Mairuz jauntzi

Mikel Taberna Irazoki

Joan den astean, iratzargailuaren sei eta erdietako abisua ametsetan aditu, ohatzetik robot modura jaiki, erdi lo sukaldera joan, hango argia biztu hanka lauza hotzetan pausatu baino lehen, zer gerta ere (gure xakur xaharrak —15 urte bete berriak— kontu ezin dionean hor uzten baitu arrastoa), lasaitu lanbasa pasatu beharrik ez nuelakoz izanen, eta, beti bezala, Argiaren egutegiari orria kendu nion: “Azaroak 19, asteazkena; santuak; izendegia; eguzkia; itsasgora eta itsasbehera”. Atzealdean, AEKren bandoa: “Mozorrotu aditza. Hainbat modu dago beste itxura bat hartzeko geure buruari egiten diogun aldaketa adierazteko. Hedatuenak, ziurrenik, ‘sorginez’ eta ‘sorgin mozorrotu’ izango dira, baina ondoko hauek ere zuzenak dira: ‘Eneko sorgin jantzita / sorgin mozorroan / sorgin arropetan / sorgin-jantzia soinean / sorgin-jantzian etorri da’. Aukera, beraz, mozorroena bezain handi eta zabala!”

Honekin ere badiagu polemika, bada! —neure artean.

Oroitu nintzen joan den urteko ilbeltzean Ana Telletxeak gure blog honetan berean idatzi zuen testuaz (orain arteko azkena; agian ere bertze batzuk ekarriko dizkigu hemendik aitzinera), “Baserritarrez” izenburuko hartaz.

Sarreraren helburua bertzelakoa izanagatik, hari eginiko iruzkinetan eztabaida sortu zen; “-z jantzi” egitura egokia ote zen aipatzen zen kasu hartan: baserritarrez jantzi <> baserritar jantzi.

Egia erran, ez zen auzi hori Interneten plazara ateratzen zen lehenbiziko aldia gisa honetako gaien inguruan iritzi-trukean hasi ginenetik. Lehenago ere irakurriak genituen, Itzulist-Itzulen (Kaleko/Kalez/kale jantzita, 2011-12an) edo erabili.com-en (Mozorrotu, 2004an), konparazio batera.

Laburbilduz, aditzera eman nahi den horretarako gaur egun gehienbat bi bide erabiltzen direla ikusirik (“Hartzaz jantzitako mutil bat…”, Mariano Izetak 1983ko Príncipe de Viana aldizkarian; “Aberats aspertu bat kalera irten da eskale jantzita…”, Anjel Lertxundik 2006ko Ihes betea eleberrian), bietako bat hobetsi (eta bertzea baztertu) behar ote litzatekeen zen eta da kontua.

Alde batekoek eta bertzekoek erabilitako argudioak irakurrita, iduri du gailentzen dela -0 jantzi (“eskale jantzi”) egitura babesten dutenen iritzia, tradizio idatzian eta ahozkoan, nonbait, nagusi delakoz, baina praktikak erakusten du gaur egun hiztun eta idazle/itzultzaile anitzek “-z jantzi” (“hartzaz/hartzez jantzi”) forma (ere) baliatzen dutela.

Interes bereziarekin segitu ditut gai honen inguruko goiti-beheitiak, arrazoi zehatz batengatik. Inauteri garaian gure etxeko zaharrek aldiro ea “mairoz (mairuz) jauntzi” behar ote genuen galdetzen ziguten. Gure etxean mozorrotzea “mairoz/mairuz” jaunztea zen, nahiz eta sekula txilaba txar bat ikusia ez izan; mairuz jaunzteko, mozorrotzeko, etxeko trapu zaharrak erabiltzen ziren, edozein.

Egitura horri buruzko iritzi diferenteen berri izan nuelarik, neure buruari galdeka hasi nintzen, gurasoek erakutsi ziguten “-z” hori gauza berria ote zen (lehen “mairu” zena gerora “mairuz” bihurtu?) edo toki jakin batekoa bertzerik ez (esparru arrunt txikikoa). Bertze inon erabiltzen ote zen? Euskararen Herri Hizkeren Atlasean ere sartu naiz, bildua ote zegoen (hiztegietan ez), baina ez dut aurkitu; ez dituzte oraindik galdera horri dagozkionak sartu, duikabe.

