean iritsi zara
– hay que tomar las medidas oportunas: beharrezko neurriak hartu behar dira
2  adj. [referido a una persona] burutsu, asmotsu

Ohar bedi ez Zehazki hiztegiaren proposamenak ez eta Elhuyarrenak ere ez digutela eskaintzen una oportuna lluvia sintagmako oportuna hori euskaratzeko hitz asegarririk: euri egoki edo euri apropos irakurrita, ez da argitzen egokitasun hori zertan datzan: euriaren kantitatean, nolakotasunean (zirimiria? tanta lodiak?), iraupenean, ala euria bota duen unean. Irakurlea asmalanetan uzten dugu.

Argigarriago gertatzen zaigu ikustea zer proposatzen duten inoportuno antonimoaren euskarazko ordain gisa.

Zehazki hiztegian:

inoportuno adj ezgaraiko, ezorduko, tokiz kanpoko, orduz kanpoko.

Elhuyar hiztegian:

1  adj. ezgaraiko, ezorduko, desgaraiko, desorduko
– una llamada inoportuna: ezgaraiko deia
2  adj. desegoki, ezegoki
– por la forma de mirarme supe que dije algo inoportuno: begiratu zidaten moduagatik badakit zer edo zer desegokia esan nuela

Ezgaraiko, ezorduko, beraz. Horietan agertzen da, bai, denbora edo une nozioen erreferentzia. Baina sistematika-hutsegite bat aurkitzen uste dugu. Zeren, darabilgun zentzuan, «inoportuno» ezgaraiko, ezorduko baldin bada, «oportuno» garaiko, orduko izan beharko bailitzateke, eta ez egoki, apropos.

Korapiloa askabidean jarri badugu ere, ez gara oraindik irtenbide asegarri batera iritsi: egoki eta aproposen erabilera indiskriminatuaren eskutik lausotasuna datorkigularik, ez dugu askorik konpontzen garaiko euriak / orduko euriak uzta salbatu zuen esanda.

Behin batean Orotariko Euskal Hiztegian bilaketa bat egiten ari nintzela, hitz bati loturik beste hitz bat aurkitu, eta, azkenean, honekin egin nuen tupust:

TENOREZKO. “Ponctuel” T-L.

Eta honako hau ere jasota agertzen da Orotarikoan:

DESTENOREKO. “Inopportunus, inoportun, qui est de contre-saison” Dv. Ez duela gogortasunak, ezta alderatzeko ere, destenoreko urrikiak eta biguinkeriak adinbat kalte egiten. MEIG I 179.

Alde batera utzirik z-rekin ala gabe joan behar duten, tenorezko/destenorezko edo tenoreko/destenoreko bikoteek ez al digute modu egoki bat eskaintzen oportuno/inoportuno zehazki eta jatorki euskaratzeko? Baiezkoan nago.

Ekhia bezain ederrik

Jose Ignacio Hualde

Hizkuntza batzuen esapide idiomatikoen artean konparaketa ihartuak aurkitzen ditugu: elhurra bezain xuri, ekhia bezain ederrik. Konparaketa hauek balio intentsiboa dute: elurra bezain zuria erabiltzen da ‘zuri-zuria, oso zuria’ adierazteko.

Egitura sintaktikoa ez da bera hizkuntza guztietan horrelako esamolde konparatibo tinko edo aldagaitzetan. Ingelesez eta frantsesez, adibidez, berdintasunezkoak —hau da, «IZENA bezain ADJEKTIBOA» tankerakoak— dira (white as snow, black as coal; blanc(he) comme la neige, noir(e) comme le charbon); gaztelaniaz, aldiz, konparaketa idiomatikoak superioritatezkoak izan ohi dira —«IZENA baino ADJEKTIBOagoa» (más blanco/-a que la nieve, más negro/-a que el carbón)—. Ingelesez superioritatezko konparaketa generikoekin bakarrik erabili ohi da: hotter/colder/stronger/etab. than hell/the dickens ‘infernua baino beroagoa/hotzagoa/indartsuagoa’. Konparaketa generiko hauek bereziak dira: hauetan, besteetan ez bezala, izenak (adib. hell ‘infernua’) askotan ez du zerikusirik adjektiboaren nolakotasunarekin (ikus harder than hell). Euskaraz, mota honetakoak itzultzeko, konparaketaren ordez kristo(re)n edo beste intensifikatzaile bat erabil daiteke, nire ustez, adjektiboa nominaliza badaiteke: kriston beroa/hotza/indarra.

