Hitz solteak itzultzea ez da beti samurra izaten…

Koro Garmendia Iartza

—Aizu, nola esaten da servicio?

—Zerbitzu.

—Bale. Eskerrik asko.

—Itxaron, itxaron. Zer esan nahi duzu servicio horrekin?

—Zer izango da ba? Zerbitzua. Oraintxe esan didazu.

—Bai, bai. Baina komuna ere izan daiteke.

—Komuna? Orduan, zer jarriko dut?

—Zer adierazi nahi duen ikusi beharko, bata edo bestea aukeratzeko.

—Niri servicio euskaraz jartzeko eskatu didate. Ez didate besterik esan.

—Ba, orduan, galdetu norako behar duten. Komuna dagoen lekuan zerbitzua jartzea, eta, pentsa, zerbitzua dagoen lekuan komuna… Aldrebes samarra ez al da?

—Bueno. Galdetu egingo diet ba. Beste gauza bat. Banco?

Banco, zer?

—Ba banco euskaraz nola esaten den.

Banco horrek zer adierazten du?

—Hemen banco jartzen du.

—Banketxea edota jarlekua izan daiteke.

—Orduan, zer jarriko dut?

—Adierazi nahi duzuna zehazten didazunean, esango dizut.

—Bueno, ea honekin laguntzen didazun. Orain arte, gehiegi ez, behintzat…

—Bota, bota.

Moneda?

—Ba txanpona, moneta edota dibisa. Moneta baino egokiagoa, hala ere, dirua.

—Bale. Horietako edozein, orduan?

—Ez, ez. Ezin da itsu-itsuan bat aukeratu. Kasuari dagokiona zein den ikusi behar da.

—Ba aukeratu bat.

Moneda hori zehatz-mehatz zeri buruz ari den adieraziko bazenit…

—Hain zaila da, ala?

—Ez dakizu zuk ondo esanahi bat baino gehiago dauzkaten kontzeptuekin zenbat denbora galdu behar izaten dugun, testuingururik ez izateagatik…

—Testuingurua, esan duzu?

—Testuingurua, bai. Testuaren ingurua. Itzulpena norako den, non jartzekoa, nor duen hartzaile, nor irakurle… Aurretik eta atzetik zer duen. Edo ondoan. Eta abar, eta abar.

—Hori guztia hitz bat itzultzeko?

—Hori guztia.

—Ez nuen bat pentsatuko…

—Bide batez, mesede bat eskatu nahi dizut. Testuingurua, argibideak eskatu ondoren jakinaraziko didazun hori, hurrengoetan ere zehaztu, mesedez. Niri eta beste edozein itzultzaileri. Ados?

Erabili edo erabili: testuinguruaren garrantzia

Bego Montorio Uribarren

Blog honen asmoak azaltzen diren atalean, hauxe irakur dezakegu lehen puntuan: «EIZIEk jarri du abian blog hau, egunero euskararen erabilerari buruzko testu bat argitaratzeko…». Esanahi jakin bat du hor erabilera hitzak, eta esango nuke blogkide guztiok argi izan dugula zein den, idatziz zein ahoz euskara darabilgunean sortzen zaizkigun gogoeta eta kezkak ekarri baititugu gune honetara.

San Telmon zabaldu  berri den Badu bada erakusketak ere euskara erabiltzen du, euskara du mami eta funts, euskara darabil euskarari buruz pentsarazteko, euskara mundura zabaltzen laguntzeko, euskara entzun, idatz, uki, ikas, transmiti… dezagun bultzatzeko.

Baina itzultzaileok ondo baino hobeto dakigu testuinguruak dena aldaraz dezakeela, testuingururik gabe ezinezkoa dela itzulpen egoki bat ematea, hiztegietan jasota dauden eta ez dauden beste adiera batzuk har ditzaketela hitzek.

Eta hala, euskara erabiltzea leporatu die EJko Kultura sailak Donostiako Udalari eta San Telmo museoari: «Gure irudipena da gaia euskara denez haiek bakarrik agertu nahi dutela» (Kultura sailburuordearen hitzak). Eta euskara eta euskarari buruzko Badu bada erakusketa erabili du sailak Museoarekin hitzartutako laguntzaren erdia ez emateko.

Substantibo eta aditz bera agertzen dira kasu guztietan, baina denok ulertu dugu oso gauza desberdinez dihardutela, zinez desberdinak. Orotariko Euskal Hiztegian begira jardun dut, eta han agertzen diren adibide ugarien artean, bakan batek baino ez du jasotzen arduradun politikoek eman diotenaren antzeko zentzua; hori azaltzeko gutxitan erabili delako seinale.

Nolanahi ere, hitzek ez dute ezeren errurik; bizi dugun errealitatea izendatu eta azaltzeko behar ditugu eta horretara egokitzen ditugu, beraz, ea lortzen dugun errealitatea aldatzea eta euskararen erabilera diogunean, testuingurua testuinguru, adiera bera hartzea denok gogoan, erabili horren adiera batek ez ditzan gainerako adiera eta jardunak trabatu. Euskara erabiltzen jarraituko dut, jakina, nire moduetan, eta, seguruen, badubadatzen ere ikasiko dut.