Gure etxeko edo herriko partikularitatea alde batera utzirik (nire zalantzak argitu gabe), aitzin horretan ustekabea hartu nuen Euskaltzaindiak kaleratu zuen oharrarekin. Aurtengo irailaren 25eko Plazaberri aldizkarian berri hau heldu zen (hitzez hitz ekarriko dut honat):

“Jagoneteko datu-baseak 84 galde-erantzun berri ditu eta hainbat galde-erantzun eraberritu: besteak beste, mozorrotu eta Areatza sarrerak.

Azkeneko horiek biek lehendik argitaratutako erantzunen aldaketa nabarmena dakartenez, hona hemen nola ageri diren orain:

  1. -z mozorrotu egitura ontzat emana: itsaslapurrez mozorrotu, indioz mozorrotu

Orotariko Euskal Hiztegiko datuak ikusita, gaur egunera arte, ez da aurkitu –z mozorrotu egituraren lekukotasunik batere euskarazko tradizio idatzian, eta horregatik hobetsi zuen Gramatika batzordeak -0 mozorrotu egitura 1997an.

Gramatika batzordearen ustez, -z mozorrotu bezalakoak berri samarrak dira, eta euskarak horren ordez beste egitura batzuk erabili izan ditu: hala nola, indio jantzita, indio jantzian, indio mozorroan, indio arropetan (Iparraldean) eta abar. Mozorrotu aditza erabili izan da literaturan, baina esango genuke bakarrik agertzen dela gehienetan: mozorrotuta joan zen kalera.

Egia da gaur eguneko erabileran asko ugaldu dela –z mozorrotu egitura; Ereduzko Prosa Gaur corpuseko datuetara baldin bagatoz, nabarmena da ugaltze hori. Euskaltzaindiaren Hiztegia, adierak eta adibideak osatzeko, lehenagoko tradizioko datuak (OEH) eta gaur egungoak (EPG) erabili dira, eta, horregatik, indioz mozorrotu egitura ere ontzat eman du Euskaltzaindiak”[i].

(…)

Ez dakit Euskaltzaindiaren adierazpen horrek zer ondorio ekarriko duen: jendea arras lerratuko ote den lehendik ere dezente zabaldua zegoen eta orain Akademiak berak babestu duen egitura zenbaiten iritziz berriagoaren alde edo bi bideetatik ibiliko ote garen. Beharbada erabakiko dugu, intentzio osoz edo oharkabean, kasu batzuetarako egokia dela aukera bat, baina bertze kasu batzuetarako egokiagoa edo ia nahitaezkoa dela bertzea; akaso proposamen zehatzagoren bat iritsiko da, adostasun zabala lortuko duena.

Honaino idatzitakoak horrelatsu erran nahi bainituen, hilabete honetako nire gogorazio kaxkarrei amaierako puntua gehitu, eta ordenagailua itzali dut. Ohatzera joateko tenorea da. Lokartu aitzinetik, irakurtzen ari naizen liburua hartu (Danele Sarriugarte-Erraiak, 2014), eta atzo utzi nuen tokian hasi naiz leitzen (51. or.): “…Y-k aurpegi ikaragarri ederra du… inkontzienteki gogorarazten baitizu pantailetan emakume moderno liberatuz mozorrotutako printzesa babesgabea salbatzen duen gizon ez-matxistaz mozorrotutako printze urdina…”

[i] Badaezpada ere: oharrak –z mozorrotu egitura aipatzen du, Jagoneteko galdera “mozorrotu” aditzari buruz zelakoz; erantzunak –z jantzi lokuzioarentzat ere balio duela ulertzen dut nik.

7 Replies to “Mairuz jauntzi”

  1. Oso-oso aproposa Danele Sarriugarteren adibide hori, amaierakoa.
    -0 mozorrotu egitura horrek nire ustez kontra duen beste argudio bat da dagokion galdera ez dela batere esplizitua edo argia: “Zer mozorrotuta etorri zen?/Zer etorri zen mozorrotuta?”.