Bigarrenik, konparaketa ihartuetan prototipo bezala ematen den izena askotan desberdina da hizkuntza desberdinetan, eta hemen sortzen da arazoa itzulpenerako. Askotan itzulpen literala ez litzateke egokiena izango.

Goian eman ditudan bi adibideetan, zuri kolorea elurrarekin konparatuz eta beltza ikatzarekin, konparaketa berbera egiten da ingelesez, euskaraz, espainolez, frantsesez eta ziur asko beste hizkuntza askotan ere. Hauek ez dira kasu bakarrak. Hona beste bat, ez hain begien bistakoa: ugly as sin = laid(e) comme le péché = más feo/-a que un peca(d)o. Hiru hizkuntzetan bekatua da itsusia. Orotarikoak ere bekatu mortala bezain itsusia (P. Lafitte) dakar.

Hala ere, ingelesa eta gaztelania erkatzen baditugu, adibidez, eta zerrenda luzatzen badugu, ikusiko dugu desadostasunak adostasunak baino gehiago direla honelakoetan. Gaztelaniaz ‘ogia baino hobea’ (más bueno que el pan) esaten da eta ingelesez, aldiz, ‘urrea bezain ona’ (good as gold). Era berean, gaztelaniaz más loco/-a que una cabra esaten da, baina ingelesez ahuntzak ez dira asoziatzen zorotasunarekin, baizik eta apetitu desordenatuarekin (jateko edo sexu kontuetan). Aldiz, gaztelaniaren zorotasunari buruzko esapide idiomatiko horren ingelesezko itzulpen idiomatikoa crazy as a loon edo mad as a hatter izango litzateke. Beste adibide bat emateko, espainolez hartzak itsusiak dira (más feo que un oso); ingelesez, berriz, goseak daude beti (hungry as a bear).

Beste adibide batzuk emateko, ingelesez cute as a button ‘botoi bat bezain polita’, esaten da eta frantsesez joli comme un coeur ‘bihotz bat bezain polita’. Euskaraz beruna bezain astuna esaten da eta ziur asko beste hizkuntza askotan ere beruna oso astuna da. Baina, honetaz gain, ingelesez adreiluak oso astunak dira, logikaren kontra bada ere (heavy as a ton of bricks ‘adreilu tona bat bezain astuna’ —tona guztiek ez al dute pisu berbera?—), espainolez behiak dira astunak, bereziki inoren besoetan (más pesado/-a que una vaca en brazos) eta frantsesez, aldiz, astoak, batez ere hiltzen direnean (lourd(e) comme un ân mort).

Hona beste hemen adibide batzuk (Estatu Batuetako) ingelesez, euskarazko itzulpen literalekin:

  • Pretty as a picture ‘argazki bat bezain ederra’
  • Easy as pie ‘pastela bezain erreza’
  • Hard as nails ‘iltzeak bezain gogorra’
  • Thin as a rail ‘errail bat bezain argala’
  • Smart as a whip ‘zartailu bat bezain argia’
  • Dumb as a doorknob ‘atearen eskutokia bezain ergela’
  • Hot as an oven ‘labe bat bezain beroa’
  • Happy as a clam/clown/ lark ‘txirla/pailazo/ alauda bat bezain pozik’

Hauetariko konparaketa batzuek aukera bat baino gehiago onartzen badute ere (cf. adib. esp. más tonto que…), jeneralean aldagaitzak dira, adjektiboak sinonimoak edo kuasi-sinonimoak direnean ere. Adibidez, hurrengoak ez dira esaten ingelesez: *crazy as a hatter, *mad as a loon, *pretty as a button, *cute as a picture.

Badira gizatalde batzuek bakarrik erabiltzen dituzten konparaketak ere, eta hauek arazo bereziak sortzen dituzte itzulpenerako. Adibide bat hauxe izango litzateke, Estatu Batuetako ingelesez: slow as molasses in January ‘melaza urtarrilean bezain motela’. Nekez erabiliko luke konparaketa bitxi hau gazte moderno batek, nekazaritzarekin eta adineko jendearekin lotzen baita.

