Magisteritzako tituludunentzako oposaketen datak ikusi ditut Delegaritzan

Alfontso Mujika Etxeberria

Inon ahalegina egin bada euskara normalizatzeko, euskara lan-hizkuntza izateko, irakaskuntzan egin da. Duela 25-30 urteko egoerari erreparatzea besterik ez dago: makina bat irakasle erdaldun euskaldundu dira, eta makina bat irakasle euskaldun (zahar eta berri) euskaraz irakasteko trebatu dira maila guztietan, eskolaurretik unibertsitateraino. Ikasmaterialen arloan ere, beste hainbeste. Erreparatu, bestela, orain 25 bat urteko eskola-liburuei: argi dago hizkuntzaren estandarizazioak bide oparoa egin duela bitarte horretan.

Eta Hezkuntza Administrazioa bera ere, beste arlo batzuetako administrazioen aldean, euskaldunena dugu, batez ere EAEn. Badira 20 bat urte —Etxenike hezkuntza-sailburua zela— hasi zirela agertzen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian honelako oharrak Hezkuntza Sailaren agindu, ebazpen eta gisakoetan: “Agindu honetako euskal eta erdal idazkien artean interpretazio-auzirik sortuz gero, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik euskarazkoa hartuko da korapiloa askatzeko gidari”.

Hezkuntza-administrazioa euskaldunena izanik, maisu-maistra gehienak euskaldunak izanik eta ohiko lan-hizkuntza euskara izanik, maisu-maistren kolektiboak egina du bere jargoia, bere “teknolektotxoa”: irakasle gehienek magisteritza-eskola (eta ez  irakasle-eskola —edo magisterio-eskola behintzat—), oposaketa (eta ez oposizioa) eta delegaritza (Hezkuntza Sailaren lurralde-ordezkaritza adierazteko) hitzak erabiltzen dituzte. Begiratu, bestela, Google lagun hartuta: sindikatuen testuetan ageri dira hitz horiek behin eta berriro, hau da, benetako hizkuntza da, arlo horretako profesionalen artean erabiltzen diren benetako hitzak dira.

Hitz horiek baliatzen dituen maisu edo maistrari azaltzen badiozu magisteritza eta delegaritza hibrido gaiztoak direla (magisteri eta delegari ez baitira existitzen), testu ofizialetan ez direla erabiltzen eta Hiztegi Batuak berariaz baztertzen dituela, eta oposaketa hitza ere ez dugula behar (Hiztegi Batuak oposizio dakar, eta oposatu ez da sarrera), gehienetan ez dizute kontra egiten, ulertu egiten dute, baina…

Azkenik, EHUren webgune ofizialean eta Euskaltzaindiaren Plazaberri aldizkarian ere Magisteritza irakurtzen duzunean, zalantza pizten zaizu barren-barrenean —nekeza baita, oso, lasterrari atergabe kontra egitea—, eta erlaxatzeko gogo goxo batek biltzen zaitu, belarrira xuxurlaka: “Eta zer? Gaitz erdi hori balitz maisu-maistren —eta gainerakoon— hizkuntza-gaitz bakarra, ezta?”.