    1. Sekula entzun bakoa naiz “Zer mozorrotuta etorri zen?/Zer etorri zen mozorrotuta?” egitura; bai ordea “Zelan/nola mozorrotu zen?”.
      Bide batez, -0 jantzi eta -z jantzi egiturak koloreekin erabiltzea tokatu zaidanean hor ibili izan naiz zalantzan, “Beltz jantzita etorri ziren / Beltzez jantzita etorri ziren”, zirt ala zart egin, bietan zein ote egokiena. Enterrario baten harira, iaz garaitsu honetan, Eskoriatzako Bolibarko baserritar xahar baten ahotik jakin nuen zirt eta zarten artean zert ere badagoela: “Familixako danak BALTZIK etorri ziren”.

  2. Kezka filologikoaz baino begirada antropologikoarekin heldu izan diot soka horri azken urteotan, eta “Mozorrotzea ez da disfrazatzea” hitzaldiarekin hara eta hona nabil urteotan. Errieta ere entzun behar izan dut horregatik Ibon Sarasolaren ahotik (entzun 46:00tik aurrera http://www.eitb.eus/eu/audioak/osoa/1247408/mezularia-20130204-12/ ). Hitzaldia ez du entzun Sarasolak, ez daki zertarako baliatu dudan aurkaketa hori, baina argi du oker nabilela.

    Hitzaldietan aitortzen dut hiztegiek ez dituztela bereizten ‘mozorrotzea’ eta ‘disfrazatzea’, baina hitzaldian bakoitzari esanahi bat emango diodala, mozorrotzeko daude bi molde nagusi bisualizatzen lagunduko digulakoan.

    Tradizioan nagusi izan den ereduan “-z mozorrotu” egiturak ez du erabilerarik izan. Hori hizkuntzalaritzatik azaldu ahal izango da, baina nik antropologiatik ere azaldu daitekeela uste dut. Izan ere, mozorrotzea transformazio bat izan da, zaren hori izateari utzi eta beste zerbait izatera pasatzea. Mozorrotzeko akzioan ‘zertaz’ galderak ez du zentzurik izan. Pertsona zena mozorro bihurtu da, ez da ‘Mikel mozorroz jantzita”, ez, lehen Mikel zen, orain mozorroa da.

    Bigarren eredua izendatzeko erabiltzen dut “disfrazatzea” hitza, Sarasolari gustatu ez zaiona, baina hizkuntzalariaren eragozpenak gora-behera, oso ondo funtzionatzen duena bigarren eredua ulertzeko: ‘Mikel indioz disfrazatu da’. Mikel da, ez dio Mikel izateari utzi, orain indio jantzita dago, baina Mikel da. Alegia, horri disfrazatzea deitzen diot, eta ‘disfrazatzea’ hitza euskarazko tradizioan berria denez, “-z disfrazatzea” egiturarekin ez dugu onartzeko arazorik. Beraz, nire hitzaldiaren mikromunduan:
    – ‘indioz janztea’ > disfrazatzea
    – ‘mairu, koko edo txantxo janztea’ > mozorrotzea

  3. Egiturak gorabehera, ez da oso kuriosoa bere testuan “-z X” egitura itxuran inolako pretentsio gaiztorik gabe erabili duen bati hain modu zakarrean erantzutea egituraren txarraz.

  4. “Hondarribiko eta Irungo euskara” liburutik (94. or.):
    – maiduz jantzi “mozorrotu”
    – maidu ezaguna (esapidea)

    1. Eskerrik asko, Xabier, informazioagatik. Bistan da: Bidasoa ez da Endarlatsako zubian amaitzen, eta ezker-eskuin Txingudira bitarteko bizilagunek (urrunago ez bada: Pasaiarainokoek, Donibane Lohizunerainokoek) elkarren berri izan dute mendeetan zehar. Lexikoan eta zenbait forma berezitan ageri da harreman hori.

      1. Gure etxean “mairuz jantzi” esaten zitzaion inauterietan etxeko arropa zaharrak hartu eta nolabaitere jantzitzeari, itxura aldatzeari. Normalean aurpegia galtzeta batekin-edo tapatuta.

        Eta “mairua ezaguna” esaten zen arropa zaharrez jantzi eta aurpegia tapatuta ere, azpian zein zen ezagutzen zenean.

        “Mairuak” ziren “inatuerietan disfrazatuta” zagoztenak.

        Gaur egun, hala ere, erabilera horiek denak galdu xamarrak dagoztela iduritzen zait.

        Gurasoakeri ikasia (20ko hamarkadakoak ziren).

        Marga (Hondarribia)

Utzi iruzkina