Zenbaiten “euskalkikeriaz”

Paskual Rekalde Irigoien

Mende laurdena baino gehiago iragan da herria utzi nuenetik. Lehenik, unibertsitatera jo nuen eta gero hirira, lanera. Aski gogoan dut Gasteiza joan berritan bitxiak egiten zitzaizkiela ikaskide gipuzkoar eta bizkaitarrei (ez horrenbertze nafarrei) “behar dut egin”, “nahi dut joan”, “lauretan hogei”, “heldu naiz” (=banoa) edo “egiten ahal dut” modukoak eta zer erranik ez “azkar” (=indartsu), “fite”, “alta”… “Bertze” eta “erran” arruntagoak ziren edo entzunagoak, bederen. Egunak joan egunak etorri eta eginahalari esker, soinean generaman hitz egiteko modu hura aldatuz joan zen, erdialdeko mintzo “arrotz” hartara jo zuen, nolabait errateko.

Urte pare batez Gipuzkoan irakasle ari izan nintzen eta, han ere, lapurteraren eta nafarreraren arteko zubi-hizkera hura bitxi samar egiten zitzaien, arrotz ez errateagatik, irakasle gipuzkoar eta bizkaitarrei eta, zer erranik ez, euskaraz ikasi berria zutenei edo hobetzen ari zirenei. Ikasleekin, jakina, erdialdeko euskara-edo erabili beharra zegoen eta hartan entseatzen ginen.

Irakaskuntza utzi eta itzulpengintzan hasi nintzenean, sorterritik inguruko lankide gehiago ginenez, ez zen batere zaila gertatu etxeko euskara aberastu hura erabiltzea, ahoz behinik behin. Bertzerik zen testuetan erabiltzen genuena, hasmenta hartan zurrun samarra gerora “nafartzen” joan bazen ere. Bertze itzultzaile eta irakasle batzuekin batera Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiriko epaimahaian aritzea egokitu zitzaigun. Ahozko azterketetan berehala nabarmentzen zen nongoak ziren azterketariak eta batzuei ahoa ireki orduko, gainera. Herri hizkeran mintzo ziren leitzarrek, goizuetarrek, bortzerritarrek edo baztandarrek erraz samar pasatzen zuten ahozko proba, eskuarki zuzen mintzo zirelako. Gaur den egunean zorrotzago ibili ohi gara, batik bat euskalkia mintzatu nahi dutenekin, hau da, euskalkiaren izenean euskara batu “euskañoldu” kaxkar eta zabar bat egiten dutenekin, euskalkiko hitz solte batzuk gehituz.

Ezin ukatuzkoa da beti egin direla ahaleginak euskalkia idatzira ekartzeko, euskalkia nolabait “arautzeko”. Idatzian ere gero eta leku handiagoa hartzen hasi zen herri aldizkarietan, festa programetan, herri ekitaldietan… eta txarrena, maiz ahoskatu bezala idatziz. Adibidez, Baztan aldeko herri bateko festa programan agertu ohi diren “asteartia”, “ortzegune”, “ortzileria”, “launbeta”, “igendia” edo “iyendia” (aldi berean “astelehena” paratzen dutenean). “Izal” (= Idiazabal), “Pilereko Amaren ermite”, “Lekauz” (=Lekaroz)… ere antzekoak dira. Are mingarriagoa egiten da Sakanako herri bati buruz idatzita eta letra handitan ikusi dudan hau: “Eskerrik asko guai artekuangatik (herria) eta beste 700 urtetan beietz seittu izeten herri. (…) Beste 700 beyetz. Ginen, ga eta izenen ga.”

Egia errateko, ez dakit zer irabazten dugun “launbeta”, “iyendia”, “beyetz” edo “ga” idatziz, ez bada euskaraz ikasten edo hobetzen ari direnak nahastea. Gainera, iruditzen zait gainerako euskaldunengandik urruntzen garela, hor dugunean euskara batua eta inguruan sortutako “makineria” osoa (hiztegiak, eskuliburuak, atlasak…) eta gaur inolako arazorik ez dagoenean euskalkiko hitzak idatzira ekartzeko (ez dira guti Hiztegi Batuan daudenak).

Era berean, jakina da sare sozialetan anitz jendek ahoskatu bezala idazten duela. Norbera libre da hala idazteko, baina idazteko modu horrek bidea labur du (herriko lagunak, ingurukoak) eta ez luke balioko norberarena ez den hizkera batean ari diren lagunekin solasteko, demagun baztandar bat bizkaitar batekin edo zuberotar batekin. Ez dakit zer erdiesten dugun edo zertan aberasten dugun hizkuntza “itenalkoizu” (egiten ahalko duzu), “fan biu” (joan behar dugu) edo “eingo al deu” (egingo al degu) modukoak idatziz.

