1000 hitzeko euskara edo Humpty Dumpty metodoa

Koldo Biguri Otxoa de Eribe

Noizbait entzuna edo ikusia izango duzue iragarkia: «El método del profesor Maurer: El inglés en mil palabras». Hortik atera dut blog-sarrera honen izenburu edo gaia. Sentsazioa baitut mila hitzeko (edo gutxiagoko) euskara batekin konformatzen garela askotan (edo konformatzen direla asko), euskararen garbitasunaren izenean, eta egokitasun edo zehaztasunaren axolarik gabe; horretarako, noski, garbi-garbiak diren hitzei nahi ditugun adiera guztiak ematen zaizkie, Wonderland-en Humpty Dumptyk esaten zuen bezala: «Hitz bat erabiltzen dudanean, nahi dudan esanahia du». Berdin da zehatzak diren, edo erregistro aldetik egokiak; ardura bakarra, euskal hitz garbiak izatea da.

Hori etorri zait burura, blog honetako aurreko sarrera batzuetan desahucio hitzaren itzulpenaz esandakoak irakurtzean; baina baita egunero inguruetan ikusten diren beste hainbat adibideren eskutik ere: labur beharrez, bi ekarriko ditut hona.

Gatozen, lehenago, desahucio malapartatuarekin. Euskal kazetariek eta beste askok kaleratu aditzarekin jokatu dute orain arte, eta hiztegietan ere halaxe jasota dago (Zehazki eta Elhuyar); badirudi orain, Iratxe Goikoetxea Langarika blogkideak dioen bezala, etxegabetu jarriko dela erabilbidean. Berez, zuzenak dira, esango nuke, testuinguru gehienetan; zalantza handiagoa dut, ordea, Justiziaren testu kanoniko batean egon beharko luketenik; edo, bestela esanda, ez dut uste epaile euskaldun batek aditz hori (edo horiek) erabiliko lukeenik (lituzkeenik), idatzizko erregistro formalean emandako auto batean adibidez: «Urlia jauna etxetik kaleratzea (edo etxegabetzea) erabaki dut». Epaile baten prosa iruditzen zaigu?

Lepoa egingo nuke gehiago makurtuko litzatekeela Euskaltermek dakarren substantiboa erabiltzera: utzarazpen, alegia. Honen egokitasunaz ere erabat ziur ez nagoen arren (besteak beste ez bainaiz lexikologoa ezta legean aditua ere), ez naiz esaten ari besteak egokiak ez direnik: testuinguruaren eta erabilera-maila edo erregistroaren arabera doala esaten ari naiz. Hots, bakoitzak bere erregistroa eduki beharko lukeela.

Kaleratu aditza hiztegian begiratuta, bestalde, hara nolako adiera eta erregistro desberdinak topatzen ditugun nahasian: «despedir», «expulsar», «despachar de casa», «poner a alguien de patitas en la calle» eta, gainera, «salir a la calle», «salir a la luz» eta «publicar» (Elhuyar). Laburtuz, hitz berberak erregistro guztiak, inolako bereizketarik gabe.

Eta, orain, egunotan bidenabar topatu ditudan beste adibide batzuk, euskal lexiko garbiari dagokion Humpty Dumpty metodoaz:

Ikea dendako erakusleihoan «Relájate» zioen kartel bat ikusi nuen itsatsita lehengo batean, egongela bateko sofa eroso itxurako baten argazkiaren ondoan; eta, euskaraz, «Lasaitu». Ez dut uste suediarrek urduriegi ikusten ote gaituzten euskaldunok, baina esango nuke beren sofa bat erosi eta erlaxatzera gonbidatu nahi gaituztela. Baina, ai!, erlaxatu aditzak arrotz usaina du, lasaitu aditzak ez bezala.

Egun berean, Euskadi Irratian hara non aipatzen duten «Bilboko berreginen museoa» (bide batez, museoaren weborrian bertan ere «Bilboko Artelan Berreginen Museoa» erabiltzen dute, eta beste orri batzuetan «Arte Berreginen Museoa»), eta ez eduki zalantzarik, erreprodukzioak dira leku horretan ikusgai daudenak, eta ez, apurtu direlako edo auskalo zergatik, norbaitek berregin dituen arte-lanak. (Eta, bidenabar esanda, hemen, begiratu ditudan euskal hiztegiek ez dute inolako errurik). Baina, esan bezala, berregin euskara garbia da. Ez dut uste ingelesezko bertsioan «Bilbao Remake Museum» jarri diotenik. Batek daki, agian Humpty Dumptyk bai!

