Mediterraneoa aurkitu eta han surfeatu

Oskar Arana Ibabe

Surfeatzera bidali omen zituen lehengo batean itzal handiko norbaitek garbizaleak, eta, nik, itzultzaile, txakurraren salara edo antzarrak perratzera edo pikutara bidaltzeko erabilitako eufemismoa izan ote zen, neure artean. Hobeto, bai, surfeatzen, txakurraren salan edo antzarak perratzen baino.

Badira hainbat urte atlantiar Arabatik mediterranear Arabara etorri nintzela lanera eta bizitzera ─surfeatzera, esan dezagun, itzal handiko hark bezala, ez inork behartuta edo kondenatuta, bizimoduak ekarrita baizik─ (edo Euskal Herri berdetik Euskal Herri horira, hala nahi izanez gero). Eta garaitsu hartan jakin nuen bazirela gure euskararen mediterranear ahaidearen hainbat eta hainbat aztarna Gasteizen, lekuen eta auzoen izenetan, lehenengo, eta hamaseigarren mendeko italiar batek Gasteizko berri-emaileak erabiliz (antza) egindako hiztegian, geroago.

Gurean ─Aramaion, kalean (ez baserrian), umea nintzela, diktadorea hil berritan─, euskara higatzen hasia zegoen, etxeko sutondoan bertan ere bai. Aita-amek ez zuten ezagutzen zaldia izena (caballue, esaten zuten, bai aitak, kaletarren familiakoa izanik, bai amak, baserritarren familiakoa izanik), ezta bilera (reunixue), erratza (eskobie), leihoa (bentanie), aulkia (sillie), edo gabiraia (kabellerie) ere; horietako batzuk, bilera eta zaldia, esate baterako, geroago ikasi zituzten, ez euren etxeko edo gurasoen euskaratik, seme-alabek ikastolatik ekarrita baizik, edo handik urte batzuetara euskaraz ikasi zuten telebistan eta irratian entzunik.

Bitxia da zein arrotza eta erdalduna iruditzen zitzaidan Gasteiz umea nintzela, medikuarenera edo erosketak egitera etortzen ginenean. Baina gure hiruburua zen Bittoixa, Debagoiendar askorena bezala. Bittoixa erdalduna zen. Bertan bizi ziren senitartekoak ere aspaldi erdaldunduak ziren. Harako bidean aitak beldurtu egiten gintuen, esanez ezen autobidetik ez hain urruti, galsoroetan barrena, Gao Lacho Drom izeneko herri bat zegoela eta han ijitoak bizi zirela. Handik urteetara, hona bizitzera etorrita, ohartu nintzen euskalduna izana zela Gasteiz noizbait, auzoen izenetatik: Zaramaga, Errekaleor, Judimendi, Zumakera, Lakua

Landuchioren hiztegian ere oso higaturik ageri da euskara. Baina gure mediterranear euskara da, Aramaiokoaren oso antzekoa. Eta erdarazko jatorria duten hitz askorekin batera, badira ezagutzea merezi duten hitz, aldaera, adiera, esapide eta itzulinguru asko ere euskararen iturrikoak, haietako batzuk hilak, baita Araba berdeko euskaran ere. Badira orduko hiri-euskararen arrasto asko ere, ziudadeko bizimodua sasoi hartan nolakoa zen irudikatzen lagundu ahal digutenak. Hitzaurre polita egin zion Mitxelenak 1958an, Gipuzkoako Foru Aldundiak egin zuen argitalpenean, fonetikaz eta filologiaz dexente jakin behar den arren osorik eta xehetasun guztiekin ulertzeko.

Han ageri dira gaizki erdia (abortado), besaka egin (abrazar), argiketan du eguna (aclarar el día), etzin (acostarse), belatza (azor), gobernazioa (administrazioa), administradorea (administrador), alkate txikirra (alcalde menor), eskunarrua (guante), gabiraia (gavilán), zamarginan kalea (pellejería), zapatari kalea (zapatería)…

Ez dugu idazten kalean euskaldunen ahotan sarriegi entzuten dugun euskararen eta erdararen arteko mordoiloa, ezta itzultzen dugunean ere. Denok gara apur bat garbizaleak, alde horretatik. A… eta dilistak jaten zituzten gasteiztarrek, guk gero ikastolaren bidez geureganatutako latindar maileguzko izena daramaten egoskari goxo horiexek.

3 Replies to “Mediterraneoa aurkitu eta han surfeatu”

  1. Eta obramenduak “pribadean” edo “kakatorioan” egiten zituzten gasteiztarrek, ez “komunean” (hizkuntza kontuak aparte utzita, horretan garbizale petoak, bai horixe.)

    Zorionez, Landuchioz landa gero eta gehiago dira agertzen ari diren mediterranear euskararen testigantzak: Lazarraga (Larrea), Albeniz (Araia), Gamiz (Sabando), Betolatza eta abar.

  2. ‘Kaballo’ berba aipatu duzue bai zuk bai Idurrek (“Arrain jendea bizitzeko”-ri erantzunez), batak Aramaion erabilitako erderakaden adibidetzat, eta besteak mutrikuarrek ganadu kontuetan ei duten zehaztasun faltaren adibidetzat. Batzuetan, baina, gerta liteke erderakaden atzean uste baino zehaztasun handiagoa egotea (edo berba orokorragoen beharrizana izatea). Orain urte batzuk, nire semetxoagaz nindoala, andre baserritar bat ikusi genuen zamari belarrimotz batekin. “Zer, kaballuen ibilli guruzu?”, itaundu zion mutikoari. Eta nik, animatzearren: “Igo guruzu zaldi gainera?”. Nik ez dut kaballorik esaten, eta zuzentzeko asmo barik bota nuen zaldiarena. Nik ez, baina berak bai zuzendu zuen nirea: “Zaldije ez, bihorra da”. Otxandion izan zen hori, Aramaiotik urrun barik.
    Antzera gertatzen da bentana / leihoa bikotearekin ere. Bizkaiko leku batzuetan behinik behin berba biak ezagutzen dituzte, baina leihoak oso eremu zehatza dauka, eta bentana erabiltzen da generikorako.

    1. Durango inguruko adinekoendako gauza bi dira “kaballue” eta “zaldilje”, “torue” eta “zezena”.

      Zaldia da behorra estaltzen duena, eta zezena behia estaltzen duena. Baina “kaballo ganien ibili”, “kaballerue” esango dute. Eta “toroplazie”, zezen-plaza esateko.

      Beste bat: animaliak “arrak eta emiek” dira, baina sein jaio berri baten sexuaz galdetuz gero “enbrie da” erantzungo dute. Andrazkoen gainean zantarto berba egiteko ere, “enbra” erabiliko dute: “hori dok hori enbrie!”. Putetxea jarri dutela esateko, “enbrak ekarri dabez”.

      Adieraren arabera, beraz.

Utzi iruzkina