Hiritar hirigabeak

Iratxe Goikoetxea Langarika

Lehengoan, Melillako hesiari buruzko berri batean, hauxe entzun nuen gaztelaniazko albistegi batean: “unos cien ciudadanos han conseguido saltar la valla”.

Ziurrenik askok lekuz kanpo ikusiko duzue ciudadanos hori inongo eskubideen jabe ez direnak aipatzeko. Eta euskaraz? Ba euskaraz ere gertatzen dira antzeko lerradurak.

Gizataldeak orokorrean aipatzeko, hiru-lau berba erabiltzen dira nagusiki hedabideetan: herritar, hiritar, bizilagun eta biztanle. Baina ez dira zeharo sinonimoak; bakoitzak bere erabileremua eta ñabardurak ditu.

  • herritar: komunitate edo estatu bateko kidea, batez ere eremu soziopolitikoan (herritarren eskubideak, borondatea, iritzia…).

  • hiritar: hiriko biztanlea. [Zalantzazkoa estatu bateko kideak aipatzeko, alboko hizkuntzek citoyen, ciudadano badarabilte ere.]

  • biztanle: soziologiaren eremuan, biztanleriaren gorabeheretarako erabiltzen da, bai eta “bizi izate” kontzeptuari lotuta ere. [Zalantzazkoa eremu politikoan.]

  • bizilagun: herri, auzo, eskailera edo etxe berean bizi direnak.

Hitzok nongo kontzeptuari lotuta daude beti: nongo herritarrak, nongo biztanleak, etab.

Gentilizioetan, berriz, hitzak berak ematen du erreferente geografikoa: Parisko hiritarra = paristarra; Usurbilgo biztanlea = usurbildarra; Goierriko biztanlea = goierritarra. Baliabide “ekonomikoagoa” da, eta, batzuetan, egokiagoa.

Kontua ez da berbotako bata ere baztertzea, zein non erabili jakitea baino. Hona adibide batzuk, esandakoaren argigarri:

  • Milaka lagunek azken agurra eman diote Luciano Pavarottiri. Hil kapera ireki dutenetik etengabea izan da bizilagunen joan-etorria.

HOBETO: (…) etengabea izan da modenatarren joan-etorria.

  • 1.800.000 biztanlek dute boto eskubidea urriaren 21ean.

HOBETO: 1.800.000 herritarrek dute boto eskubidea urriaren 21ean.

  • Gaurtik aurrera, Boliviatik Europara datozen herritarrek bisa berezia beharko dute.

HOBETO: Gaurtik aurrera, Europara datozen boliviarrek (…)

  • Inkestaren arabera, biztanleen hirutik bi oso kezkatuta daude krisiagatik.

HOBETO: Inkestaren arabera, EAEko biztanleen hirutik bi oso kezkatuta daude krisiagatik.

  • Uholdeak izandako Erriberako herrietan, herritarrak etxeak garbitzen hasi dira.

NORMALAGOA: Jendea etxeak garbitzen hasi da.

One Reply to “”

  1. Oroarikoan bada beste berba bat, beharbada eremu dialektalekoa izateagatik Euskaltzaindiaren Hiztegian jaso ez dutena, biztanleren balio berekoa. Beharbada merezi du Orotarikoan jasotako adibideak jasotzea:

    bizitzaile.

    2. bizizale (BN-arb, S), bizitzale (DBPT). Ref.: A (bizizale); Lrq (bizizale); Gte Erd 147, 256. Habitante, vecino. “Qui vit” Lrq. “Herriko bizizaliak kontent dira (S)” Gte Erd 147. v. biztanle. Eskiulako bizizalek. Mercy 11. Hanbat parropiako bizizalen komoditatiagatik. Ib. 11. Nimiñoa da bizkitartean, [Tolosa] bere hamabortz eta hogoi mila bizizaleekin. JE Ber 44s. Jada berrogoita hamar bat bizitzale bazen etxe hartan. Zerb Bahnar 67. XVIII-garren mendearen lehen erdian, kasik 8.000.000 bizitzaile baziren izaroan. Mde Pr 236. Goidelek berek aitortzen zutela ez zirela herriko lehen egoile edo bizizaleak. Ib. 223. Negian Ahüzkik xokho xarrak izan behar dü: bizizaliak galtzen die kabala, hürtazala eta ostalerrak. GAlm 1957, 58 (ap. DRA). [Kongoko] bizizaleer elhe eder butillatzen die, funtsian horien huntarzünen eskialatzeko. Herr 22-9-1960, 3. Borogatzen hastera nük / herri dela berhezia, / Bizizaliek nahi diela / egin beren izatia. Casve SGrazi 54.

    Eskertzekoa eta lagungarria da hitz bakoitzaren eremu semantikoak horrela argitzea.

    Eskerrik asko.

Utzi iruzkina