Aditzak eta erregistroak

Igone Zabala Unzalu

Hainbat gai eta eztabaida-ildo azaleratu dira foro honetan, egunak joan egunak etorri, eta aitortu beharra daukat ezinezko zaidala aurreikusita nuen bideari eustea. Azkenean aditzen gaiak harrapatu eta erregistroen eremura eraman nau. Burura etorri zait, orduan, bere xumetasunagatik beti liluragarri iruditu zaidan M. A. K. Halliday hizkuntzalari funtzionalista ingelesak dialekto eta erregistroez 1985 urtean zioena. (Zehatzak izateko, Ruqaiya Hasan-ekin batera idatzi zuen Language, context and text aspects of language in a social-semiotic perspective lan ospetsua.)

Dialects are saying the same thing in different ways, whereas registers are saying different things.

Definizio xume horri oso argigarri deritzot euskararen normalizazio prozesua ulertzeko.  Gogoratu bi kezka larri zituztela euskaltzainek euskara batuaren sorrerari ekin ziotenean.  Batetik, euskalkiak gero eta urrunago zeuden elkarrengandik, eta horrek gero eta zailago egiten zuen euskaldunek elkarri ulertzea. Bestetik, euskara familiartean eta lagunartean erabiltzen zen, baina baztertuta zegoen prestigiodun erabilera alorretatik (administrazioa, komunikabideak eta irakaskuntza).  Patologia horren sintoma garbia zen hiztun galtze etengabea eta, sendagaia, mundu zabalean onartuta dagoena, alegia, hizkuntzaren aldaera estandarra sortzea. Euskararen batasuna pobretze modura ulertu dute askotan euskaldunek baina, hain zuzen ere, aldaera estandarraren kodifikazioak euskaldun guztiok gatozen lekutik gatozela erabil dezakegun aldaera berri batekin aberastu du euskara. Horri gaineratu behar zaio estandarizazio prozesua (edo frankofonoek nahiago duten terminoa erabiliz, normalizazio prozesua) ez dela amaitzen estandarraren kodifikazioan, hizkuntzaren garapen funtzionala ere ezinbestekoa da erabilera-esparru berrietan baliatu ahal izateko. Garapen funtzionalak zenbaitetan baliabide berrien sorrera dakar eta, beste batzuetan aldiz, hizkuntzak dituen baliabideen berrantolaketa. Garapen funtzional horri esker hizkuntza aberastu egiten da eta “gauza diferenteak” adierazteko egokitzen.

Erregistroen garapenaren lehen urratsak komunikazio-egoeraren formaltasun mailarekin du zerikusia, eta euskara batuaren arauek euskararen baliabideen aldakortasuna formaltasunaren arabera harmonizatzeko erreferentzia-ardatza eskaintzen digute. Komunikazio-egoera formalek, besteak beste, hiztegi-elementuen hautapen zehatzagoa egitea eskatzen dute ez-formalek baino eta, aditzen kasuan, elementu ugari kontuan hartzea. Ikuspegi funtzionaletik, Alfontso Mujikak azaroaren 19an aipatzen zuen eman aditzaren erabilera, erabat aintzat hartzekoa da nire iritziz, testuinguru jakin batean semantikoki zehatzagoa izan litekeen aditza hautatzeko ahalegina saihestea posible egiten digun “komodin” modura uler baitaiteke. Erregistroaren formaltasunak hala eskatzen digunean edota, besterik gabe zehatzak izan nahi dugunean, adierazi nahi dugunerako egokiena den aditza bilatzen saiatuko gara: halako landareak halako inguruneetan hazten dira; lurrikarak beste halakoetan gertatzen dira; halako gaixotasuna halako ezaugarriak dituzten pertsonengan azaltzen da… Formaltasunaren edota zehaztasunaren presiorik ez dugunean, aldiz, lasai asko erabiliko dugu testuinguru horietan guztietan eman aditza. Komodin modura erabili ohi dira beste aditz batzuk ere, adibidez, sortu, kontsideratu eta suposatu. Hizkuntzak pentsatu gabe erabiltzeko direla esaten zigun duela egun pare bat Iñigo Aranbarrik, baina ez dut uste premisa horrek komunikazio-egoera guztietarako balio digunik: batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago pentsatu behar dugu hizkuntza egokiro erabiltzeko.

