Txekhovekin jolasean (II)

Julia Marin Arteaga

Anton Pavlovitx Txekhov (Taganrog, Errusia, 1860 – Badenweiler, Alemania, 1904). Herriaren dramaturgoa.

Nasdrovia, Txekhov obraren beste ipuin batekin natorkizue: Izaki babesgabea. Beste esperimentu bat zuekin konpartitzeko asmotan.

Trama

Ipuin honen protagonista emakume hitzontzi bat da. Egun batean, bankura doa bere senarrari (Xukin aholkularia) eskubide osoz dagokion diru kopuru bat erreklamatzera, hogeita lau errublo eta hogeita hamasei kopek gutxiago ordaindu baitizkiote lanetik kaleratu dutenean bost hilabete gaixorik eman ondoren. Bankuan, Rustinov zuzendaria topatuko du, oinazetan bizi da, hezueriak jota; baita haren laguntzaile Potxatkin ere, erretiroa hartzeko adinean dagoen agurea. Emakumeak lortuko du nahi duena bere erretolika amaigabeari esker.

Hizkuntz trataera

PERTSONAIA ERREGISTROA
Emakumea Hizkera informala
Azpeitiera
Bi bankariak:
Rustinov eta Potxatkin
Batu neutroa

Emakume honekin herri xehearen karikatura egin nahi izan zuen Txekhovek. Hizkuntzaren aldetik, behar genuen, beraz, hizkera bat aukera emango ziguna protagonistaren histeria bere betean agerian uzteko, bizkor-bizkor jarduteko modukoa behar zuen eta jolasa muturreraino eramateko gauza zena.

Aktorea (Alazne) errenteriarra da. Eskualde horretako hizkera ez dago oso urrun batutik, hortaz berehala baztertu genuen. Azpeitiera zen aukera paregabea, eta gainera bagenuen taldean azpeitiar peto-peto bat (Erika), aholkulari fina eta zorrotza bilakatu zitzaiguna. Ordu mordoxka bat eman genuen hirurok elkarlanean pertsonaia maitagarri hau eraikitzen.

Beste muturrean bankuko langileak ditugu. Onenak emanda daude biak, sasoia aspaldian dute galdua. Aspertuta bizi dira. Batu neutroan jardutea komeni zitzaigun, beraz. Nabarmentzeko modukoa da laguntzailearen pertsonaia egin zuen aktoreak (Freddy) ez dakiela euskaraz.

Interpretazioari dagokionez, bankuko zuzendariarena egiten zuen aktoreari (Juan Mari) batuan kosta egiten zitzaion eszena honen hasieran duen patxadatik bere onetik atera arteko bidaia egitea. Neurri handi batean, emakumearen hitz jarioak eragin behar zion emozio bilakaera hori. Azpeitierak zabaldu zion atea.

Txekhovekin jolasean

Julia Marin Arteaga

Anton Pavlovitx Txekhov (Taganrog, Errusia, 1860 – Badenweiler, Alemania, 1904). Herriaren dramaturgoa.

2005. urtean, Txekhoven heriotzaren mendeurrena zela eta, Vaiven konpainiak Nasdrovia, Txekhov obra estreinatu zuen idazle errusiarraren omenez. Baina aukeratu beharrean haren antzezlan ezagun bat (Antxeta, 1895; Osaba Vanya, 1899; Hiru Ahizpak, 1900; Gereziondoen Baratza, 1903), nahiago izan zuten idazlearen sei ipuinetan oinarritu ikuskizuna (Audizioa, Funtzionario baten heriotza, Eskasa, Ezkontza eskaera, Seduktorea eta Izaki babesgabea). Dramaturgia lana Alberto Iglesiasek egin zuen, Fernando Bernues ibili zen zuzendari, eta euskarazko bertsioa Ritxi Lizartzak idatzi zuen. 2006an, Espainiako Arte Eszenikoetako Max sari bat ere eskuratu zuten lan bikain honi esker: Errebelazio saria.

Zazpi urte geroago, 2012an, Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean, Vaivenen bertsio hori bera eraman genuen oholtzara 3. mailako ikasleekin, Belen Cruzen zuzendaritzapean. Niri egokitu zitzaidan euskarazko bertsioa gidatzea, Testu interpretazioa euskaraz gaia irakasten baitut antzerki eskola horretan. Abiapuntutzat Ritxiren egokitzapena hartu genuen, euskara batuan idatzia, eta 80 bat ordu eskaini genion testuaren interpretazioa jorratzeari.