Ikusi eta ikasi

Ana Telletxea Koxkolin

—Ama, Peru ikusi det

—Ikusi dut! —amak erantzun azkarra tonu haserrekorraz.

—Ikusi dut… —alabak burumakur, akatsagatik goibel.

Berriki bizitu dut elkarrizketa hau Oiartzunen. Ama-alabak ari ziren, nigandik hurbil kasualitateak nahirik, eta ezin izan nuen oharmenak alarmari eragitea saihestu. 7 urte izanen zuen neskatila ttiki hark, eta ama gaztea zen zuzentzailea.

Bat-batean zuri gelditu nintzen, ezin sinetsiz. Burua jautsi eta zoruari begira gelditu nintzen ikusi eta entzundako eszena hura prozesatzeko. Egia zen.

Gehiegitan aditzen dut euskalduna berez eta sortzez filologoa dela; gehiegitan euskalki gehiegi dituela euskarak; eta halaber, gehiegitan euskara batua asmakuntza artifiziala dela; gehiegitan gure aitzineko belaunaldiek egiten zutela euskara garbia propio… Gehiegitan honelako hamaika baieztapen, eta denak nahasi zaizkit oraingoan burrunba gorrian.

Erdarakadak, kalkoak, egitura edota hitz okerrak zuzentzen ohituak gaude, baina honezkero, agidanez, familia edo lagunarteko esparruko euskarari formalitatea eskatzen hasiak gara, are haratago, alegia. Baliteke neure buruarekin egin dudan bataila ttikia baino ez izatea gogoeta hau. Segur naiz deus berri ez dudala ekarriko, beraz, gaiaz pentsatzeak eragin didan plaza-eletzat uler bedi gaurkoa.

Euskara vs euskalkia: binomio hau gai zaharra da. Honela, llaburki, euskara batua, batik bat idatzizkorako pentsatua, euskara da. Arau mota bat da funtsean, kode jakin bat erabilera zuzena zehazten duena. Hizkuntz estandarra izatea du lan nagusia. Euskalkia, berriz, euskararen hizkera berezia da, aurrekoaren “araua” urrun duena, baina ez inondik bere arerio.

Ikusi det bat zuzentzera ailegatu baldin bagara, zerbait ez gara ongi egiten ari. Izatez, gainera, esparrua zein den (familiartea) kontuan hartzen badugu. Ongi jokatzeko asmo onarekin maiz, kodeak noiz eta non erabili ez dugu garbi. Eskizofrenia gisako bat oraindik ere (edo orain bereziki) sumatzen dut maiz hiztunengan. Noski, sona kontua agerian da; herrikoitasuna edo modernotasuna erakutsi nahi den, kode bat edo beste hautatuko da. Hizketa moduen itzal hori pisua da. Norma soziala, ez da, beraz, hizkuntzaren dimentsioa huts-hutsean, beste faktore batzuk daude jokoan. Badirudi arauaren zama dugula bizkarrean, eta bide honetatik, hiztun idealaren bilaketan, erronka handiegi.

Bistan da kezka dugula, baina, nori dagokio honen gaineko aholkuak gizarteratzea? Ze erantzukizun edo ardura dugu hiztunok? Izan ere, denak gara (nolabait) hizkuntzaren irakasle; bai bederen, erakusle. Eta hortaz, hizkuntzaren ardura dugunok kezkatzea baino gehiago ez ote den behar duda naiz.

Nago halabeharrezko bizikide ditugun erdarek ez dituztela buru-hauste hauek sortzen haien hiztunengan. Askotan, eta hiztun komunitateei erreparatuta, susmoa dut ardura eta exijentzia maila hagitzez ere altuagoa dugula gurean, auzokoen aldean. Baina hori gure normalizazio egoera osagabeari zor zaio, ustez.

Koldo Mitxelenak (Altuna, P., 1972, Mitxelenaren Idazlan Hautatuak) honela zioen: “batasunak, edozein batasunek gero, galera berekin dakar, ez da hasi berrian behintzat amaren hizkuntza izango, esperanto-usaina itsatsiko zaio noraezean, ñabardura aberatsik gabe agertu beharko du jendartean”.

Euskara batuaren hastapeneko ekimenaz ari zen hura, jakina, baina beldur naiz ez ote den laster hori (bakarrik) izanen gailentzen ari den euskara, ez ote garen gehiegi galtzen ari. Iruñerriko (edo gisako inguruneko) ikasle euskaldunekin jardutea zer den dakienak ulertuko du zer den det bat zuzentzen entzutea gogorra gertatzea, eta horren haritik ere, zer den aldian-aldian sorterrira joateko beharra sentitzea, lausotzen dena berrikusteko eta berrikasteko.