Euskararen normalizazioan erantzukizun eta eginkizun desberdinak ditugu alor desberdinetako eragileok. Euskaltzaindiari dagokio euskarak dituen baliabideak harmonizatzea erregistroen formaltasunaren ikuspegitik. Hiztunoi dagokigu gure errepertorioan ditugun baliabide guztiak erabiltzea, Euskaltzaindiak hobetsitakoak eta gaitzetsitakoak, komunikazio-egoeraren ezaugarrien arabera. Hiztegigileei dagokie, nire iritziz, euskaldunek erabiltzen dituzten baliabide lexiko guztien deskripzio dinamikoa egitea eta erregistroen araberako aldakortasunaren garapenaren berri ematen joatea. Azkenik, ni bezalako unibertsitateko irakasleoi dagokigu etorkizuneko goi mailako tituludunei, alegia, gizartean erregistro formalen erabilerarako eredu izango diren hiztunei, irakastea komunikazio-egoera bakoitzak mota jakin bateko hizkuntza-baliabideak erabiltzea eskatzen duela  eta komunikazio-egoera formalek bereizketa lexiko-semantiko xeheagoak egitea eskatzen dutela komunikazio-egoera ez-formalek baino.

Egitez, gehienbat

Iñaki Segurola

Euskara guk dugu, / gu gara euskaldunak kantatu ziguten eta sinetsi egin genuen. Sinetsi egin genuen euskaldun hitzak ‘euskara duena / daukana’ esan nahi zuela; hots, gutako bakoitzak edukitzez geneukala hizkuntza gurea; hizkuntzak eduki egiten direla, eduki egiten dituela gizabanakoak edo gizamordoak. Eta nere galdera da: nolatan irentsi genuen horren aise guk, erdara gutxirekin hazitako umeok, ipuin zentzunbako hori? Ez al zigun deusek azpitik —jakinaren azpitik— “hizkuntza edukitzearen” funsgabekeria edo xelebrekeria sentiarazten?

Esplika ditzadan gauzak ahal bezain garbi: –dun atzizkiak bi zentzu izan ditzake; bada –dun bat edukitzezkoa edo edukitzeko zerekin doana (bizardun, dirudun…), eta bada beste –dun bat egitezkoa edo egiteko zerekin doana, gehienbat aditz-izenekin agertzen dena (jatun, jostun, erostun…), baina ez beti (hiztun); bigarren -dun hau da, dudarik gabe, euskaldun hitzean dagoena eta, beraz, esanahia ez litzateke ‘euskara duena’, baizik-eta ‘euskara(z) egiten duena’.

Euskalduna “euskara duena” dela dioen ipuina, ez dut uste oso aspaldikoa denik. Azkuegan aurki daiteke jadanik, baina, bestelako datuen bila hasi gabe, ez nuke esango askozaz lehenagokoa denik. Baliteke oker egotea, baina zahar-usain haundirik ez diot hartzen ixtorioari.

Euskalduna “euskara duena” dioen ipuina jende askok sinetsi du: ez jende-jendeak, jakina, baina bai, nolazpait esan, publiko informatuak. Bada garaia publiko informatuak gauzak diren bezala konta ditzan behingoz: euskaldun hitzak, sortzez edo jatorriz bederen, ‘euskara(z) egiten duena’ esan nahi du zehazki eta teknikoki, eta besterik ez.

Eta bada garaia jakiteko hizkuntza bat ez dela galtzen honegatik edo hargatik, baizik-eta dakitenek, egin beharrean, eduki egiten dutelako.

———

Toki hau itzultzaileentzat jarria da bereziki, eta ez dut hitzik esan haien lana erraztuko duenik. Hitz batez eta bere esanahiaz jardun dut eta ez hark izenda lezakeenaz, hots, errealitatearekin dituen gorabeherez. Egia jakiteak (“zer da?”) itzultzailearen, soziolinguistaren, politikoaren edo lege-jartzailearen lana nekeztu baizik ez du egiten maiz, zeren zehaztasuna, doitasuna eta holakoak (“zein dira eta zein ez dira?”) ez baitira eskuarki hizkuntza naturalaren berezko tasunak. Tranpa eta gexurra lagun hartzera kondenatuak zaudete… eta gaude.