Hona galdera zuretzat, irakurle. Zure ustez emankorra da konparaketa intentsiboa euskaraz? Zein dira euskaraz ezagutzen dituzun konparaketa ihartu bereziak, gaztelaniaz edo frantsesez bezalakoak ez direnak? Euskal lokuzioak sarean izeneko weborrian, tankera honetako 40 lokuzio baino gehiago zerrendatzen dituzte: ardatza bezain zuzena, baratzuria bezain fina, birigarroa bezain berritsua, pika bezain ergela, etab. Zein neurritan ezagutzen dira esapide hauek, zure iritziz? Eta zilegi izango litzateke itzultzaile batentzat konparaketa berriak sortzea? (azken finean, erabiltzen diren guztiak norbaiten burutik sortu ziren momenturen batean).

«Greba deitu» ala «grebara deitu»?

Patxi Petrirena Altzuguren

Maiz entzuten eta irakurtzen ditugu azkenaldian honelako esaldiak: «greba deitu dute biharko», «hauteskundeak deitu dituzte», «marrazki-lehiaketa deitu du eskolak», «batzarra deitu dute jaiak antolatzeko», «bilera bat deitu dute»…

Hiztegi elebidunetan jasoa dago halako esaldietan deitu aditzak duen adiera (convocar, convoquer), baina ez dugu haietan «zerbait deitu» joskera ikusten, baizik eta «zerbaitetara deitu», «zerbaitetarako deialdia egin»: «bilera batera deitu gintuzten/ziguten» (bi erregimenak ematen ditu ontzat Euskaltzaindiaren 39. arauak), «grebara deitu dute», «hauteskundeetara deitu», «hauteskundeetarako / bilkurarako deialdia egin» (Elhuyar, Nola Erran, Zehazki, 5000).

Beste aditz batzuk ere proposatzen dira, deituz gain: «lehiaketa iragarri» adibidea jasota dago, adibidez, hiru hiztegitan (Elhuyar, Labayru, Zehazki).

Hain zuzen ere, bi puntu horiek azpimarratzen ditu Berriaren estilo-liburuak: -ra deitu joskera eta beste aditz batzuen aukera:

Gogoan izan zein den joskera egokia: ‘bilerara deitu’, ‘grebara deitu’, ‘elkarretaratzera deitu’, ‘hauteskundeetara deitu’. Beste aditz batzuk ere ezin ahaztu ditugu: ‘greba antolatu’, ‘batzarra prestatu’… Manifestazioa eta greba deitu dituzte* [e.] Manifestaziora eta grebara deitu dute. // Hauteskundeak deitu nahi dituzte* [e.] Hauteskundeetara deitu nahi dute.

Zirrikitu bat irekita utzi da EiTBren HIKEA kontsulta-zerbitzuan, bi formak jaso baitira: «convocar elecciones»: «hauteskundeetara deitu» = «hauteskundeak deitu».

Gora txakolin askatua!

Juan Luis Zabala

Barkatuko didazue berriro ere gai berarekin tematzea, baina orain hurrengoko nire txandan aipatu nuen Jule Goikoetxearen esaldiari bueltaka jarraitu dut geroztik ere. Gogoan izango duzue zuetako batzuek esaldi hura: «Euskarak ez gaitu euskaldun egiten, baginak emakume egiten ez gaituen bezala. Subalternitateak egiten gaitu euskaldun, batetik, eta emakume, bestetik».

Kontrako argudioak irakurri eta gero ere, nik jarraitzen dut pentsatzen euskara dela euskalduna euskaldun egiten duena. Kontrakoa onartuko dut beharbada egun batean, por Euskadi y por el euskera, nafarra naizela onar dezakedan bezala, edo are –eta barka nazala Euskal Taliban Jatorrak bere Bolizko Dorre sakratutik– ergatiborik gabeko euskara ere, hala egokitzen bada. Baina barru-barrutik beti segituko dut pentsatzen euskaraz ez dakiena ez dela euskalduna, lentillak erabiltzen dituen miopea betaurrekoduna ez den modu berean.

Besterik litzateke Jule Goikoetxeak esaldia honela formulatu balu: «Euskarak ez gaitu euskaltzale egiten, baginak emakume egiten ez gaituen bezala. Subalternitateak egiten gaitu euskaltzale, batetik, eta emakume, bestetik». Horrekin, aldez behintzat, konforme nengoke.

Soilik aldez konforme, dena den; ez guztiz. Nire euskaltzaletasunak –beste askorenak bezala, nire ustez–, xehetasunez aztertuta, bi oinarri dituela iruditzen baitzait: batetik, neu euskalduna izatea; bestetik, hori bai, subalternitatea dei daitekeen hori.