Taularatze prozesuan, pertsonaiak eraikitzen joan ahala, haien intentzioak eta gorputz inpultsoak finkatuz eta egoerak eta harremanak argituz gindoazen neurrian, euskara batua motz geratzen hasi zitzaigun berehala. Bizkor ohartu ginen nekez erakutsiko genituela arimaren oinazeak eta kontraesanak pertsonaia guztiak modu berean hitz egiten jartzen bagenituen: ezin zuten denek hizketa bera erabili egoera guztietan.

Izan ere, Txekhovek herritar xumeen bizimodua erakutsi zigun bere lanen bidez: funtzionarioak, jendarmeak, merkatariak, lurjabeen emazteak eta alargunak, arrakastarik gabeko idazleak, aginterik gabeko militarrak, neskameak, eskola maisuak… Haren obrak pertsonaien izaeragatik ziren dramatikoak, tramagatik baino gehiago. Giza auzi nagusiek harrapatuta bizi baitira guztiak: maitasuna, gorrotoa, handinahia, desengainua, egia, heriotza…  Hala, Txekhovek kritika egin nahi izan zion XIX. mende amaierako gizarte errusiarrari, betiere umore ukitu batekin: «Umorea eta barrea bazter zikin eta lohitsuenetik sor daitezkeela ikasi nuen, bizitzari kolorea ematen, bizitza bera argiz betetzen, bai, argiz betetzen».

Eta, bizitzari kolorea eman eta barrea eragiteko, zer hoberik euskararen jolas ahalmen guztia eta aktoreen hizkera bizia baliatzea baino?

Nasdrovia, Txekhov obraren ipuin bat ekarri nahi dut hona, adibide ona delakoan hizkuntz trataeraz gogoeta egiteko: Funtzionario baten heriotza.

Trama

Txerviakov funtzionarioak, egun batean, doministiku egiten dio antzokian aurreko lerroan eserita daukan jeneral bati, eta guztiz zipriztinduta uzten dio garondoa. Jakina, gure protagonista zeharo izutzen da, gertaera zoritxarrekoak ondorio ikaragarriak ekar baitiezazkioke bera bezalako langile soil bati. Txerviakovek barkamena eskatzen dio behin eta berriz jeneralari, harik eta honek, bere onetik aterata, kalera botatzen duen arte. Txerviakov gaixotu egiten da tragediaren eraginez, etxera itzuli eta hil egiten da.

Hizkuntz trataera

PERTSONAIA EGOERA ERREGISTROA
Txekhov ipuina idazten, ahots gora batu literarioan – hizkera poetikoa
Txerviakov funtzionarioa emaztearekin etxean euskalkian, informala – Goierriko hizkera 
jeneralarekin, apal-apal (operan eta bulegoan) batu jasoan / berorika
jeneralarekin, oilartuta (bulegoan) batuan, informalagoa / zuka
Jenerala Txerviakovekin batu neutroan / zuka
emaztearekin batu neutroan / zuka

Txerviakov izaera burokratikoa duen hezur-haragizko pertsonaia da, boterearen menpe hazita patuaren beldur bizi dena. Jeneralarekin ari denean, morrontza gehiegizko batek eraginda, berorika hitz egiten dio eta batu jasoan (“y” ahoskatuz), erakutsi nahian bezala bera ere badela gauza goi mailako gizartearen parte izateko. Baina, une batean, klase kontzientzia esnatzen zaio (Internazionala kantatzen du mitin labur bat egin ondoren), eta zukara pasatzen da, errespetua galdu diola adierazteko edo. Jeneralak aurre egiten dionean, ordea, kikildu eta berorika hasten zaio berriro ere.

Emaztearengana doanetan, berriz, bere izaera benetakoa erakusten digu, konplexuz betetako funtzionario xumea baita. Etxeko hizkeran aritzen da berarekin. Edozein euskalkik balio zezakeen efektu hori lortzeko, baina obra Gipuzkoa aldean bakarrik taularatu behar genuenez, gipuzkera komeni zitzaigun, eta bi aktoreak goierritarrak direla aprobetxatu genuen.

Abantaila handiak ditu modu honetara lan egiteak. Aktoreak heldulekuak aurkitzen ditu pertsonaia ñabarduraz jantzi eta bolumena emateko. Eta publikoak leku jakin batean kokatzen dituenean pertsonaiak gertuago sentitzen ditu, sinesgarriago, bere burua ikusten baitu islaturik haien barne gorabeheretan.

Hizketa-komunitate bat osatu nahi ote dugun?