Hizketa-komunitate bat osatu nahi ote dugun?

Julia Marin Arteaga

Ezer baino lehen, zorionak 31 eskutik proiektua diseinatu duzuenoi, eta eskerrik asko kezkak eta aurkikuntzak konpartitzeko aukera emateagatik. Egingo ahal dugu bide oparoa auzolanean!

Atsegin handiz irakurri dut Asier Larrinagaren urriaren 18ko hausnarketa interesgarria. Haren gonbitak gogorarazi dit Anjel Lertxundik 1999an Egunkarian plazaratu zuen artikulua: Jar gaitezen. Hona zati bat.

Honela laburbilduko nuke nik arazoaren muina: lehendabizi, eztabaidatzen ez diren bidean bideko hutsune eta arazo larriak. Segidan, eztabaida faltak eragozten dituen etorkizunerako proiektu garbiak. Eta horren guztiaren erdian —edo gainean, eguzkitik babesten gaituen baina eguzkia kentzen digun palio gisa—, euskararen inguruko sakralizazioak eraiki duen totemaren itzal luzea, akritizismoaren tabu-sistema osoa hedaturik euskalgintzaren bazter ezkutuetaraino.

Jar gaitezen, bada. Har dezagun larritasunik eta erresuminik gabeko jarrera eraginkorra eta, serio baina patxadaz, has gaitezen hausnarketan. Hitz egin dezagun ditugun kezkez eta nabarmentzen ditugun hutsuneez. Baita frustrazioez ere. Bidera ditzagun ilusioak, kemenak, proiekzioak, perspektibak. Har dezagun etorkizuna aztergai.

Nire aletxoa.

Gogora datorkit oraintxe Donostiako ikastola batean andereño dabilen ondarrutar bat. Mantso hitz egiten du, apal samar, buruan bailebilen etengabe, zuhur, hitz egokien bila. Ikusita nago haren metamorfosia tabernaz taberna genbiltzan batean amak telefonoz deitu zionean: arin-arin ez zen ba hasi berbetan. Hura etorria eta bizitasuna!

Ezagutzen dut euskaltegi irakasle mordoxka bat, herri txikietan sortutako euskaldun peto-petoak, beti euskara batu aseptiko uniforme bera ahoan dutela ibiltzen direnak Gasteiz aldean, berdin dio lagun-giroan dauden, edo irakasle batzar batean, edo eskola ematen ikasleei, edo txango batean.

Uda honetan, Idazkuntza tailer bat egiten jardun dugu, eta ikusita taldean bazirela bizkaitarrak, gipuzkoarrak eta nafarrak, saioetako batean proposatu nien txikitako pasadizo bat kontatzeko idatziz, baina nork bere euskalkiaren arrastoak utziz, eta erabakitzeko, testuari eman nahi zioten tonuaren arabera, nola komeni zitzaien idaztea, batuan euskalki-ukitutxo bat emanez, euskalki estandarrean edo maila informalago batean. Haiek izerdiak!

“Terapia” saio bat egiten amaitu genuen. Jabetu ziren ez zituztela bereizten batu-batua, batua ukitu jakin batekin, euskalki estandarra, tokian tokiko hizkera formalak eta informalak. Batzuk mindu eta dena egin ziren: etxeko hizkera etxerako da, eta etxekoekin egoteko, emozioen inplikazioa dagoenerako alegia, eta etxetik kanpo ibiltzeko, batua. Biluzik sentitzen omen dira etxeko hizkera Gasteiz hirian erabilita.

Bi adibide horiek ematen dute zer pentsatua… Orduan, zer da kontua? Etxetik kanpo inplikaziorik gabeko hizkuntza hotza erabiltzea eta etxe barrurako gordetzea bihotzetik ateratzen zaigun hizkera naturala eta samurra? Arima etxekoekin utzi beharra daukagu hizketa-komunitatea osatzeko? Ezin dira uztartu biak? Hortxe dago, nire ustez, gakoa.

Debate honetan sakontzeko gogoa daukanarentzat, bada artikulu eder bat, Leire Narbaiza Arizmendik plazaratua, 2012ko abuztuaren 30ean, Berria egunkarian, Euskalkia izenburua duena.

Eta goseak amorratzen dagoenak azaroaren lehen astean izango du aukera paregabea gogoetan segitzeko. Izan ere, gai hauxe hartu du ardaztzat Mintzolak aurtengo Ahoa Bete Hots jardunaldiak antolatzeko: Euskalkiak, batua eta erregistroa ahozko kultur sorkuntzan.