Batetik, euskaraz txikitatik ikasi eta hitz egin izanak euskalzulo egin nau, Iñaki Segurolak sortutako termino guztiz egokia erabiliz, eta euskalzulo izatea bada euskaltzale izateko modu bat, euskalzulotasuna bada euskaltzaletasun modu bat. Baina, bestetik, euskararen beraren egoerak eta haren aldeko borrokak ere –hots, subalternitateak– egin nau euskaltzale, neurri batean behintzat.

Euskalzulotasuna sentimendu bat da funtsean, hooliganak bere talde maitearekiko duenaren antzekoa; bihotzarekin lotzen da, kirol arloko zaletasun eta maitasunen antzera. Subalternitateari lotutako euskaltzaletasuna, aldiz, arrazionalagoa edo politikoagoa da, edo izan daiteke behintzat.

Bai, subalternitateak egiten gaitu euskaltzale, neurri batean behintzat. Beste batzuek beste zerbaitekin lotuko dute hori, baina niri Lizardiren Eusko-bidaztiarena poemako «izkuntza larrekoa», Joxe Azurmendiren Manifestu atzeratua poemako «kalderrilla hutsa» eta Bitoriano Gandiagaren Txakolinaren ospakuntza poemako «ardo nahi ta ezina» ekartzen dizkit gogora, besteak beste, eta subalternitate adierazpen betea iruditzen zait Gandiagak zentsuraren ondorioz ezin argitaratu izan omen zuen aldarri ito hura: «Gora txakolin askatua!».

Mendeleieven lorategia

Martin Rezola Clemente

Horrela deitu zion elementuen taula periodikoari Oliver Sacks neurologo eta idazleak, Oncle Tungsten liburuan (euskaraz, Osaba Wolfram itzuli beharko genuke?). Txikitan kimikarako izan zuen zaletasuna kontatzen du bertan, ohar autobiografikoak eta zientziari buruzko hamaika kontu maisuki txirikordatuz. Baina idazlan hori salbuespena da Sacksen produkzio ugarian, nagusiki gaixotasun neurologikoak dituzten pazienteen kasuak izaten dituelako kontagai. Ez noa, baina, haren gaineko informazioa zabaltzera, badago-eta horretarako toki aproposagorik.

Oliver Sacks iragan abuztuaren 30ean zendu zen, 82 urte zituela. Hil baino sei hilabete lehenago, agur-gutun bat idatzi zuen The New York Times egunkarian (“My own life”). Hizkuntza askotan zabaldu zen. Euskaraz ez, nik dakidala.

* * *

Neure bizitza (My Own Life)

Duela hilabete, osasuntsu sentitzen nintzen, indartsu ere bai. 81 urterekin, oraindik kilometro eta erdi igerian egiten dut egunero. Baina nire zortea amaitu da: orain dela aste batzuk jakin dut gibelean metastasi anizkoitza dudala. Zortzi urte dira begi batean tumore arraro bat aurkitu zidatela, begietako melanoma bat. Tumorea kentzeko erabilitako erradiazioek eta laserrek begi horretatik itsu utzi baninduten ere, melanoma horietan tumorea berriz garatzeko posibilitatea berez % 50ekoa da. Dena den, nire kasuaren berezitasunak zirela-eta aukera askoz ere txikiagoa zen. Zoritxarreko gutxi horien parte naiz.

Eskertuta nago osasun ona eta produktibitatea ez ditudalako falta izan bederatzi urtez, hasierako diagnosia egin zidatenetik hona, baina orain herioarekin aurrez aurre nago. Minbiziak gibelaren herena hartu dit eta, aurrerakada galgatu daitekeen arren, minbizi-mota honek ez du sendabiderik.

Beraz, erabaki beharra daukat nola bizi geratzen zaizkidan hilabeteetan. Ahalik eta erarik aberatsenean, bizienean eta produktiboenean bizi behar ditut. Horretan, David Hume nire filosofo gogokoenetakoaren hitzak akuilu izango ditut. Izan ere, eritasun hilgarri bat zuela jakin zuenean, 65 urterekin, autobiografia labur bat idatzi zuen, egun bakar batez, 1776ko apirilean: Neure bizitza deitu zion.

“Hondatze azkar bat espero dut —idatzi zuen—. Eritasunak ez dit ia oinazerik ekarri eta, harrigarriagoa dena, gogo-aldartea ere ez zait inoiz makaldu, fisikoki nabarmen gainbehera banator ere. Estudiorako beti izan dudan kemen bera dut gaur ere, eta alaitasun bera lagun artean.”