Julia Marin Arteaga

Ezer baino lehen, zorionak 31 eskutik proiektua diseinatu duzuenoi, eta eskerrik asko kezkak eta aurkikuntzak konpartitzeko aukera emateagatik. Egingo ahal dugu bide oparoa auzolanean!

Atsegin handiz irakurri dut Asier Larrinagaren urriaren 18ko hausnarketa interesgarria. Haren gonbitak gogorarazi dit Anjel Lertxundik 1999an Egunkarian plazaratu zuen artikulua: Jar gaitezen. Hona zati bat.

Honela laburbilduko nuke nik arazoaren muina: lehendabizi, eztabaidatzen ez diren bidean bideko hutsune eta arazo larriak. Segidan, eztabaida faltak eragozten dituen etorkizunerako proiektu garbiak. Eta horren guztiaren erdian —edo gainean, eguzkitik babesten gaituen baina eguzkia kentzen digun palio gisa—, euskararen inguruko sakralizazioak eraiki duen totemaren itzal luzea, akritizismoaren tabu-sistema osoa hedaturik euskalgintzaren bazter ezkutuetaraino.

Jar gaitezen, bada. Har dezagun larritasunik eta erresuminik gabeko jarrera eraginkorra eta, serio baina patxadaz, has gaitezen hausnarketan. Hitz egin dezagun ditugun kezkez eta nabarmentzen ditugun hutsuneez. Baita frustrazioez ere. Bidera ditzagun ilusioak, kemenak, proiekzioak, perspektibak. Har dezagun etorkizuna aztergai.

Nire aletxoa.

Gogora datorkit oraintxe Donostiako ikastola batean andereño dabilen ondarrutar bat. Mantso hitz egiten du, apal samar, buruan bailebilen etengabe, zuhur, hitz egokien bila. Ikusita nago haren metamorfosia tabernaz taberna genbiltzan batean amak telefonoz deitu zionean: arin-arin ez zen ba hasi berbetan. Hura etorria eta bizitasuna!

Ezagutzen dut euskaltegi irakasle mordoxka bat, herri txikietan sortutako euskaldun peto-petoak, beti euskara batu aseptiko uniforme bera ahoan dutela ibiltzen direnak Gasteiz aldean, berdin dio lagun-giroan dauden, edo irakasle batzar batean, edo eskola ematen ikasleei, edo txango batean.

Uda honetan, Idazkuntza tailer bat egiten jardun dugu, eta ikusita taldean bazirela bizkaitarrak, gipuzkoarrak eta nafarrak, saioetako batean proposatu nien txikitako pasadizo bat kontatzeko idatziz, baina nork bere euskalkiaren arrastoak utziz, eta erabakitzeko, testuari eman nahi zioten tonuaren arabera, nola komeni zitzaien idaztea, batuan euskalki-ukitutxo bat emanez, euskalki estandarrean edo maila informalago batean. Haiek izerdiak!

“Terapia” saio bat egiten amaitu genuen. Jabetu ziren ez zituztela bereizten batu-batua, batua ukitu jakin batekin, euskalki estandarra, tokian tokiko hizkera formalak eta informalak. Batzuk mindu eta dena egin ziren: etxeko hizkera etxerako da, eta etxekoekin egoteko, emozioen inplikazioa dagoenerako alegia, eta etxetik kanpo ibiltzeko, batua. Biluzik sentitzen omen dira etxeko hizkera Gasteiz hirian erabilita.

Bi adibide horiek ematen dute zer pentsatua… Orduan, zer da kontua? Etxetik kanpo inplikaziorik gabeko hizkuntza hotza erabiltzea eta etxe barrurako gordetzea bihotzetik ateratzen zaigun hizkera naturala eta samurra? Arima etxekoekin utzi beharra daukagu hizketa-komunitatea osatzeko? Ezin dira uztartu biak? Hortxe dago, nire ustez, gakoa.

Debate honetan sakontzeko gogoa daukanarentzat, bada artikulu eder bat, Leire Narbaiza Arizmendik plazaratua, 2012ko abuztuaren 30ean, Berria egunkarian, Euskalkia izenburua duena.

Eta goseak amorratzen dagoenak azaroaren lehen astean izango du aukera paregabea gogoetan segitzeko. Izan ere, gai hauxe hartu du ardaztzat Mintzolak aurtengo Ahoa Bete Hots jardunaldiak antolatzeko: Euskalkiak, batua eta erregistroa ahozko kultur sorkuntzan.