80 urteen muga gainditzeko zortea izan dut, eta Humeren aldean bizi izan naizen beste hamabost urteok ere biziki aberatsak izan dira, hala lanean nola maitasunean. Denbora horretan bost liburu argitaratu ditut, autobiografia bat idatzi (Humeren orri-sorta baino dezentez luzeagoa), udaberrian kaleratuko dena, eta, gainera, beste zenbait liburu ia bukatuak ditut.

Humek zioen: “Ni naiz… gizon bat izaera lasaia duena, bere burua menderatzen dakiena, irekia eta umore onekoa, adiskide izateko gauza, etsaigora gutxi emana eta grina guztietan moderazio handikoa”.

Horretan ez naiz Hume bezalakoa. Nahiz eta maitasun eta adiskidetasun harremanez gozatu ahal izan dudan, eta benetako etsairik ez eduki, ezin dut esan (eta ezingo luke ezagutzen nauen inork esan) aldarte lasaia duen gizona naizenik. Alderantziz, gizon suharra naiz, odolberoa, grinak bridatzen ez dakiena.

Eta, hala eta guztiz ere, bada esaldi bat Humeren saiakeran ezin egokiagoa atzematen dudana: “Zaila da bizitzatik aldenduago egoten, ni orain nagoena baino”, idatzi zuen.

Azken egunetan, nire bizitza altuera handi batetik begiratuko banio bezala ikusteko aukera izan dut, paisaia baten modura, eta parte guztien arteko harremanen inguruko pertzepzio sakon baten bidez. Horrek ez du esan nahi bukatutzat ematen dudanik.

Alderantziz, bizirik sentitzen naiz ezin gehiago, eta nire nahia eta esperantza da geratzen zaidan denboran adiskidantzak indartzea, maite ditudanei agur esatea, gehiago idaztea, indarrik badut bidaiatzea, eta jakintza eta adimen mailan gora egitea.

Horrek ausardia eta argitasuna eskatuko dizkit, eta hizkera zuzena; eta ahaleginak egitea munduarekikoak konpontzeko. Baina izango da betarik, halaber, ongi pasatzeko (eta txorakeriak egiteko ere bai).

Bat-batean, argitu egin zaizkit helburuak eta ikuspegia. Ez dago astirik azalkerietarako. Neure buruarengan jarri behar dut arreta, neure lanean eta neure adiskideengan. Telebistako gaueroko albistegia ikusteari utziko diot. Ez diet jaramonik egingo ez politikari ezta beroketa globalari buruzko eztabaidei ere.

Ez da axolagabekeria, urruntasuna baizik: oraindik biziki kezkatzen naute Ekialde Hurbilak, beroketa globalak, desberdintasun gero eta handiagoek…, baina gauza horiek jadanik ez daude nire esku; etorkizunaren baitan daude. Poztu egiten naiz talentua duten gazteak ezagutzen ditudanean —baita biopsia egin eta metastasia diagnostikatu zidan hura ere—. Uste dut etorkizuna esku onetan dagoela.

Azken hamar urte hauetan, gero eta kontzienteago izan naiz nire garaikideen artean izan diren heriotzez. Nire belaunaldia badoa, eta heriotza bakoitza lazgarria izan da niretzat, nire zati baten barne-urradura gisa sentitu izan dut. Desagertzen garenean, ez da gu bezalako inor geldituko, baina, jakina, ez dago bestea bezalakoa den inor, inoiz. Pertsona bat hilez gero, ezin da ordeztu. Bete ezin den hutsune bat uzten du, zeren gizaki bakoitzaren patua —patu genetiko eta neurala— gizabanako bakarra izatea baita, bere bide propioa urratzea, bere bizitza propioa bizitzea eta bere heriotza propioaz hiltzea.

Ezin dut ukatu beldurrez nagoela; baina, batez ere, esker oneko sentitzen naiz. Maitatu dut eta maitatua izan naiz; asko eman didate, eta zerbait eman dut bueltan; irakurri eta bidaiatu dut, eta pentsatu dut, eta idatzi dut. Munduarekin harremanetan egon naiz, idazleak eta irakurleak munduarekin harremanetan egoten diren eran.

Eta, batez ere, izaki sentikor bat izan naiz, animalia pentsalari bat planeta eder honetan. Eta hori, besterik gabe, pribilegio eta abentura ikaragarria izan da.